Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / San Francisco 2011

San Francisco 2011

Mikel Larreategi 2011/11/28 21:09
Aurreko urteetan Napoli, Washington DC, Budapest edo Bristolen bezala, aurtengo Plone Konferentzia San Franciscon antolatu zuten azaro hasieran, han ibili ginen Lur lankidea eta biok.
PloneConf 2011: panfletoa eta garagardo-edalontzia

Urteroko ohiturari jarraiki eta Plone Fundazioak egindako deialdiari erantzunez, San Franciscon bildu ginen munduko Plonelariak urteroko Plone Konferentzian. Lau egunetan zehar, azaroaren 3tik 6ra artean, San Franciscoko State Universitik Market Street-en duen egoitzan, hainbat eta hainbat hitzaldi eta aurkezpen ikusi genituen.

Dexterity, Diazo, Transmogrifier, XML, ZPT, Python eta beste hainbat eta hainbat buzzworden inguruan aritu ginen. Zalantza gabe asko aprobetxatuko dugun konferentzia izan da aurtengoa ere, beste hainbat urtetan ezagututako aurpegiak berriz ere ikusi, kontaktuak egin, eta munduko Plonelariak zertan dabiltzan ezagutzeko aukera aparta ematen baitigu konferentziak. Gainera, komunitateari produktua erabiliz hartutakoa itzultzeko modua ere bada nolabait, Plone erabiltzeagatik ez baita inolako royalty edo lizentziarik ordaindu behar-eta.

Hala ere, harainoko bidaiak San Francisco ezagutzeko aukera ere eman zigun. Domusantu eguneko zubia-zela eta egun batzuk lehenago joan ginen Lur eta biok eta turista plantak egiteko astia ere eduki genuen.

 

Neu Golden Gate atzean dudala

Handia da San Francisco, agian handitasun hori ez genuen argi hasieratik eta lehenengo egunean sekulako ibilia egin genuen (bere garaian Erroman edo Washington-en egin bezala), hotelera iristean hankak egosita eta hurrengo egunean lurrean jarri ezinda edukitzeko.

Hiriaren handitasun horretan, portuan bertan dagoen merkatu bat ikusi genuen lehenengo egunean. Asko harritzen naute merkatuek, ez dakit zergatik baina nire barnean zerbaitek esaten dit hiri handi eta kosmopolita batean (dela San Francisco, dela Londres), kaleko merkatu txikiek tokirik ez dutela eta dena izan behar dela hipermerkatu. Ba ez, azkenean hiri handietan herritar xumeak ere bizi dira, eta merkatuek ere bere funtzioa betetzen dute.

Bizikletarekin zubia zeharkatzeko prest!

ChinaTownetik buelta bat emateak ere hiriaren handitasuna garbi erakusten du, ChinaTown bera hiri handi baten barruan aurki daitekeen hiri bat baita: guztia txinatarrentzat pentsatuta eta euren bizimodua egitera egokituta. Turistak ere dexente bertan. Batman-en taberna deskubritu genuen lehenengo egun honetan. Eta bertara abonatu ginen zalantza gabe. Batmanez jantzitako kamarero batek atenditu gintuen, Oier Gorosabelen sekulako antza zuen gainera :)

Bigarren egunean Udaletxetik abiatuta eta Golden Gate Park-en zehar Ozeano Barera joan ginen. Ez nahastu, Golden Gate Park ez dago izen bereko zubiaren ondoan, ezta urrik eman ere! Parke horrek ere hiriaren handitasuna bere horretan erakusten du. 10 bat futbol zelai luze edo gehiagoren luzera eta 3 edo 4ren zabalera du markeak. Google Maps-eko satelite bistan bikain ikusten da. Asteburua zen eta jende mordoa zegoen bertan, polizien lasterketa benefiko horietako bat ere bai tartean. Taberna eder bat ere topatu genuen arratsalde partean: Zeitgeist.

San Francisco Alcatraztik

Eta Ozeano Barera iritsi ginenean... behelainoa, barkatu gandua. Ohikoa omen da gandua San Franciscon. Berehala garbitu zuen ordea eta eguna berriz ere argitu. Ibili luze horren ondoren, autobusean egin genuen buelta.

Hirugarren egunean, lehenengo egunean hartu genituen Alcatraz-erako txartelak erabili genituen. Itsasontzia hartu eta segurtasun handiko gartzela mitikoari egin genion bisita. Hotelerako buelta San Franciscoko tranbia, hauek ere mitiko, horietako baten egin genuen.

Ashbury eta Haight kaleen bidegurutzea

Laugarren eguna izan zen ederrenetakoa: bizikletak hartu eta Golden Gate zubian barna Sausalitoko etxe-flotagarriak ikustera joan ginen (25 kilometro guztira joanean eta beste horrenbeste itzuleran). Zalantza gabe aurten baino gehiago nekez ibiliko nintzen bizikletan: lehenengo Herbereetan eta ondoren San Franciscon. Eta Eibarren noiz? Lizarraldek bizikleta bat gomendatzen didanean :)

Bostgarren egunean, gehien gustatu zitzaigun zonaldea ikusi genuen: Haight kalea eta Haight eta Ashbury kaleen lotunea. Hor zegoen kale-bizitza benetan polita: erropa dendak, bigarren eskuko dendak, disko-denda izugarri bat, tabernak, musika, ... bizitza kalean. Handik bueltan, bazkalostean, Castrora egin genuen bisita, San Franciscoko gay komunitatearen auzora. Batman-enean garagardo bat hartuta goiz oheratzeko ordua zen, hurrengo egunean hasi baitzen Plone Konferentzia. Eta hangoak? Bada, hangoak CodeSyntaxen blogean aurkituko dituzu hemen baino hobeto azalduta. Gezurra badirudi ere Plone Konferentzietara lanera joaten gara. Hango kronika eta apunte asko ez ditugu argitaratzen, baina laburpen laburrak ez dizkiegu egiten CSko lagunei, luze eta zehatzak baizik!

Inork San Franciscora joan nahi badu, hona hemen Lur eta biok egindako ibilaldien mapa, azken egunekoa falta da, baina sartuko dut egun hauetakoren baten.

Argazkietako batzuk nireak dira eta beste batzuk Lurrenak. Seguraski onak bereak izango dira eta eskasak nereak :)

 

Ikusi San Francisco, USA mapa handiago batean
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.