Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Los Borbones, a los tiburones

Los Borbones, a los tiburones

Leire Narbaiza 2007/11/05 17:41

Eibartarra izanda, ez daukat beste erremediorik errepublikarra izatea baino. Sakrilegioa litzateke bestela balitz. Hala ere, errepublikartasun hau ez da genetikoa soilik, arrazionala ere bada. Zer egiten du estatu moderno batek erregetza moduko instituzio batekin, desfasatua eta desorekatua? Gainera, bertako burua horrelako lotsabako eta ganorabakoa izanda?

Modan dago egurra ematea. Nik ere aprobetxatuko dut, pentsatzen dudalako oso ona dela jendilaje horren jarduna kritikatzea, baita subditoon artean kontzientzia kritikoa zabaltzea. Seguru nago monarkiarekin amaitzeko ezinbestekoa dela aurkako klima soziala sortzea.

Monarkia berez instituzio arkaikoa eta modaz pasatakoa izateaz gain, Francok jarritakoa da. Diktadura faxista baten eskutik datorrena. Gero gauza gutxi batzuk aldatu zirela? Konforme. Baina ez dugu ahaztu behar orain erregea denak aitaren gainetik ere egin zuela salto bere lan fijoa lortzeko. Movimientoaren legeei zin egin zien, gero konstituzioari. Berdin dio. Karguan segitzeko edozer egiteko kapaza da. Bolo-bolo ibili da urteotan 23-F-n (euskaraz O-23) zer ikusia izan zuela, eta egoera okertzen hasi zenean berak kolperen aurka egin omen zuela. Helburua, beti, berak eta bere familiak prebendak izatea, odolarengatik. Belaunaldiz belaunaldi endogamiak eta odolkidetasunak lortu duen nagusikeria monstruoso eta okaztagarriaren aitzakiarekin.

Bai, hasieran txisteak egiten genituen Juan Carlosekin, tontoa zelakoan. Bai, tontoa. Nire lankide batek esaten zuen moduan:”Tonto, tonto; erdiko trontzo!” Prentsak saltzen digu campechanoa dela, sinpatikoa, katxondoa,…bere lana ondo egiten duela, berari eskerrak Espainia librea dela…Hori guztiori publizitate kanpaina hutsa da. Telebistan-eta beste gauza batzuk ikusten dira: gizon nagusia aktoetan lokartzen dena, ez dakiena paper barik berba egiten, gure kontura yate eta belaontzietan dabilena publizitatea atzean daukala, familia guztia kolokatu duena, semeari 800 m koadroko babes ofizialeko etxea lortu diona, seme-alaben ezkontzak musu-truk irten zaizkiona, estatuko patrimonioa berea balitz bezala erabiltzen duena. Hori bai, txiste eta irribarre artean.

Gure aitak askotan kontatzen zuen Donostiako Miramar jauregia Juan Carlosen aititari edo birraititari (ez dut gogoratzen) Donostiako udalak prezio sinboliko batean saldu ziola (pezeta batea, adibidez?). Handik urte batzuetara, udalak erosi nahi izan zuenean, erregeak eta familiak prezio errealean saldu zioten. Hori ez ote da espekulazio urbanistiko eta aberaskeria garbia?

Europako errege-etxe pobreena dela ere esaten digute kazetari koipe-emaileek. Pobreak? Nik hilean mila euro emango nizkieke, ea ikasten duten zer den bizirautea, edo bestela lanbide arteko soldata minimoa, bakoitzari. Orduan ikusiko lukete zer den pobrea izatea.

Hau ere esaten dute:”erregina hain da apala, non soinekoak errepikatzen dituen”. Ene, zelako desgrazia! Jantzi bera bi bider janztea. Ezin dut imajinatu gauza krudelagorik.

Ez diote konturik ematen inori; ez kontu ekonomikorik, ez bestelako konturik ere. Hori bai amama! Nahi dutena, gura duten moduan egin.

Ezin da kritikatu erregea, ukitu ezina da. Beldurrez hitz egiten da bere gainean, epaileen beldurrez. Denon gainetik dagoelako, gu bere subdito eta menpekoak garelako. Gero hau demokrazia dela diote. Nik berdintasunik ez dut inon ikusten, eta teorian demokrazia berdintasuna da, ezta?

La Pollaren kantu batek, gutxi gorabehera, hau zioen:”Los reyes no lo son por gracia divina, sino porque sus antepasados se lo montaron divinamente”. Esaldi benetan biribila. Evaristo, betiko moduan, zorrotz eta zuzena. Berak baino hobeto, ez dut nik esango.

etiketak: Kalamuatik, gorri, berde
Josu
Josu dio:
2007/11/05 21:16

Estatu modernoa? Noiztik??

Baña bueno, gora republika.

Jozulin
Jozulin dio:
2007/11/06 22:22

Komun baten irakurri nuen aspaldi: Muerte lenta al borbón!

Luistxo
Luistxo dio:
2007/11/06 11:12

Nere lagun batek dio Erregeak Movimientoaren legeen aurrean zin eginagatik ez duela gero inork perjurotzat hartu... Eta beste lagun batek dio bere gonazaletasuna mito hutsa dela: tontoa dela benetan, eta ipuin horiekin azkartzat agerrarazi nahi dutela.

Bestalde, jakin dut El Mundon Eibarko udaletxea salatu dutela, sozialistak agintean egonik, balkoian bandera espainolik ez duelako. Arrazoia dute: jaso dezagun berriro Espainiako bandera, 1931n bezala, hiru kolorekoa.

Elena
Elena dio:
2007/11/06 12:15

Eibarren monarkia oso gutxik kuestionatu dute azken hogeitamar urteetan, are gutxiago hainbat urteetan udaletxean buru direnak. Beraz, eibartar izanda halabeharrez errepublikazale izatea mito bat da, oinarri historikoa daukan mito bat, baina gaur egunean inondik inora betetzen ez dena. Ostera, sinesten dut genetikaz izan daitekela bat monarkiaren kontrakoa: geure etxean ere aitarengandik jaso ditugu gene horrek.

YopYop
YopYop dio:
2007/11/06 23:18

o-23 n gertatu zena intenzio bat zeukan, jendea monarkiari ondo ikustea eta onartzea. 24 urte pasatu dira eta oraindik, jendea ez da konturatu, edo gauza txarrena, ez du nahi. Monarkia hau, nire ustez, Francoaren bezo zabala da, bera nahi zuen Juan Carlos erregea izatea eta. Barkatu nire euskera, baina ikasten ar nahiz....

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua