Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Blogeko irakurleak

Blogeko irakurleak

Leire Narbaiza 2007/03/01 17:05

Bloga idazten hasi nintzenean, egia esan, ez neukan ideiarik nork irakurriko zuen nik idatzitakoa, inork leituko zuen ere zalantza neukan. Imajinatzen nuen eibar.org-ko baten batzuk eta gertu-gertuko lagunen batek jarraituko zuela. Baina denborak erakutsi dit pentsatzen nuena baino ezezagun gehiago ere sartzen direla.

Badakit izenburu hantustea dela, harroxkoa. Baina ez da hori nire asmoa, guztiz kontrakoa bazik. Bai, “Atxagaren irakurlea” izeneko lana badago, eta hau ez da neure burua horrelako mailan jartzeko, ezta gutxiagorik ere. Gainera izatekotan, gehiago izango litzateke “Corin Telladoren irakurlea” edo “Marcial Lafuente Estefaniaren irakurlea”. Baina nik oso argi daukat Proust existitzeko Rosamunde Plitcher ere existitu behar dela. Bada, berdin; bakoitzari berea.

Azken aldi honetan ezagun asko hasi zaizkit komentatzen blogaren gaineko gauzak. Batzuek kasualitatez aurkitu dute, besteek ez dakit nola. Gaur goizean, hain zuzen ere, ezagun batek kalean gurutzatu eta Epa! Esan beharrean, hauxe bota dit: “asko gustatu zitzaidan jogurtarena!” Glups, eta honek zelan deskubritu du? Jakina, lotsa baino ezin dut sentitu. Gainera edozein tokitan gertatzen zait. Uf, makillatzen hasi beharko naiz, gorritasuna ez igartzeko.

Kasualitateak ere ezagun batzuk ekarri ditu blog honetara. Nabigatzen, nabigatzen eta azkenean hau topatu. Denei esaten diet erantzuna lagatzeko, baina Maitek baino ez dit kasurik egin, eta oso eskertuta nago. Erantzunak “subidoi” handia dira, benetan. Eta gero eibar.org-ko kideen aurrean presumitzeko ere ematen du. Oraindik ezin izan dut egin, baina egunen batean hogei erantzun izatea espero dut.

Badaude, hala ere, erantzun haluzineanteak, anonimoak dira baina ematen duten informazioagatik ezagunak dira. Baina nik ezin jakin nortzuk diren. Egia esan, harrapatuz gero, esango nizkieke pare bat gauza.

Baina flipanteena ezezagunen erantzunak dira. Ezagutzen ez gaituztenak eta, hala ere, hementxe irakurtzen eta erantzuten. Errekonozituta sentitzen naiz, eta lotsarik sentitzen ez badut ere (ez ditut ezagutzen) arduratu egiten nau, errespontsabilitatea jartzen du nire jardun honetan.

Eta orain nabil gauza hauek igartzen, nire ustez lehengo txispa galdu dudanean. Bai, pentsatzen dut orain hilabete batzuk post dibertigarriagoak idazten nituela. Orain, momentuz behintzat, galdu egin dut umore puntu hori. Hala ere, berreskuratzea espero dut. Ez dakit noiz, baina etorriko zaidalakoan nago.

Orain dudan inpresioa da bihotza eskuan idazten dudala, askotan babes barik, sentimentalegi. Eta badakigu ze prentsa txar daukan gure artean sentimentalismoak! Batzuetan gehiegi “biluzten” naizela uste dut, nire sentimenduak ageriegian lagatzen ditudala. Ahalegintzen naiz hori saihesten, baina ezinezkoa egiten zait. Une honetan bai, behintzat. Oso sentibera nago, normala den moduan. Blog hau inoiz baino gehiago da orain “mi querido diario” hainbestek gorrotatzen dutena. Baina niri bost! Gustatzen zaionari, primeran; eta gustatu ezik, bada, oso ondo.

Nire helburua ez da sentimentalismoz bustitzea artikulu guztiak, baina ia denetan irten egiten zait. Lehen makarragoak idazten nituen, eta herri honetan amorrua sentimendua baino hobeto dago ikusita. Hori ere itzuliko zait, guztiz joan ez zaidalako. Hori bai, azken bolada honetan super-emankor nabil, ni ere haluzinatuta nago!

Dena den, espero dut inork disfrutatzea honekin. Nik, behintzat, ikaragarri disfrutatzen dut, eta horrekin –ia beti– nahikoa izaten da.

etiketak: metabloga
Jozulin
Jozulin dio:
2007/03/02 22:14

Idaztea plazera dalako, horrexegatik idazten dugu. Niri behintzat nahikoa zait irakurle bakan batzuekin "sintonia" lortzen badut. Eta lortu dudala sentitzen dudanean... fenomeno!! Lepotik hartu ta segi aurrera Leire!

MAITE BILBO
MAITE BILBO dio:
2007/03/19 21:08

BA NERI MORDUA GUSTATZEN JATA ZUK DIÑOZUN SENTIMENTALISMO HORI AGERIXAN GERTAZEN DANIAN. MORDUA. EZ DAGO MODAN, BADAKIGU, ETA NOIZ INPORTA IZAN JAKU GURI MODA LEIRE? PORTZIERTO, EZ JATZU ROSAMUNDE PILCHER GUSTATZEN? NERI IZUGARRI.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2007/03/02 20:03

hogeira bidean hau hirugarrena

luz ardiden gero eta hurbilago

ez dakit lortuko dugun, ez da komeni baikortasunez itsutzea

eta gailurreraino heldu barik be ederra da aldapa, behi horiek tantaka bide ertzean

leire
leire dio:
2007/03/02 21:04

Milla esker, irakurliok!

Internet hotza? esan hori ziber-sexuari ingantxauta dagozeneri!

Jarraittu, ba, klikatzen. Segiduko dot-eta idazten

Markos, benetan zara filosofo kontenplatibua. Baiña aldapa hutsak tontor barik be, ez daka graziarik. Askotan bidia da helmuaga baiño inportantiagua. POrtzierto, badago edurrik!

Eguzkiberritan
Eguzkiberritan dio:
2007/03/02 10:23

Apa Leire , ni "ezagutzen ez gaituzten" hoien tartean sartzen naiz , izan ere , ez naiz Eibarkua . ta ezta ere Eibar ingurukua , baizik eta kostaldekua , salitria buruan daukaten hoietakua alegia . Ta bai , nik ere kasualidadez topatu nuen blog hau , destinua akaso . Ta behin irakurri ta ,egunero sartzen naiz artikulu berriren bat edo dagoen begiratzera . Gustokua dut zure bloga . Beraz , ezinbestekoa zorionak ematia ta horrela segitzeko animuak ematia besterik etzaizkit geratzen

Gari
Gari dio:
2007/03/02 12:29

Leire, nik ere gertu-gertutik irakurtzen zaitut. Urte asko dira ezagutzen garela baina ez dogu inoiz gertutasunik izan eta blogarekin aukera dakat Leire gertuagotik ezagutzeko. Gustora gainera. Animo, ondo zabiz eta!

Gero esango dabe Interneta hotza dala. Ba Kalamua eta Txargain artekua oso berua da!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua