Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zorionak, gizonok!

Zorionak, gizonok!

Leire Narbaiza 2007/03/08 17:33

Ez, ez naiz zoratu, badakit gaur martxoak zortzi dela. Ordu betean egon naiz irratia entzuten eta kokoteraino amaitu dut zorionekin. Ez dira konturatu gaur ez dela zoriontzeko egun bat, gaur errebindikazio eta hausnartze eguna da; nondik gatozen eta nora goazen pentsatzeko eguna; zenbat gauza on lortu, eta zenbat gauza galdu diren bidean; zertan okertu garen, eta zer egin dugun zuzen. Eta batez ere, hemen gaudela eta hemen jarraitzen dugula: lanean eta borrokan berdintasunaren alde.

Beharbada zorionak emanez banalizatu egin nahi dute egun hau, ospakizun hutsean laga, zentzuz hustu, eta komertziorako eta ostalaritzarako negozioa bihurtu. Emakumeen eguna, egin oparitxo bat! Munduko andreok, elkartu eta afari bat egin! Eta kito, amaitu zaizue martxoaren zortzia! Agian, ez kontzienteki, baina horrelako bidea hartzen ari dela iruditzen zait.

Ez dut esaten nik ospatu ez dudanik, ezta egun hau berezia ez denik ere. Esan nahi dut, askotan zorion emate horretan amaitzen dela gaurko guztia, eta maiteminduen eguna, aitaren eguna eta beste hainbat egunen moduan amai dezakeela. Horregatik, ez dugu ahaztu behar zer den, eta zertarako markatu zen morez egun hau egutegian.

Hori dela eta, proposamen berri bat dakart: gizonak zoriontzea. Bai, badakit, gure eguna da, eta gizonezkoei tarta zatitxo bat ematea? Bati baino gehiagori ez zaio gustatuko nire proposamena, baina pazientzia hartu eta amaierara arte irakurri. Amaitutakoan, nahi duzuen iruzkin, kritika eta abar egin nik beso zabalik hartuko ditut-eta.

Zorionak gizonok, gaurtik aurrera bizitza berria izateko aukera duzuelako. Zorionak, gaurtik hasita mundua alda zenezaketelako. Zorionak, gaur zuen bizitzen lehenengo eguna izan litekeelako. Zorionak, nahi izanez gero, honek zuen gizontasuna agerian utziko duelako.

Hemendik aurrera zuen inguruko emakumeei gehiago eta hobeto entzungo diezue; badakit zaila dena eta ikerketek diotela, andrazko ahotsek deskonektarazten zaituztela. Lasai, pazientziarekin dena lor daiteke. Hobeto entzunez gero, ikusiko duzue zenbat gauza interesgarri deskubrituko duzuen.

Enpatia pixka bat izan; hau da, zuen emazte, ama eta lankide emakumezkoen ardurei erreparatu; beharbada, zuek gehiago konprenituko dituzue euren lekuan jartzen bazarete. Agian, deskubrituko duzue etxeko intendentzia lanak zein gogorrak diren, eta garbigailuak botoi eta programa pilo bat dauzkala, telebistak beste, ia-ia.

Publizistek ere badaukate lantxo bat, zorionak ematea nahi badute behitzat. Lehengo eta behin ez erabili topikoak: nire lagunek inbidia izango didate, ze ondo; andrazko guztiok euren gorputzen atalen bat ez dugu gustuko; titi batzuek ezerk baino gehiago saltzen dute…Amaitu da! Horrela ez! Asmatu gauza kreatiboago eta modernoagoak!

Aita zaretenok, kontuan izan umeak paseatzeagatik lehen zoriontzen zituztela aitak, baina gaur egun dagoeneko, ez. Medikuarenera ere eroan behar dira umeak, eta irakasleekin egiten diren batzarrak aitentzat ere zabalik daudela. Ikusiko duzue, musu eta era guztietako errekonpentsak jasoko dituzue!

Hurrengo gomendioa gizonezko heterosexual guztientzat da. Zorionak jasotzeko, pentsamendu eta hizkera batzuk aldatu behar dituzue. Arrazoia daukazue, titiak eta ipurdia dauzkagu, zuek ere bai; edukiko ez bagenitu munstroak ginateke. Baina gauza gehiago ere badauzkagu; baita zuek ere. Zakilaz gain, gorputz oso bat daukazue, eta askotan ohartu ere ez zarete egiten. Zenbat atal alferrik galduta. Kontura zaitezte, pentsatu buruarekin, eta mila gauza deskubrituko dituzue, baita plazerean ere. Eta benetan, zorionak emango dizkizuete zuen ondokoek, baita zuon buruak ere

Ohar hau gizon guzti-guztientzat da. Zorionak jaso nahi izanez gero, emakumezkoen kontrako pentsamendu bat datorkizuenean, pentsa ezazue zuen berdin-berdin sentitzen dugula, gure zuen modukoak garelako. Eta honek balio ez badizue, zuengan eta zuen sexukoengan pentsatu: emakume hori alaba, ama, arreba, amama, emazte eta lagun izan litekeela; eta bera ofendituz gero, beste gizon batzuk ere ofenditzen diharduzuela. Gure azalean jarri ezin bazarete, jar zaitezte, behintzat, beste gizon baten larruan.

Badakit oso zaila egingo zaizuela, poliki joan behar zaretela, izan liteke zuentzako gauza gehiegi eskatzea, baina hasi, gelditu barik; ekin eta jarrai. Nik konfiantza osoa dut jarrita zuengan. Jakinekoa da mendeak zaudetela inertzia honetan sartuta, baina gu hasi bagara, zuek gutxiago zarete, ala? Ez dut uste. Ez defraudatu, mesedez. Zuek zarete gure esperantza, eta maite zaituztegu.

Eta neskok, bidean lagundu. Proposamen honen aurka egingo ote du inork? Arrazoiz zoriondu ditut, ezta?

Beraz, gizonezkooi zorionak, aldatuko dituzuelako gauzak, eta mundu hobea lortuko dugulako.

etiketak: more
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua