Errepikapen desberdinaren jolasa
Negua itzuli zen. Gogoratzen nuen nolakoa zen aurreko negua, baina aurtengoa desberdina zen. Aurrekoaren antzekoa, baina desberdina. Udaberri, udazken edo uda guztiak bezala: denak nahiko antzerakoak, baina, noizean behin, desberdinak.
Itsasoan, berriz, itsasgorak, itsasbeherak, olatuak, errepikatu bai, egiten dira, antzerakoak ere badira, baina etengabe aldatzen dira, gauak, egunak eta gure arnasa nahiz bihotz-taupadak bezala.
Pittin bat desberdintzen direnean gure arreta pizten da, eta aldaketa handi samar bat gertatzen denean, ezeroso ere sentitzen gara.
Abesti baten isurian bezala, hau da, kantua hasten denetik bukatu arteko jarioan zehar errepikapen-jolas bat ematen da.
Hasieran, akorde, motibu musikal, esaldi edo errima batzuk entzun eta behin eta berriz errepikatzen direla sumatzen dugu.
Erritmo bat bezala jaso eta berriro noiz gertatu zain gaude, errepikatzea espero dugu erlojuaren kanpaien moduan, edo taupaden moduan. Hala bada, lasai geratu eta agian, gustua ere hartuko diogu.
Ezin da ordea, beti-berdin, beti-berdin, beti-berdin jarraitu, gogaitu ere egin gabe, kanpandorreko kanpaiak etengabe jotzen arituko balira bezala, edo antzinako disko arraiatuek musika zatitxo bat etengabe errepikatzen zutenean bezala.
Hortaz, abestiaren isuriak errepikapenak bai, baina aldaketak ere eskatzen ditu (isil dadila kanpai zoro hori, edo kendu disko arraiatu lerdo hau).
Libratu gara errepikapenaren sorgin-gurpiletik, eman da aldaketa. Ondo, baina zerbait desberdina dago, ez da hasierako errepikapen ezagun hura, orduko erritmo eta taupadak, eta orain ezeroso ere senti gaitezke, ezagunetik ezezagunera pasa garelako.
Horregatik eskertuko dugu, aspertzen gintuen beti-berdin haren ondorengo aldaketaren ostean, lehengo erritmo ezagunera nola edo hala itzultzea.
Eta horixe da jolasa, dantza edo errituala: ezaguna-ezezaguna-ezaguna; behin-berriro-aldatu eta atzera lehengora itzultzea, joan eta etortzea, olatuak, itsasaldiak, gauak, egunak edo urtaroak bezala. Bitartean melodia bat isuri da, testu bat agertu da, eta, begira, askotan, bukaeran, koro bat, lelo bat errepikatuko da, behin eta berriro. Errepikapen desberdinaren jolasa.
