Akordatzen
Hamazazpi urterekin "Ni ez naiz hemengoa" irakurri nuenetik, Joseba Sarrionandiaren fana naiz.Orduan sasoian irakurketa berriak egiten hasita nengoen, eta kartzelako eguneroko sui generis hark kontatzeko beste modu bat erakutsi zidan. Eta, kontizu, Sarrik orduan ez zeukan gaur egun daukan fama, ezta gaur egun bere egoerak sotutako aura hori ere. Jakina, uda horretan egin zuen-eta ihes Martutenetik!
Sarrionandiarekin ikasi nituen sinonimoak eta hizkuntzarekin olgetan ibiltzea zer zen. Asko kostetzen zitzaidan ulertzea, nire euskara maila kaskarra zelako. Hala ere, bere idatziek niri zerbait ematen zidaten, magia berezia zeukate, eta bere liburu guztiak erosi eta iretsi egiten nituen. "Lagun izoztua" agertu zen arte, liburu horrek beldur puntu bat ematen zidan, ez dakit, defraudatu egingo ninduela uste nuen. Luzaroa izan nuen ez irakurrien apalean, baina azkenean animatu nintzenean ikaragarri gustatu zitzaidan.
"Akordatzen" agertu zenean, haseretu egin nintzen. Durangoko azokarako atera zuten eta tamaina eta prezioa ikusi nuenean, denetarik esan nuen. Uste nuen adar jotzea izan zela, Sarrik asko saltzen duenez, negozioa egiteko amarru hutsa. Egia esan, "Kolosala izango da" liburuaren tamaina (ipuin luzea) ikusita, eta ostean "Akordatzen", bazirudien gu engainatzeko eginda zegoela, dirua egiteko. Hainbesteko amorrua eman zidan, non ez nuen erosi, ezta irakurri ere.
Baina lehengo batean, irakurtzen niharduen liburua amaitzear neukan; hau da, itzultzeko trenean ezer barik geratuko nintzela. Orduan, apaletik hartu egin nuen, buelta atseginagoa egiteko.
Eibar-Durango-Eibar -nire lehenengo nobelari izen hau jarriko diot :-)- bidaiak ez dira oso luzeak, liburua ere ez. Lehengo aiputik harrapatu ninduen; izan ere liburua paragrafo txikiz, aipuz osatuta dago. Ia denetan "akordatzen naiz" esaten du, edo oroitu, edo gogoratu, .....baina gehienetan "akordazten naiz".
Bizitzako xehetasun txikiekin akordazten da, gauzak, pasadizoak. Nostalgia eta oroimena. Eta ni trenean, altuan irakurtzeko gogoz. Itzela. Oraintxe bertan ere, liburua eskua artean hartu eta edozein pasarte leitzen badut, altuan egiteko gogoa etortzen zait. Pentsatzen nabil grabatzeko modukoa dela, eta gogo ikaragarria daukat hori egiteko. altuan irakurri, eta disfrutatu. Taldean eginez gero hobeto. Beharbada, nire eibar.org-ko GPS kideei komentatzeko moduko kontua izan liteke....
Liburura itzuliz, esan behar dut, hizkera arrunta darabilela, laua. Baina era berean oso-oso poetikoa, pedantea izanez gero, iradokitzailea esango nuke. Nostagikoa delako, agian, bihotzekoa eta txikikerietan zentratutakoa, eta azken finean bizitza hori delako, gure historia pertsonala hori baino ez delako: gauza txikiak, gomuta apurrak buruan.
Ni liluratu egin nau liburutxoak, joiatxo bat dela uste dut, noizean behi zatitxoak irakurtzeko, eta disfrutatzeko. Formatua ere asko gustatu zait, koaderno itxura horrekin, erlojuak nonahi. Ez nuen uste 2004an irten zuenean hau esango nuenik: kostatzen duena, balio du.
Guztiz gomendagarria, intimismoa gustatuz gero, behintzat! Ia grabatzen dugun!