Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / Goizaldeko lua

Goizaldeko lua

Oier Gorosabel 2024/07/21 21:25
XIX mende erdi aldeko bertso sorta honetan, gure arbasuak erabiltzen zeben loaldi bixen ohitturia ondo baiño hobeto ikusi leike.
Goizaldeko lua

Eusebio Maria Azkue

Gizakixa erosotasunera errez ohitzen da. Horretara, ahaztuta dakaguz argi indar elektriko barik bizi giñaneko denporak. Etara kontuak: "historixia" hasi zanetik, 4000 bat urte pasau doguz su-argittan (kriseillu, kandela eta beste), eta ostera, 150 urte eskas bonbillekin. Pentsau, ze neurrittan aldatuko ete zittuan horrek jentian eguneroko bizimodua eta ohitturak, urtaruekin adibidez. Hasteko, ekaiñeko gabe labur-laburrak, eta neguko luze-luziak, jentian bizitza zikluak total baldintzatuko zittuan; gaur egunian, negu ta uda, antzeko bizimodu eta ordutegixak mantendu geinkez argi indar elektrikuari esker.

Antxiñako bizimoduan ezaugarri bat, gaur total ahaztuta dakaguna, gabian bi zatittan lo egittia zan: jentiak illuntzetik gabardira lehelengo lo-jaru bat egitten zeban; gabardi inguruan, esna egoten zan pare bat orduz; eta gero, goizaldian, beste kuluska bat egitten zeban eguna argittu arte.

Bistan danez, hau ez zan urte osuan bardin izango: negu aldian nabarmenagua izango zan (gabak luziaguak dirazenian), udan baiño. Eta logikua da ezta? Zein da kapaz, arratsaldeko bostetan illundutakuan ohian sartuta, hurrengo goizeko zortzirak arte lotan egoteko?? Seguru badagozela halakuak (nik ezagutzen dot bateren bat..), baiña jente gehixena esnatu egingo litzake, nahikua lo egin dabenian. Eta horixe gertatzen zan lehen: illuntzixan lotara sartzen ziranak (bihar gitxi egin zeikian illunetan, eta kandelak karuak ziran), gabardi bueltan esnatu egitten ziran. Orduan, gauzak egitteko aprobetxatzen zeben: etxeko biharrak, berba, pentsau, irakorri, idatzi, narrutan egin... (gaur egunian ixa ahaztuta bagagoz be, oin dala 150 urte ez zeguan internetik, telebistarik edo radixorik!). Gero, beste lo-aldi bat egitten zeben goizera arte. Itxuraz, loaldi bixen kontu hau XVII mende amaiera aldian aldatzen hasi zan, hirixetan kaleko argiztapena erabiltzen hasi zanian, eta jentiak kalera urtetzeko aukeria izan zebanian, beranduago oheratuta. Joera hau Europa ipar aldian hasi zan, jente aberatsan artian, eta pixkaka, gizarte osora zabaldu zan. Halan be, jentian korputza horretara eginda zeguan: 1829ko argitalpen batian mediku batek gurasueri emondako aholkuak agertzen diraz, bestiak beste "seme-alaberi loaldi bixen ohitturia kentzeko. Gaixotasun edo ezbeharren bat egon ezian, lehenengo loaldixakin nahikua da. Bigarrena egitten saiatzen badira, ez laga, eta erakutsixezue hori gauza txarra dala". Ohittura horren azken lekukotasunak 1920 hamarkadakuak diraz, eta ordutik hona loaldi bixen kontua herri-memoriatik zihero galdu da.

Horretara, azken urtietan horri buruzko zeozer argitaratu danian, gutako gehixenondako gauza guztiz barrixa eta xelebria izan da. Nik neuk, osagille modura giza fisiologixia interesatzen jatan neurrixan, interesez hartu dot.

Izan be, nahiz eta herri-memoriatik guztiz desagertu, loaldi bixen ohitturiak aztarna asko laga dittu idatziz, literaturan zein bestelako dokumentuetan. 1990 hamarkadatik aurrera, Roger Ekirch historialarixa hórrek harixotatik tiraka ibilli da, lekukotasun mordua bilduta. 2001ian The American Historical Review aldizkarixan artikulu bat idatzi zeban, eta 2006xan At Day’s Close. Night in Times Past liburua, asunto hau eta bestelako gabeko ohitturak aztertzen dittuana. Azkenaldixan loaldi bixen kontu hau komunikabidietara allegau danian, hónek biharrok aittatuta izan da; Ekirchen aurkikuntzen sintesis ona hamen eta hamen dozue, gazteleraz.

Neure aldetik, pare bat lekutan erreparauta netsan loaldi bixen arrastuari:

  • "Ixil ixilik dago" abestixan hau esaten da: "...goizeko ordu bietan esnatutzen gera / arrantzaleak beti joateko urrutira...". Beti egin jata deigarrixa, ordu intempestibo hori! Baiña kontu hau jakin dotenetik, ulergarrixagua egitten jata. Gabian itxasoratu bihar ezkeriok, gabeko esnaaldi hori aproposena izan leike.

  • Donatien de Saderen "Las 120 Jornadas de Sodoma" liburuan (1785) aipu hau 13. egunian: "(...) después de haberse divertido con ella hasta el momento de su primer sueño la relegó a un colchón colocado en el suelo para que dejase el lugar a la Fanchon, a la que siempre quería tener cerca cuando la lujuria lo despertaba, lo que sucedía casi todas las noches. Hacia las tres de la mañana se despertaba sobresaltado, juraba y blasfemaba como un condenado. Entonces era presa de una especie de furor lúbrico (...)".

Eta hara nun, oin dala gitxi, beste gauza baten billa nenbixala, Eusebio Maria Azkue lekittarran idazkixen artian topau doten loaldi bixen lekukotasun eder bat: "Gossaldeco lua" bertso sortia da, liburu honen 303-309 orrialdietan irakorri leikiana:

  • AZCUE-koa, Eusebio Maria. 1990. Euskarazko vertsoak. Bilketa eta edizioa: Asier Astigarraga eta K. Josu Bijuesca. Jarein sorta 1. Labayru Ikastegia - Bilbao Bizkaia Kutxa.

Bertsuori buruzko oharrak:

  • Hizkuntza aldetik oso interesgarrixak diraz; halan be, esan biharra dago ez dirazela Eusebio Azkuek idatzittako jatorrizkuak. Izan be, testu hau bigarren eskutik etorri jaku: Jose Antonio Uriartek "Poesia bascongada. Dialecto vizcaíno" eskuizkribuan dakarrena da, eta jakiñekua da Uriartek jasotako bertsuak pixkat "konpondu" zittuala. Eusebion seme Resurreccion Maria Azkuek be jaso zeban "Parnasorako bidea" argitalpenian, baiña ondiok aldatuago.

  • Edozelan be, 1860 inguruan herri arrantzale baten bizi izaten zirazen lanbide eta egoera ezbardiñak erakusten deskuan lekukotasun politta da, "Erlauntza" edo "13 Rue del Percebe" ikuspegixan.

  • Argi ikusten da Bizkaixan, XIX mende erdi aldian, loaldi bixen kontua oso normala zala. Ordurako, halan be, atzerakadan zoian ohitturia zan. Batez be klase apalenen artian zirauen, baiña bertsuon tono umoretsuan atzetik, ikusi leike Azkuek berak be goizaldeko lo horrekingo zaletasuna mantentzen zebala.

Beste barik, hamentxe doiaz ba bertsuok.

GOSSALDECO LUA

1

Fama charra bota da

Munduaren ganera;

Ta iñoc ez dau nai juan

Beste oba batera

Munduagaitic diño

Dala picarua,

Ez daquijanac cer dan

Gossaldeco lua.

 

2

Mundua asi zanian

Lenengo guizonac

Igaro cituezan

Egun asco ta onac:

Cergaitic eguin arren

Otza, nai berua

Iñoz ez eben galtzen

Gossaldeco lua.

 

3

Nai jai eguna izan

Ta nai aste eguna,

Lenengo lua beti

Izaten da astuna:

Baña guztiz ariña

Ta eztija lacua

Gorputzai atsedenda

Gossaldeco lua.

 

4

Lenengo luan dago

Bat arrija leguez

Guztiz biribilduta,

Edo luce, ta artez:

Guero bere atseguiña

Da neurri bacua

Elduten jaconian

Gossaldeco lua.

 

5

Munduan nai dabenac

Izan ainguerua,

Jaquitiarren cer dan

Gueroco cerua;

Ciur icusico dau

Beteta gogua

Amesacaz badauca

Gossaldeco lua.

 

6

Anchiñaco nescachac

Gosseco amesetan

Seiña aldatuten dagoz

Pozarren cantetan:

Eta au ez da guzurra,

Ez da ames zorua,

Igues doian artian

Gossaldeco lua.

 

7

Amaseico bateco

Abade guiltzerac,

Guztiz zurrac ostuten

Dotrina paperac;

Ta bardin errecetan

Latin mordollua,

Ez dabe iñoz galduten

Gossaldeco lua.

 

8

Echejaun bere echean

Lenen sortu zana

Errenteruen uzen

Asetan ez dana:

Gau guztija igaro arren

Edaten ardaua

Oera dua atrapetan

Gossaldeco lua.

 

9

Gueisso artzen dabenac

Purguia gossian,

Galtzen dau urte bete

Purga bacochian:

Asco bere oba da

Quentzeco gueissua

Purga atsitua baño

Gossaldeco lua.

 

10

Baldin purgau baleitez

Illunabarrian,

Necatuba egon arren

Gau erdira artian;

Artuco leuque guero

Gorputzac guirua,

Gozaro egiteko

Gossaldeco lua.

 

11

Zor daben necatua

Gossian gosseti

Pensamentu baltzacaz

Jaguiten da beti;

Onec atrapetan dau

Gosseco garua,

Eta artuen deutsanac

Gossaldeco lua.

 

12

Arraintzallac oi dagoz

Alturan calatan

Euren vicitziagaz

Beti erneguetan:

Baña ez deutse erasoten

Nequiac biraua,

Ezpada galdutiac

Gossaldeco lua.

 

13

Arrastaca batuten

Urre ta cobria

Dabillen guizona da

Munduan pobria;

Onec igaroten dau

Purgatorijua

Galduten dabelaco

Gossaldeco lua.

 

14

Infernura lenengo

Juan zan guizona

Ez zan izan gossetan

Beti loguin ona:

Abel ilteco azurra

Usteldu ta astua

Topau eban galduta

Gossaldeco lua.

 

15

¿Cer da bat egotia

Albataco mezan,

Icusten guizon, ta andra

Arrausinga elessan?

Gueijen gueijenac dauque

Zabalic aua,

Eguin ez dabelaco

Gossaldeco lua.

 

16

Gossaldian gossetic

Abade maisuac

Entzuten dagozanac

Gure pecatuac;

Ez dabe beti euquiten

Osasun osua

Galduten dabeelaco

Gossaldeco lua.

 

17

¿Cer litzate Erregueren

Buruco coroia

Ichi biarco baleu

Gossaldian oia?

Carga guztiz astuna,

Alper urrezcua,

Da quenduten dabena

Gossaldeco lua.

 

18

Azur utsac daucazan

Agura sicua,

Eguzqui etorreraco

Loro musicua:

Erijotzara arin,

Eta zuzen dua,

Ez dabelaco gorde

Gossaldeco lua.

 

19

Egunagaz jaguiten

Dirian alperrac,

Oin bico astuac dira,

Edo bai oquerrac:

Biurtu lei guizona

Ero ta zorua,

Sarritan galdutiac

Gossaldeco lua.

 

20

Otseiñac goss gossetic

Jaguiten badira,

Alperrerijan dagoz

Alcarri beguira;

Baña otseña izaten da

Biarguin cintzua

Gozaro eguin badau

Gossaldeco lua.

 

21

¿Cembat dagoz negarrez

Euren bacarrian,

Lo gozuan beste asco

Dagozan artian?

Beti izanic pozgarri

Ta beti gozua,

¿Celan ichi lei batec

Gossaldeco lua?

 

22

Bascal ostian duaz

Alperrac lotara

Lauoñecua janta

Doian lez cortara:

Gozo guichicua da

Bazcal ostecua;

Baña gozo gozua

Gossaldeco lua.

 

23

Eguin nai ez dabenac

Gossaldian loric,

Ez dauca viciteco

Batbere gogoric:

Dalaco viciteco

Ecinda obagua

Gozaro eguiten dau

Gossaldeco lua.

 

24

Egon biar baguendu

Beti iratzarriric,

Iñoz bere ez legoque

Gorrija gueldiric:

Eta ac bere egunoro,

Sinistzera nua,

Neuc leguez nai dabela

Gossaldeco lua.

PD: Artikulu honen laburpen bat Gara izperringiko "Gaur 8" astekarixan argitaratu da, 2023ko uztaillan 21xan.

asier sarasua
asier sarasua dio:
2024/07/22 08:58
Sekula entzun barik! Interesgarrixa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024