Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / 400 versus 150

400 versus 150

Leire Narbaiza 2015/04/21 08:36
Euskadi irratiko Faktoria saiorako 2015eko apirilaren 17an egindako kolaborazioa

Asteon, asteazkenean, jakin dugu Mediterraneoan 400 pertsona inguru desagertu egin direla. Itsasontzi batean beste 150ekin zetozen Europara, Lampedusara hain zuzen ere, pobreziatik, jazarpenetik, gerratik ihesi. Bizi aukera hobeen bila, gure planetako ipar-mendebalde hau paradisua balitz bezala.


Tragedia ikaragarria. Bertan jende gaztea zihoan, gainera, adin txikiko asko eta umeak. Herri batendako odoluste itzela, jakinekoa baita migratzen duten pertsonak, orokorrean, herrialde horretako formatuenak, indartsuenak, azkarrenak, prestuenak, ausartenak eta kementsuenak direla. Pobretze hutsa herri batendako.


Hau gutxi balitz, kalkulatzen dute 2014an 3419 pertsona hil zirela itsaso horretan Europara etorri nahian. Dorre Bikietako atentatuetan baino gehiago (2973 Irailaren 11n). Mundu osoan migrazioan zebiltzala, uste da 4272 izan zirela hildakoak iaz. Ia guztiak itsaso horretan hiltzen dira! Tranpa hilgarria, beraz Mediterraneoa! Mendebaldeko hilobi urdina.


Era berean, apirilaren hasieran Frantziako Alpeetan Germanwingseko hegazkinak istripua izan zuen. 150 pertsona hil ziren bertan. Batzuek lanean ziharduten, tripulaziokoak; beste batzuk lanera zihoazen, eta etxera oporretatik bueltan besteak,… jende arrunta, kontu arruntak egiten. Gu bezalakoak.


Hilabete berean berri lazgarri bi. Baina zein desberdin tratatu dituzten komunikabideek. Eta ez dut hitz egingo kopilotuarenaz, istripu biei emandako koberturaz baizik. Adibidez, eitb-k Alpeetako herri horretara kazetari bat bidali zuen beren-beregi. Egunak eman zituen bertan. Nire ustez era absurdoan. Egia da euskal herritar bat zihoala abioan, baina hegazkina ez zen irten ez Euskal Herritik, ez istripua ez zen hemen izan, ez zetorren honantz. Beraz, ez dut ulertzen zergatik eskaini zitzaizkion minutu eta minutuak albistegi guztietan.  


Egia da, hegaldiak Bartzelonatik irteteak ematen diola gertutasuna, eta horrek piz lezakeela informazio grina. Dena den, larregikoa izan zela deritzot, sarritan morbosoa, batez ere kopilotuaren berri eman ostean. Gauza asko sobera zeudela pentsatzen dut.


Baina Lampedusakoaz gutxi egin da berba. Ez du albistegirik zabaldu, ez du erreportaje berezirik sortu. Europan izan da, Alpeak baino urruntxoago Euskal Herritik, baina ez hainbeste. Beraz zein da aldea?


Alde da, pobreak zirela Lampedusako hildakoak. Ihesi zihoazen esan dudan moduan, afrikarrak ziren, paper bakoak, beltzak edo moroak, modu irregularrean hona zetozenak guri lana kentzera, gaiztakeriak egitera,… jendilajea berba baten, edo morralla euskaraz jakin ez arren…


Hor dago koska! Jakin genezake Ohion AEBn arbola bat etxe baten gainean jausi dela eta ez duela zauriturik eragin, edo New Yorken elur abisu gorria dagoela baina Bangladeshen izan diren uholdetan 200 pertsona hil badira notizia laburra izango da, izenburua baino ez duena.


Hamaika adibide dugu: Charlie hebdoren atentatuarena eta Kenyako Garissako unibertsitatearena. Je suis Charlie-ka jardun genuen sare sozialetan, baina pas Garissa, Garissarik ez, zoritxarrez.


Txarrena da horrelakoen aurrean azala gogortu zaigula, urruti eta arrotz ikusten ditugulako. Eta komunikabideek enpatizatzen baino, inoratzen baino ez dutela laguntzen eta azal hori oskol bihurtzen.


Berdinak garela esaten digute eta aldarrikatzen dugu, baina argi dago momentuz pertsonen arteko berdintasuna kimera hutsa dela, batez ere egunkariko titularrak, telebista edota irrati segundoak okupatzeko orduan: azal koloreak eta patrikaren tamainak inporta dute!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua