Txargain
Andia mendi-katean dago Txargain. Txintxeta bat da, erraza egiteko. Baina bertatik dagoen bista ikaragarria da! Olloibarko sakana, Iruñea, eta eguraldi onarekin Pirinioak. Goñin umeekin igotzen genuen, arratsaldeko irteeratxoa izaten zen. Tontorrera iritsi, eta guk begiraleok motxilan igo genuen askaria jan.
Txargain ez da apenas inon agertzen. Lehen Googelen bilatuz gero blogaren erreferentziak ziren nagusi. Orain gauza gehiago kargatu dituzte, eta mendiaren hainbat ibilbide eta xehetasun ikus daitezke.
E-mail kontu bat ere izen horrekin daukat. Goñikide batzuek uste zuten udalekuetako sasoiaren falta gehiegi igartzen nuela, nostalgiaz beteta nengoela. Baina alde batetik oker daude. Egia da, une haiek bizi izan ditudan momenturik onenetakoak direla, eta nostalgiarako joera dudala; baina ez dakite tontor konkretu hori magikoa dela niretzat. Horregatik, e-mail izena, eta blogeko izenburuan.
Izango dira pare bat urte eibar.org posta zerrendan “epifania” berbak irten zuela. Epifania errebelazioa da; nahiz eta DRAEn eta Euskal Hiztegi Modernoan horrela ez definitu. Une konkretu batean sentitzen dena, argitasun berezia. Bada, nik Txargainen sentitu nuen hori.
Pedantea, ezta? Hori ere banaiz, eta zer egingo diogu, bada? Baina, hori da gertatu zitzaidana. Beharbada, geobiologoren batek hobeto azalduko luke; badakizue: mendi tontorra, erpina, triangelua, piramidea,…energiak. Beste batek paisaiaren edertasunagatik dela esango du; beste batek endorfinak; Goñikoren batek nire emozionatzeko joerari leporatuko dio, eta besteak guztiaren konjuntzioa pentsatuko du. Ez dakit, baina berdin dit.
Hara iritsi, bokadilloak banatu, eta lurrean jarri. 150 ume, hogeita piku nagusi. Ez da, ez, inguru lasaiena. Hala ere, zerbait gertatu zitzaidan, bertan zoriontasuna ezagutu nuen, minutu gutxiz, baina zoriontasuna.
Bakarrik nengoen jesarrita, aurrean begirale batzuk zeuden euren lagunen gainean berbetan, umeak jolasean, eguzkia aurpegian, bista ederra…Bat-batean, nire burua kanpotik ikusi nuen, eta gutxitan sentitu naiz hain ondo, hain beteta. Irribarrea ezpainetatik kendu ezinda. Handik gutxira dena normalidadera itzuli zen, baina sentsazioa hortxe gelditu zitzaidan.
Horregatik, blogaren izenean sartzea erabaki nuen, eta , horrezaz gain, nire ibilbide pertsonala adierazi nahi nuelako. “Txargainen” epigrafean sartzen ditudan post-ak ere, sentimenduekin daukate zerikusia, barrutik gertatzen zaidanarekin, ezin dut-eta sentimendua alde batera laga, nahiz eta askotan gehiegi erakutsi.
Hori da Txargain, nire sentimenduen erpina, nire sentitzeko era, nire senti-mendia
Oso-oso politta Leire! Ikaragarri gustau jata. Banoa derrepente Google-n bitartez Txargain begiztatzera.
Serafin