Dantzing
kalamua
Kalamuako eski estazioa
Mendiak zurituta, hartu eskiak eta Usartza eta Kalamua inguruetan ibili naiz gaur. Ah ze gozamena hartu dudan. Orain 40 urte inguru dagoeneko inguru horietan bertan eskiatzen ibiltzen zirenekin akordatu naiz. Arrastrea eta dena antolatu zuten Klub Deportiboko eskiatzaileek. Gaur egun Pirinioetara egunean joan eta etorri egiten da eta Kalamuan eskiatzaile gutxi dabil. Baina bai ondo ibiltzen dela horrelako egunetan!
Akondiako trintxerak
Orain aste batzuk Kalamua eta Akondia inguruetan gerra zibileko aztarnak ezagutzeko aukera izan dut. <eibartarrak> posta zerrendan antolatu zen txangoa. Oier Gorosabel izan genuen gidari, eta honek, besteak beste, Jon Etxezarraga edo Jesus Gutierrezek egindako lanetan oinarrituta eman zizkigun argibideak.
Bidaia harrigarria izan da. Hamaika aldiz zapaldutako lur berean ibili gara, baina, betaurreko berriekin denboran bidaiatzea modukoa izan da. Gerrako frontearen antolaketari buruzko azalpenak eman zizkigun Gorosabelek; bando baten eta bestearen posizioak argitu eta lubaki, babestoki eta ametralladoren kokaleku batzuk identifikatu genituen lurrean. Horrekin batera lur haietan izandako zenbait bizipen eta hilketen kontakizunak 72 urte atzera joaten lagundu gintuen.
Sentsazio bereziak izan dira. Gerra, bere gordintasunean, oso hurbil sentitu dut. Akondia gainean geundela, bando baten lubakitik kontrako bandoaren posizioak zein hurbil zeuden ikusteak hotzikarak eragiten ditu.
Ba omen dago Kalamua inguruetan gerraren inguruko parke tematiko bat egiteko asmoa. Baina iruditzen zait ez dagoela panelak jartzeko zain egon beharrik. “Parkea” egon badago, eder askoa gainera. Eta tematikoa izateko gaia ere badauka, gordina eta mamitsua. Adituen eskutik bisita gidatu batzuk antolatzeko ez da askoz gehiago behar.
...eta kitto! 2009-07-01



