Alardeko ikusleak
Edo alardeak, hobeto esan. Alarde tradizional baztertzaileaz ez dut ezer esango, ez dute-eta berba erdirik merezi. Gaur aterki beltzen atzean daudenen gainean hitz egin nahi dut, egiten duten erridikuluaz. Euren ustez, besteok ez dugu eskubiderik iritzirik emateko, festa ez dugulako sentitzen. Eta? Isildu egingo gaituzte? Ezta gutxiagorik ere! Falta zena!
Askok eta askok begiratzen diogu Hondarribiari irailaren zortzian, nahiz eta gure herrietan jai ondo ederrak izan (Arrateko zelaiko bai floridadea!). Baina zeri? Bada, zer tontakeria asmatuko duten alarde baztertzailearen aldeko ikusleek. Denetatik ikusi dugu: Disneyren karetak (Disney!), plastiko beltza, guardasol beltzak...Aurten, iaz bezala, euritako beltzak erabili dituzte, inguruetako bazar txinatarretakoak pozarren daude! Atzo, dena den, guardasolek gurutze zuri bat zeukaten, letra batzuekin: Alarde tradizionala. Behean bideotxo bat:
Jakingo balute zein barregarri geratzen diren urtero! Eurek uste dute duintasunez jokatzen dutela eta guri lotsa baino ez digute ematen! Euritakoen atzean, ezkutatuta, kiribilduta, bizkarra emanez, ostrukarena eginez: A, ikusten ez badugu ez da gertatu! Tontoaga izan liteke jarrera? Belarrietan, baina jartzen dute guardasolik? Nik kokteletan jartzen diren sonbrillatxoak jartzea gomendatuko nieke, entzun ez ditzaten txilibituan, total irrigarri geratzeko munduaren aurrean falta zaien bakarra. Eta badakigu euskaldunondako ez dagoela barregarri edo lotsagarri gelditzea baino gauza txarragorik. Erridikulua egitea bekaturik larriena delako.
Gainera, iraintzen eta txistuak jotzen jarraitzen dute. Baina ez dute konturatu nahi partida galduta dutela, gero eta jende gehiago dagoela alarde parekidearen alde, eta eurak zitzak jandako antzinako errelikiak baino ez direla izango. Segituko diete Eskopetera deitzen, munduko irainik handiena balitz bezala. Badakizue, horren barruan betiko puta dago, irain originalena emakume bati botatzeko. Betikoa, eurak bezalakoa! Tradizionala.
Badaezpada, Jaizkibel konpainiak jarraitu beharko du desfilatzen uda honetan gehien jo duen taldeak babestuta; Ertzainak, hain zuzen ere (barkatu txantxa). Badaezpada. Biolentoak edonon daude :-)
Zer esan hemendik? Eskopetera izatea ez dela txarra, hobe hori euritako baten atzean egotea baino. Horregatik, animo neskak eta animo babesten dituzten gizonezkoak. Laster lortuko duzue zuen heburua! Gu ere ikusten zaituztegunean eskopetera sentitzen gara-eta