Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Leire Narbaiza 2007/11/08 14:22

Badaramat bolada luzetxo bat gure lanaz eta gure miseriez hausnartzen, eta uste dut badela sasoia ordenatu eta plazaratzeko. Beharbada, hainbat sektoreri ez zaizkio gustatuko. Benetan, ez zait larregi inporta, egia normalean deserosoa baita. Nire ikuspuntua da, ia hamazortzi urte lan honetan eta udal euskaltegi askotan dabilen eta diharduen baten ikuspuntua.

Gure lanak ez dauka prestigiorik. Gure lana zerbait probisionala da. Gure funtzioa adabaki bat baino ez da jaurlaritzarendako. Ez daukagu formazio espezifikorik. Askotan gure lantokiak desegokiak eta deserosoak dira. Gure baliabideak urriak eta zaharrak. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen. Gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Duela hogeita bost urteko planteamenduekin ari gara lanean.

Aurreko paragrafoak beldurra ematen du, ezta? Bai, nik berdina sentitzen dut buruari bueltak ematen dizkiodanean. Ondoren, banan banan urkulduko ditut:

Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa. Askotan, ikasleek eurek ere ez dute aintzakotzat hartzen gure profesionaltasuna, batez ere izena ematera-eta datozenean, emandako aholkuei ere ez diete jaramonik egiten, euren iritziaren kontra baldin bagoaz, behintzat. Etorri zaizkigu pertsonak EGA nahi dutenak. Guk sarrera proba egin eta beherago jarri. Konforme egon ez eta askotan edo istilua sortu, edo matrikulatu ez. Beste ikasle batzuei esan komeni zaiela kurtso hori errepikatzea eta ezetza ematen dute. Oker gaude, guk baino gehiago dakite, antza.

Askotan uste dut gure gremioak ere bultzatu egin duela iritzi hori. Aspaldi batean gau eskoletako sasoian-eta, esaten zen euskaldun guztiok irakats genezakeela, ekintza herrikoia zela. Esperientziak diost gezurra dela. Gehiago esango nuke, formazio espezifikoa beharko genukeela, eskatzen zaigun titulazioa irakasle ikasketak (magisterio) edo lizentziatura da. Edozein lizentziatura, euskal filologia zein kimika. Formazio espezifikorik ez daukagunez, esperientziak erakusten dugu, askotan itsu-itsuan jokatuz, intuitiboki. Egiten ditugu ikastaroak baina gustura hartuko nuke formazio unibertsitario espezifikoa, benetan.

Beste arazoetako bat da, —sortzezko bekatua esango nuke— eusko jaurlaritza hasi zenean, euskalduntzea eskolaren eskuetan laga zuela. Baina errealitateak diosku ez dela egia, batez ere momentu honetan. Helduen euskalduntzea laugarren mailakotzat izan dute beti gobernu autonomoan. Hori dela eta, euskaltegiak behin-behineko txaplatak izan ziren gobernuarendako. Horixe da Haberen akatsetako bat. Askotan gure azpiegitura probisionalak, egonkor bihurtu dira. Ikustekoak dira hainbat euskaltegi! Lantokiak, sarritan, desegokiak eta deserosoak dira. Behin-behinekotasun horregatik. Zelan inbertituko da lokal baten urte gutxi batzuetarako baino ez bada? Eta euskaltegi publikoez ari naiz… Pobrezia eta inbertsio falta ikaragarria da, leku askotan. Sarritan gure zentroetan egiten diren inbertsioak ez dira existitzen, edo hutsaren hurrengoak dira. Karga bat gara beti, guk gastatzen duguna beti da larregi.

Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.

Beste alde batetik, gure ordutegiak zoratzeko modukoak izaten dira. Ikastaro bateko irakasleak esan zigun moduan “kabaretera ordutegia”. Niri denetarik eskaini didate. Talde bat goizeko bederatzietan, beste bat arratsaldeko zortzietatik hamarrak arte, Muskizen adibidez. Herritik kanpora. Goizean goiz eta iluntzean berandu.

Aurretik esan dudanaz gain, esan nezake orain hogeita bost urteko planteamenduekin ari garela lanean, ez guk hala nahi dugulako, baizik eta Habetik diru-laguntzak jasotzeko oso modulazio zurruna eskatzen zaigulako; ikasleek beste ordutegi batzuk eskatzen dizkiguten arren. Jende asko galtzen dugu egunero-egunero ordu bi delako modulu arruntena. Ezagutzen ditut euskaltegiak beste ikastaro batzuk hasi direnak eskaintzen, baina orduak betetzeko egun osoan egon behar dute euskaltegian talde pila batekin eta oso maila desberdinekin. Horrek guztiorrek lan gehiago eta handiagoa dakarkigu, eta gure lan-baldintzak gaiztotu. Hobera joan beharrean, okerrera goaz.

Ikastaldeak sortzeko orduan ere, Habetik euskaltegi guztioi jartzen zaizkigu kopuruak eta ratioak oso zurrunak dira. Euskaltegi batzuek arazoak izan dituzte talde gehiegi zeuzkatelako, eurei talde gutxiago tokatzen zitzaielako mapan. Zer esanik ez ikasleei kobratzen zaien prezioez, horrek ere beste post bat beharko luke oso-osorik berarendako.

Hizkuntza eskolarekin parekatuz gero, aldea ikaragarria da: funtzionamenduan, ordutegiak, prezioak, ……Euskara ikastea garestia da. Gaztelania ikastea Eibarren, adibidez, doan da. Irakasleen lan baldintzak ere, askoz hobeak dira. Hezkuntzako langileak dira hizkuntza eskolakoak; gu, berriz, kulturakoak gara. Oraintxe bertan marko europarra dela eta asko eta asko liberatuta dagoz. Guk ikastaro horiek denbora libreetan edota ordutegi ez lektiboan egiten ditugu. Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate. Eta ez naiz sartuko behargin ebentualon ordezkapen zerrenda eta abarrekin, beste post oso bat beharko nuke azaltzeko-eta! Gauza bakar bat: euskaltegiz euskaltegi baldintzak eta egoera aldatu egiten da, bakoitzak zerrenda propioa daukalako (daukanean) eta berezitasunak tokian tokikoak dira. Zoramena, hartaz.

Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara. Gure maila tekniko erdiarena bada, soldata hori tokatu biharko litzaiguke, ezta? Bada, ez. Lan linbo baten gaude: ez gara irakasle, baina bagara; ez gara teknikari, baina izen hori daukagu.

Beste alde batetik, jendeari esan behar zaio ez dagoela autonomia erkidegoko hiriburuetan euskaltegi publikorik (ez naiz sartuko Aek-k daukan bokazio publikoarekin, ez, publiko diodanean eskola publikoarekin edo ospitale publikoekin parekatzen ari naiz) Homologatuak azpikontrata bihurtu dira. Lehen hain txarto egonda, orain akordioarekin…. Baina jarraitzen dute txosnak jartzen, pegatinak saltzen eta dirua biltzen. Bestela ailegatu ezin. Imajinatzen du inork Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskola publiko guztiak ixtea, eta eskola homologatuekin umeak heztea? Ez, ezta? Bada, hori gertatu zen duela hamabost bat urte. Inor ez zen enteratu, ordea; eta ez zen ezer gertatu. Horregatik diot. Jaurlaritza eta udalendako zama baino ez gara, polito geratzen dena euskarari buruz hitz egiten denean, baina azken finean, inori ardura ez diona.

Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu

Amaitzeko, zorionak bukaerara iritsi bazara, ausarta izateaz gain, miopiari ez diozu beldurrik! Beste alde batetik, gremioko lankide guzti-guztiei animoa eman, eta ea gure artean elkartasun puntu bat lortzen dugun, behar dugu-eta. Besarkada bana, eta musu bina.

leia
leia dio:
2008/06/03 01:57

Ba ados egonda ere, zer esan? Egia dela gauza asko eska daitekeela, baina beste era batera. Udal euskaltegiak sortu ziren horretarako, adabaki bat jartzeko, euskalduntzeko benetako bokaziorik ez zeukatelako hasiera-hasieratik. Edo zuek ez zeneukaten numeros claususen berri sartu zinetenean? Eta orain arte horretaz esatekorik ez??. Aspaldian ezagutzen dugu administrazioaren mekanismoa herri ekimenak zapuztea zela, aurretik zeuden lanak kontuan hartu gabe, batez ere, herri mugimenduak baziren. Zer dela eta ez zuen ba aprobetxatu zegoena bestelakorik sortu gabe?. Labankada sartu eta zapuztu. Eta honetan nork lagundu zuen??. Autokritika apurra ere beharrezkoa dela uste dut.

Bestalde, zerekin konparatzen gara soldatak eta lan baldintzak txarrak direla esateko?. Erizainekin??. Eskola publikoetako irakasleekin?? Kutxetan lan egiten duten Eroskiko langileekin?...

Zer hobetua beti egongo da zer hobetua, noski. Baina administrazioan lan egiten duzue/dugunen partez entzutea ez al da kasualitatea edo iruditzn zait niri??

Aitor Iglesias
Aitor Iglesias dio:
2007/11/09 12:05

Egi santue.

Kepa Diegez
Kepa Diegez dio:
2007/11/09 21:10

Aupa, Leire: musu bat Getxoko "galaxia"-tik! Hamaika sufritzeko jaioak gara! Arrazoi oso-osoa duzu! Ez gara ez gatz, ez berakatz.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2007/11/15 12:59

Oso adierazgarrixa, Leire.

Permisorik eskatzeka mezu bat egin dot nik be Etxebarri blogian: Leire Narbaiza: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

leire
leire dio:
2009/11/29 02:24

Ainara! Animo Txekia aldean.Han ere makinatxo bat kontu egingo dira kontatzeko!

Arrazoia duzu, gauzak nahiko aldrebes egin ziren bere sasoian.

Orain erdiko Europa euskalduntzera! Interesgarria benetan. zorte ona baino ez dizut opa!

Besarkada bat

Jozulin
Jozulin dio:
2007/11/08 23:09

Sakon eta zorrotz sartu duzu labana, Leire! Sustatuko Jamaikara bidali dut.

Benito
Benito dio:
2007/11/09 04:22

Bufa! Gauza asko eta zelakoak haiek! Beharbada askoren gogoan egon baina gutxitan plazaratzen direnak.

Egin duzun HEAren argazkian azken batean hari asko josi behar eta ezina (edo nahi eza) dabilela begitantzen zait. Irakasleen status "bai baina ez" hori. Publikotasuna ere "bai baina ez". "Bai baina ez" asko, indefinizioa, behin-behinekotasuna, noraeza azken batean.

Bestalde, irakasleok eta HEAko kideok mihia apur bat soltatzen dugunean mamu berdina agertzen zaigu beti: HABE. Ni neu, egia esanda, aspertu egin naiz HABEri egurra ematen, eta ez merezi ez duelako, ez, horrek sarri halako neke mentala ekarri didalako baino: blokeoa, etsipena eta beti pelikula berdina ikustearen sentsazioa.

Mundu kaotikoa da gurea neurri batean, gauzak eta euren norabidea argi ikusi barik erraza da desanimatzea, eta, norberarengandik hasita, prestigioa hartzea.

Tira ba! Hileta jotzen hasi baino lehen gelditu nadin.

Zure azkenengo deklarazioarekin bat, gustura ere ibiltzen da mundu honetan, jende on asko dabil, zuk esan duzun modura guztiarekin ere gustura eta sinestuta diharduena. Kontuak kontu zerbait egiten gabiltzan sentsazioa ez dugu galdu askok oraindino, eta gainera elkarri kontatuta zerbait horrek "pixka bat" baino gehiago ematen du. Ezta?

ainara
ainara dio:
2009/11/28 13:39

Kaixo,

orain irakurri dut zure testua... arrazoi duzu, eta nik ez dudana ulertzen nolatan EUSKARAREN IRAKASKUNTZA Kultura sailak eramaten duen; Hezkuntza sailak eraman beharko luke HABE. Edo Habe Hezkuntzan egon beharko luke...

Muxu zaparrada eta besarkada bero bat Txekiatik, bertako euskara lektoretzatik Ainara

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua