Oier Araolaza Arrieta
Eibarren jaio nintzen, Elgoibarren erregistratu ninduten eta irakurtzen ikasi ondoren itzuli nintzen Eibarrera eta bertan bizi naiz harrezkero Ainhoa, Izar eta Ekainekin.
Bila, zeren bila jakin gabe
Ikasketak bilaketa lan luze bezain interesgarria izan dira niretzat. Zeren bila nenbilen ez nekien, eta horregatik kosta zait aurkitzea, baina azkenean aurkitu dut, eta gainera bidea bera opari ederra izan da.
Bokazio handirik gabe, eta azken orduko hautaketa medio kazetaritza ikasketekin hasi nintzen Leioan. Laster heldu nien lehenengo lan eta praktikei, bai Eibarko ...eta kitto! aldizkarian, Euskadi Irratian, Radio Estudion, Euskal Telebistan,... Informazio Zientzietan lizentziatuta nengoela zioen papera eskuratuta ETBn hasi nintzen lanean, albistegietan gehienbat, eta kulturazko Iparra saio gogoangarrian besteak beste.
Kazetaritzarekin hasi orduko konturatu nintzen mundu hark ez niduela erabat asebetetzen, eta ikasketak eta lanak utzi gabe beste ikasketa batzuk "probatzen" ibili nintzen. Soziologia hurbil genuen, fakultate berean eta lehen kurtsoko ikasgai batzuk konbalidatzen zizkiguten, beraz, pare bat kurtso egin nituen, baina hura ere ez zen nik bilatzen nuena. Gasteizera jo nuen eta Historia ikasketei heldu nien. Lehenengo zikloa osatu nuen bertan eta gozatu ere bai, eta gainera, segida non eman argi ikusi nuen: Donostian, kanpus hori falta zitzaidan eta!
Azkenean Gizarte eta Kulturazko Antropologia ikasketak egin nituen Donostian, eta pozik, gero eta hurbilago ikusten bainituen nire gustuko ikasketak. Eskolaz-eskola pasa nituen urte horietan nire zaletasun guztien artean bat nagusitzen joan zen, dantza, eta gero eta gehiago horri begira hasi nintzen formatzen. Antropologian lizentziatuta doktorego ikasketa lerro berri baten berri izan nuen, musikologiako doktorego ikastaroak eskaintzen hasi baitziren Gasteizen, EHUn, Artearen Historiaren sailean. Bi urtez ikastaroak egin ondoren, ikertzaile gaitasun agiria eskuratzeko ikerketa lana egiten hasi nintzen soka-dantzaren inguruan eta horretan nago orain, nago, nabil baino gehiago...
Nire izenaren ondoren titulu bat jarri behar denean dantzaria jartzen dut gustoren. Izan ere dantzan gozatzen dut gehien, eta dantza-kontuetan joaten zaizkit indar gehienak. Kazetaritzatik atera dut ogia urte batzutan, ETBn hasieran eta Elhuyar Fundazioan ondoren, Teknopolis telebista saioan eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioan besteak beste.
Eibarko Kezka Dantza Taldean dihardut dantzari, baina baita Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia dantzari taldeetan ere. Dantzari buruzko dantzan.com webguneko kudeatzailea naiz eta horrekin lotutako dantzan posta zerrendan animatzaile.