Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Fito Rodriguez eta blogak

Fito Rodriguez eta blogak

Leire Narbaiza 2007/10/22 21:28

Fito Rodriguezek Nabarra aldizkariko iazko uztaileko alean esandakoaz aspaldi neukan idazteko gogoa. Hona hemen elkarrizketa luze horretan egindako galdera eta Rodriguezen erantzuna:

Zakarrontzi handiagoak behar ditugula adierazi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Bai, eta zakarrontziak erabiltzeko, lehenago, paperak zikindu behar dira. Pantailan berdin. Pentsatzen zenaren aurka, gero eta gehiago idazten da. Korreo elektronikoa dela, internet dela, gero eta gehiago idazten da eta estiloak gero eta gehiago aldatzen dira. Ni ez naiz oso blog-zalea. Ez dut uste horrek ekarpen handiegirik egin dezakeenik, arrazoi batengatik: blogek zakarrontzien falta erakusten dute idazten den guztia bistan jartzen dutelako. Konpromisoak, aipatu dudan hizkuntzarekiko konpromisoak, idatzitakoa irakurtzea eta berrirakurtzea eskatzen du. Lan hori inoiz ez dago guztiz bukatuta, amaiera irekiak izaten ez direlako, lana antzua ez bada. Blogek dena bistan uzten dute. Izan daiteke nudismo moduko bat, biluztea. Badira, hala ere, gorputza tratatzeko beste era batzuk. Nire ustez hori dute eskas blogek, hizkuntzarekiko konpromisoa lantzeko nahikoa baliabiderik ez dutela

Nik Fitori esango nioke ezer ez dakiela blogen gainean, ezta bogariez ere. Hasieratik mespretxua baino ez du adierazten, blogak oso gustukoak ez dauzkala, eta zakarrontzi falta dutela esatean. Hainbatetan horrela izango da; beste askotan, ordea, ez. Ni oso inpultsiboa izan arren, gutxitan ateratzen dut post bat lehenengo idazketan. Zakarrontzia badugu, eta batez ere, hozkailua. Seguru nago Fitok ez duela blog asko irakurri, eta ez dakiela zer den bloga.

Niri min eman zidan irakurri nuenean blogek hizkuntzarekiko konpromisoa lantzeko nahikoa baliabiderik ez dutela. Hori gezurra da. Batetik blog bat sortzean lehengo hautua beti izaten da hizkuntzarena. Euskara aukeratu dugunok, hizkuntzarekiko konpromisoa hartu dugu. Hori horrela da. Gero, beharbada, txarto idatziko dugu, edo ez.

Baliabideena ez dut ulertzen. Blogariok, zutabegileek, poetek, nobelistek, idazleek… denok daukagu erreminta bakarra: hizkuntza. Hobeto edo txartoago erabiliko dugu, narras edo polito. Baina esango nuke, ardura digula, buelta asko ematen diogula, esaldi biribilak, berba egokiak topatzen. Beti dago fintzea eta konpontzea. Baina behar horrek ez dauka akaburik. Giza lan guztietan gertatzen da hori. Perfektutasunik ez da existitzen.

Agian, idazle batzuek —eta Fitoren kasua izan liteke— pentsatuko dute blogariok intrusismoa praktikatzen dugula, inongo editore edo argitaletxeren eskuetatik pasatu gabe kaleratu egiten dugula. Gurea ez dela ganorazko idazketa. Inor ausartuko litzateke esaten egunerokoek (diarioek) ez diotela hizkuntzari ezer ematen? Ez. Askotan ariketa literarioa izan litezke, eta idazle on eta ezagun askoren egunerokoak argitaratu dira, bere horretan. Beraz, zergatik mespretxu hori?

Hizkuntza idatzia ez da beti literatura. Idatziz egon arren, idazki guztiek ez daukate balore literariorik. Blogari asko eta askoren asmoa ez da literatura egitea, eta gure idatziak, sarritan kaskarrak dira, eta horretaz kontziente gara. Kaskarrak hainbat liburu diren moduan, eta idazleak literato jarrerarekin dabiltzan arren! Gure helburua ez da literatura egitea, beste xede bat daukagu. Askotan jakin ere ez dakigu zein den!

Hori bai, blogari batzuen post-ak badira literatura. Eta ona gainera. Beraz Fito Rodriguezi euskal blogosferatik paseotxo bat egitera gonbidatzen dut, gaur Atxagaren bloga aurkeztu den egunean. Beharbada, Fito bera ere animatuko zaigu bloga idazten. Batek daki.

indezent
indezent dio:
2007/10/24 16:10

Aupa Leire! Mezu honen harira aipatu zaitut. Espero dut ez axolatzea.

iturri
iturri dio:
2007/10/24 00:37

Oso ondo, Leire. Aldizkari hau etxean izango dut, harpideduna bainaiz, baina ez nuen irakurri Fitoren elkarrizketa.

Sintzeridadea txalotu behar zaio Fitori, baina kontutan hartzekoa da bera ez dela idazle soila, Idazle Elkarteko presidentea dugu gizona.

Noizbait entzun izan dut txantxetan, baina, zer gertatuko litzateke blogariren batek Idazle Elkartean sartzea eskatuko balu?

Serafin
Serafin dio:
2007/10/23 18:23

Ezin borobilago Leire. Primeran!

Serafin

Patxi
Patxi dio:
2007/10/23 17:17

Nik hozkailua oso gutxi erabiltzen det, eta egia esan, batzuetan ondo damutu izan naiz. Bagera bi inpultsibo.

Batzuetan gertatu zait hala ere, zerbait hozkailuan sartu, aldatzen hasi, aldatzen segi... Eta hasierako "arima" galtzea, zuzentzearen zuzentzeaz.

Hasierako idatzia txarra zan. Baina behintzat frexkoa zan. Eta askotan ideia bat adierazteko ez da jantzi dotorerik behar, ezta ondo neurtutako trajerik ere.

Literatura edonon aurki daiteke, baita komunetako ate atzeetan ere. Nola ez ba blogetan?

___

indezent
indezent dio:
2007/10/23 23:00

Erabat ados Leire. Hala ere, kontua intrusismoaren aldetik doalakoan nago... Herri honetan, elitismoa plaga bat da.

Jozulin
Jozulin dio:
2007/10/23 20:50

Nik ulertzen ez dudana da halako fijazioa, blogen gainean ezbaitiote galdetu. Agian Freudek zerbait esango zukeen zerbait honetaz. Eta -egia izanik ere- benetan uste badu lan bat ez dagoela inoiz amaituta, ez dezala libururik atera, ez dezala idatzi, ez dezala hitz egin... Kanpaina bat hasi nahi nuke: Freeblogariak!!, utz gaitzatela bakean. Jesus! zelako gerra ematen duten!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua