Bost urte
Orain bost urte jarri nintzen bizitzen etxe honetan. Hil batzuk lehenago erosi eta otsailera arte ez zen libre geratu. Erosi-edo, bankuarekin lortzen den tratu hori; lagun batek, aspaldi ikusi barik, esan zidan legez.Galdetu ostean ia zelan nenbilen, ezkondu egin nintzela esan nion. Haluzinatu egin zuen. Bere harridura sumatuta, bankuarekin ezkondu nintzela kontatu nion. Eta berak: orduan, con banco pero sin banquete erantzun zidan.
Holaxe da, ezkonduta bankuarekin. Baina berea den guztia berea da; eta nirea dena, erdibana. Hain da tristea hipoteka bat izatea. Bai, baten batzuk esango dute badagoela jendea aukera hori ere ez duena. Konforme; hala ere, ez dut esango suertekoa naizenik hipoteka daukadalako.
Gertuko batek esaten zidan bezala, kredituarena denok bide zuzenetik, onetik ibiltzeko dela, irten ez gaitezen; eta lorratzean sartuta anti-sistema ez bihurtzeko. Arrazoia zeukan, etxebizitzak gero eta garestiago egonda, eta Euriborra letra larriz; bestela hitz-jokoak baiño ez zaizkit bururatzen!gero eta altuago, nori geratzen zaio gogoa eta kemena kontrabidean ibiltzeko?
Ondo lotuta gauzkate. Urte sabatikoa hartuko nuke mila gauza egiteko, baina kredituarekin lana egin behar derrigor. Jardunaldi erdiarekin ere zoriontsu nintzateke, bizitzeko ez dut gehiago behar, eta lan aukerak handiagoak. Baina alferrik, hipotekari egin behar diot aurre.
Dena, baina, ez da txarra. Inork ezin dit ezer esan (ordaintzen dudan bitartean, jakina). Ni naiz nire etxeko erregina, errepublikana naizen arren. Erregina, printzesa, etxeko andrea, garbitzailea, otseina, dena! Horrek daukan libertatearekin (eta morrontzarekin)
Urte larregi geratzen zaizkit pagatzeko; baina, oraindik, ez zait damutzen holako saltsatan sartu izana. Aukera ona izan, eta aprobetxatzen jakin nuen. Horrek ez du esan nahi buruko minik edo artegatasunik sortu ez didanik; bai, makinatxo bat, baina balorazio positiboa egiten dut. Ondo nago.
Nire etxetxoa hegora begira dago, neguan eguzkia irteten denean bisita egiten dit, eta batez ere sukaldea, epeldu eta argitzen zait. Bizipoza! Lorategitxo bat ere badaukagu aurrean. Jakina, Eibarko jardin kontzeptua: parterre batzuk lorekin. Gure herrian lujo asiatiko!
Nahiko zentroan bizi arren, momentuz leihotik mendia ikus dezaket. Espero dezagun mendi magal horretan etxeak egitea ez bururatzea (Eibarren dena gerta liteke). Askotan ohean nagoela ardiei beeka entzuten diet, baita gauerdiko mozoloari uluka ere. Begiak itxi eta mendian nagoela pentsatzen dut. Ederra!
Hori bai, eguneko zaratekin desesperatuta nago. Inguruan azken bost urteotan lau etxe egin dituzte, edo egiten dihardute. Gaueko zarata mortala izango da, baina egunean zehar ere etxean egonda, ez da ona gero! Batez ere, zapatu goizetan zulatzen hasten direnean. Jakingo balute zenbat begizko egin diedan!
Historia ere badauka etxeak. Gertu jausi zen Gerra Zibilean lehengo bonba, eta kontatu didatenez, gure etxean ere erori zen bat. Hari eskerrak orain ezkerreko azkeneko pisuak barruko patiotxoa daukagu. Bitxikeriak
Behin eta berriro nire etxea esan dut. Bizitzeko modu berriak euskararen molde zaharrekin egiten dute talka. Etxea beti gure izan da, Baina nik orain gure esan behar dut? Beste inor ez da bertan bizi, eta kreditua zin degizuet nire izenean baino ez dago. Konfliktoa sortzen dit: ikasleei esaten nire ez erabiltzeko, baina horrelako kasuetan, zer?
Kontraesan filologikoak alde batera lagata, eta etxe honek behar dituen gauzak behar izanda ere (10 m2 gehiago, adibidez), ondo jokatu nuela uste dut. Bost urte hauetan nire txokotxoa topatu dudalako, bost urte hauetan etxeari lotu natzaiolako, berak bere exijentziak inposatuz, eta nik nire ukitua emanez, asoziatuta bizi izan gara, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dut. Hala bedi!