Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / ETB-1 ez da niretako

ETB-1 ez da niretako

Leire Narbaiza 2006/05/23 12:09

Telebista erosi dut. Orain hilebete. Nire lehenengo telebista. Lau urtean bizi izan naiz horrelako barik. Nire burua probatzen. Sintonizatu nuenean militantziaz, dena esan behar bada, ETB-1 lehengo kanalean jarri nuen. Alferrik!

Euskaldun zahar alfabetatua naiz, soziolinguistikan AB esaten dena. Bizkaieraduna, baina beste euskalki batzuk ondo ulertzeko kapaza. Begitu zein arraroa naizen, liburuak euskaraz irakurtzen ditut! Hala ere, ETB-1 ez da niretako. Norendako da, niretako ez bada?

Nik ezin dut ETB-1 ikusi: ez zazkit ez futbola ez pilota gustatzen, ez daukat umerik eta Goenkalerekin izango da hamarkada bat nazkatu ninduena. Eta neguko programazioaren gainean dihardut, udakoarekin sartu barik!

Film bi astean, bata umeendako, eta bestea aspaldikoa. Ez dago telesailik; bai “kulebroi” bat, baiña umeendako!!! Bertako monjak abitu larrosa daukate! Eta “Gag for laugh”, zer diostazue? Edozein ordutan, edozein momentutan. Teleberriak ere ETB-2koak baino laburragoak, estudioa ere txikiagoa eta argi gutxiagorekin!

“Kalaka” hasi zenean esperantza isiotu zitzaidan. Lehenengo gaia ausarta. Baina kaka morralean! Gaiak azaletik tratatuta, jende gehiegi iritzi-emale…Eta hori erreportaiak zeukan soinuaz ezer esan gabe. Horrek aparteko “post”-a beharko luke-eta. Eta Eguzkitze? Zelako “poseak”! Boris Izagirre ematen zuen barren!

Ikus dezakedan bakarra “Bertatik bertara”, baina egunero ere ez da. Eta “Firin faran” goizeko seietan jaiki behar ez dudalako eta hontzaren modukoa naizielako: gauekoa “Mihiluze” eta “Wazemank” ere polito daude; oraindik, baina, ez diet puntua hartu.

Esango didazue horrela nola lehiatuko den erdaraz dauzkagun kate mordo horiekin. Zaborra eskaintzen digute kate guztiek. Konforme. Kritiko izan barik irensten dugu. Ados. Baina ETB-1ek zaborrik ere ez digu eskaintzen. Baina kalitaterik ere ez. Euskaldunok tontoak gara, ala? Zertarako sortu zuten ETB-1? Euskara bultzatzeko? Ala kirol-telebista egiteko?

Morauk “Surper-euskalduna” kantan dioen moduan:”Tripazorro isil, bihotz onekoa, primitibo engina erreza, etxekoen nagusi, kanpokoen morroi, zerbitzari oso leiala” horrela nahi ote gaituzte ETB-1eko buruek?

etiketak: gorri
karrikas
karrikas dio:
2006/05/25 14:04

Orain dela ez asko entzun nuen Euskadi irratian, etb1-ko programazioa ongi pentsatu eta aztertua dagoela. Esaten zutenez, futbola eta pilota dira audientzi handiena duten programak, eta horrekin euskaraz gutxi ala ezer ez mintzatzen direnak hurbildu nahi dituzte etb1-era. Ondoren haur programazioarekin ba umeak euskaraz telebista ikustera ohitu nahi dituzte. Eta Goenkale, ezin da ukitu, hori salsa-rosa bezala da, ez du inork gustuko baina kriston audientzia du. Baina azkenean berdin gaude, umeak euskarazko telebistara hurbildu, eta hazten direnean gustuko ezer ez izateko, eta kirola ikusten dutenak, bakarrik kilora ikusteko. Beraz, jende asko dago etb1 ikusteko prest, baina etb1 ez du ezer eskaintzen. Etb2 euskaraz jarri edo etb3 euskaraz sortu beharko litzateke. PD: Agian oraindik telebista itzultzeko garaiz zaude.

luze
luze dio:
2006/05/23 16:55

ETB 1 ez bada zuretzako, beharbada Euskadi Gaztea entzun biher zenduke, gustora leiduko neuke gero iruzkintxo bat.

ibai
ibai dio:
2006/05/24 22:11

Postdata da ETB1eko saiorik onenetariko bat... baina zenbat irauten du, bost minutu?

Nire ustez kontua ez da Goenkaleren kalitatea ona den edo ez, kontua da ez kentzearen arazoa: etb1en funtzionatzen duen saio bat da, eta ez dira ausartzen beste batekin ordezkatzen. Hori da okerrena, ez dutela uste etb1eko saioekin arriskatzeak merezi duenik.

Eta Just For Laughsena... nahiago dut ez aipatzea.

Amets
Amets dio:
2006/05/24 16:51

Egia esan balio gehien duten programak nire ustez hauek dira, sautrela ( nahiz eta jakin ez dela publiko gustiarentzat) bertatik bertara agian, firin faranekin ados, eitb kulturak badu bere sarma (ORAINDIK EZ DIOT PUNTTURIK HARTU) eta ezer gutti gehiago. Esan dezaket goenkale ez dela "kulebroi" polita baina hainbaten antzerki eskola gisa balio duela. Bestalde lagun artean entzuna dudan adierazpen bat berton idaztea zilegi deritzot: ETB 1 ETB 2 MANTENTZEKO KATEA DA!!! eta ez dakit ez ote duen arrazoi osoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua