Ehungarrenean hamaika
Zapatuan Plateruena Kafe antzokian izan ginen Ehungarrenean hamaika ikuskizunean. Gauza asko neuzkan entzunda eta irakurrita bere gainean, onak denak; baina lehengo egunean ez dakit non irakurri nuen ez dagoela kritikarik, ea nor ausartzen zen zerbait benetan txarra zela esaten. Horregatik ikusmina.
Orain nire asmoa, behintzat, ez da kritiko beharrak egitea, ikusi nuena komentatzea baino.
Jarrita egotekoa izango zela pentsatzen genuen. Baina ez zen horrela izan. Zutik egon behar izan genuen. Arratsalde osoan standean egon ostean, antzokiko aulkiarekin ametsetan egon nintzen. Ba, ez. Gainera, bertan bederatzi eta erdietatik geunden, hamarretan hasteko eta hamar eta erdietan hasi zen! Berandu. Jendea urduritzen hasita zegoen. Txistuka ere batzuk. Azkenean irten zen Gari. Mikroa txarto zeukan, baina. Ez zitzaion ezer ulertu. Berdin Mikel Urdangarini Azkeneko diskoan antzera gertatu zaio,ezta?- Beste mikrotik zihardutenak oso ondo. Azkenean konpondu zuten, eta denei ondo ulertu zitzaien.
Neska. Uste dut Argi daukala izena. Oso ondo. Beharrezko loturak egiten, antzerki kutsua ematen, Lauaxetaren bizitza azaltzen. Beharbada, sententzia luzeegia, baina Francoren epaileak horrela idatzi zuten. Entzuten ari ginela ideia bat buruan: ia hirurogeita hamar urte pasatu arren, gauza gutxi aldatu dira hemen.
Gehien gustatu zitzaizkidanak Txuma Murugarren eta Petti. Pettik zelako indarra daukan! Poema ere -Amaiur gaztelu baltza- pontentea da. Momentu baten bera isildu eta antzoki osoa isilik! (gure ondoko berbontziak ere bai). Une magikoa izan zen.
Oso gustura gelditu ginen joandako guztiok. Hori bai, komentario izan zen ea zer sentituko zuen Lauaxetak jakin izan balu horrelako elementu batzuek bere poemak kantatuko zituztela . Bai, Lauaxeta eta Francis Doctor Deseokoa ez dira soka berekoak, ez horraittiok!