Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Bularretakoa

Bularretakoa

Leire Narbaiza 2007/11/21 18:29

Blogosfera ar honek izenburua irakurrita irribarre maltzurra egingo du. Mezu berde edo sexuala esperoko duelako batek baino gehiagok, baina sentitzen dut defraudatzea; jantziaz baino ez dut berbarik egingo, egunero erabiltzen dugun arropa horretaz, ematen digun pozez eta buruhaustez

Bularrak askotan arazoak baino ez dizkigu sortzen. Bat-batean irteten digu, eta ohitu egin behar gara betiko eramatera. Bestetik, asko aldatzen da bizitzan zehar, baita ziklo hormonalekin ere. Horregatik, zaila izaten da puntua topatzea. Gero tamainak ere ematen ditu problemak: txikiegi, handiegi, jausiegi…Beti arazo. Txiki dauzkanak handiago nahi, eta handi dauzkanak, txikiago erosoago. Baina, egia esan, irudi pertsonalaren zati garrantzitsua da, eta papar polita izateak norberaren irudia gustura izaten asko laguntzen du. Eskote dotore bat gauza ederra da, gero. Aurpegieran ere eragina du.

Bularrak dauzkan berezitasunengatik andrazko askori arazoak ematen dizkigu; izan ere, ikerketa batek dio emakumeen ehuneko handi batek ez dagokion bularretakoa erabiltzen duela, bere bularraren ezaugarrietarako darabilen sujetadorea ez da egokia. Ez da erraza bat topatzea. Merkatuan aukera asko daude, baina ezin dituzte exijentzia guztiak izan. Askotan bularraren forma arazo iturri da, ez txikia edo handia izateagatik; hori ere bada, baina batzuek titiak oso elkartuta dauzkate, erretentxoarekin, itsulapiko itxuraduna. Beste batzuek, ordea, oso banatuta dituzte, ia estrabikoak: bata Moskura begira eta bestea New Yorkera; edota Buenos Airesera eta Kalkutara. Beti arazoa. Eta berezitasun hauetako batzuk elkartuz gero, titizorroa aurkitzea oso gaitza bihurtzen da. Gainera, bularretako erosoak eta egokia topatutakoan, erabilerarekin ikaragarri zahartzen da, eta askotan modelo beraren bila joan eta egiteari utzi diotela esaten digute. Kaka zaharra!

Niri askotan gertatu zait hori. Horregatik ematen dit pena handia bularretakoak zahartzea, nik zapatekin konparatzen ditut: hasieran gogorrak eta zurrunak izaten dira, baina erabilerarekin, gustura eta eroso izaten ditugu. Ondoen dauzkagunean, zulatu edo gehiegi eman dutenez, bota egin behar.

Egia da. Normalean, niri behintzat, bularretako berriak deserosoak egiten zaizkit. Aipatu gabe bularretako politak, sexyak, farfailekin, bular zoragarria egiten dutenak, ia beti tortura tresna bihurtzen dira. “Zein ederra, zein guapa nagoen” bi minutuan. Ondoren, edo uztaiak inkatu egiten zaizkit, edo ixtekoa estu daukat, edo egokia ez dela ikusten dut. Hau da, diru mordoa gastatu dudala, sufritzeko. Lehen esan dudan moduan, bularretakoekin zapatekin moduan gertatzen da: bi minutu jantzita dendako aldagelan, zoragarrienak dira, baina gero, kalean eta lanean orduak eta orduak jantzita, nork jakin egokiena den?

Ezagutzen ditut neskak probadorean trikitixa pausu batzuk egiten dituztenak, ikusteko zelako mugimendua izango duten gerora kalean. Hala ere, sekula ezin da jakin azkeneko emaitza zein izango den, batzuetan hilekoaren zain taila erdi ere hazten delako bularra, eta askotan mingarria izaten delako. Hortaz, egun horietarako, izan liteke sujetadore horrek ez balio izatea. Hala, beste baten bila hasi behar.

Emakume guztiok dakigu bularretakoa jantzi klabea dela. Kamiseta edo jertsea ez da berdin gelditzen wonderbra, erreduktorea, kirola egitekoa, betegarriduna, koloreduna, farfailduna, uztaiduna, silikonazko tiranteak dauzkan, tirante bakoa, zaharra…janzten badugu. Eta hori kopekin konplikatu barik…. Badakigu bat edo beste aukeratuz gero, arropa hori hobeto edo txartoago geldituko zaigula.

Bestetik, esan beharra dago, lehengo bularretakoa erostea askorendako iniziazio moduko bat dela. Emakume bihurtzen da neskatila lehengo bularretakoa erosi eta janzten duenean. Hilekoa lehenengoz etortzeak baino emakumeago sentiarazten du. Nire inguruan horrela izan zen, behintzat. Jakina, bularretako behar izatek esan nahi du neska horrek bularra daukala; beraz emakumea dela. Nik sekula ez dut ahaztuko nolakoa zen eta nola sentitu nintzen. Baita nola nengoen jantzita ere.

Kontrako gauzak idatzi ditudan arren, ikaragarri gustatzen zaizkit bularretakoak. Pena daukat hainbat eta hainbat ezin dudala erabili, lehen esan dudan hainbat berezitasun batera ditudalako. Baina niregatik balitz…kolore, forma eta berezitasun guztiak erabiliko nituzke. Gainera, bularretako egoki eta polita jantzita, eta eskote eder batekin; edonora joan liteke, eta triunfatu!

Post-posta: Hau idatzi ostean nire inguruko batek esan zidan bularreko minbizia zeukala. Gaixotasunak sortutako kezkaz gain, bularra galduko duen beldur da, berarendako benetan gauza gogorra, beti kezkagarria izan dena. Postean azaldu dudan moduan, bularra gure ikurra da.
Gaixotasuna krudela da, ez bakarrik heriotza eta sufrimendua eragiten duelako, andrazkoon irudi pertsonala ere alda dezakeelako. Ostiralean egingo diote ebakuntza. Onena opa diot, baita trantze honetan dauden guztioi ere. Animo!

Postaren post-posta: Xabier Mendigurenek (alias Mendigreen-ek) zerrendakideak liburu berria atera du. Hona hemen liburuaren azala: Elvis azala:azalak def 135x205.qxd

Izenburu eta erretratuaren artean ez dut erlaziorik ikusten, baina ez dudanez irakurri, ezin gehiago esan. Baina post-a ilustratzeko oso ondo datorkit. Mila esker, Xabier!

etiketak: Txargainen, arropak, itxura, more
Jozulin
Jozulin dio:
2007/11/23 20:15

Munduko lanbiderik gatxenetakoa izan behar dalakoan nago "eskote diseinatzailea". beti amildegiaren ertzean...

Patxi
Patxi dio:
2007/11/23 11:04

Bularretakoen birtuterik nagusiena ahaztu zaizu, Leire: gizonon lepotik etengabe iseka egiteko ematen dizueten aukera.

  • Baldarrori, noiz ikasi biozu sujetadoria askatuten?

___

xme
xme dio:
2007/11/22 13:22

Oso polita zure mezua.

Ea guk ere zeozer ikasten dugun.

Goraintziak, eta ikusi arte.

aintzane
aintzane dio:
2007/11/22 13:19

Oso ondo azalduta, Leire! Eta Elenak arrazoia daka, mutillak halako konturik ez dakixe! Eta beste gauza asko be ez, e? Hilekuan inguruko kontuak be... idearik be ez! Ni hori konturatu naiz lagun batzukin eta hori arrebak eukitta! Beti gai "tabuak" izaten dira halakuak, naturalak izan bihar litzakez, baiña..

Nik be zorterik onena opa detsat zure lagun horri.

Elena
Elena dio:
2007/11/22 12:08

Leire, zuk bai ondo jakin, eta ez mutilek, bularretako bat zer den! Gogoan daukat orain denbora ez asko, megadenda popular horretako batean bularretako bat erosi nahi eta errellenorik gabekorik ezin topatu. Ehundaka bularretako zeuden, denak diferenteak, baina denek zeukaten errellenoa. Bururatu zitzaidan: mutilek badakite hau? Badakite ehuneko handi batean akoltxatu bat daukatela tartean? Musu bat, Leire. Lagunarena ondo joan dadila opa diot.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua