Ikerketa dantzan kongresua Valentzian
Danza más investigación IV. Kongresuaren irekiera ekitaldia. Argazkia: Oier Araolaza. Valentzia, 2016-11-25.
Mamitsua
Hiru egun bete-bete izan dira Valentzian eman ditugunak. Dantza ikerketen alorrean hazkundea izaten ari da (zaila ere ez zen, nondik abiatzen zen kontuan hartuta) eta ikertzaile gazte eta prestatuak ekarpen interesgarriak egiten ari dira. 200 parte-hartzaile eta 100 ponentzia izan dira kongresuan. Tarte batzuetan hiru edo lau aretotan aldi berean burutzen ziren aurkezpenak, eta gai askok erakartzen nindutela ikusita bi tokitan aldi berean egoteko gaitasun eza sufritu dut.
Programa osoa "Danza más investigación" elkartearen webgunean ikus daiteke. Gogoan iltzatuta geratuta zaizkidan komunikazioen artean, Dantza eta Historia mahaian entzundakoak, edo Dantza eta Politika mahaikoak aipatu nitzake. Aurkezpen teorikoez gain oso interesgarria gertatu da obra eszenikoen komunikazioa. Sorkuntza koreografiko bat aurkeztu eta eszenatokian dantzatzen ikustea oso argigarria eta lagungarria gertatzen baita horrelako lanetara hurbiltzeko.
Euskal ordezkaritza
Alicia Gomez-ek akuilatuta, kongresuan izan garen euskal ordezkariak hainbat ordu konpartitu ditugu eta elkarren berri izateko aukera ona eskaini digu. Elkarrekin egoteko Valentziara joan behar izateak eroa dirudi, baina denok ere hamaika saltsatan korapilatuta egonik, ez bada gure ohiko eremutik irtenda, ia ezinezkoa gertatzen da denbora hori elkarrekin egoteko hartzea.
Begoña Olabarria eta Alicia Gomez Danza más investigación elkartearen sortzaile taldeko bazkideak dira, eta kongresuan antzeman da beraien inplikazioa, antolaketa taldean egon gabe ere hainbat ekitaldi, komunikazio eta mahai koordinaziotan parte hartu baitute. Begoñak iaz defendatu zuen doktorego tesitik abiatutako ponentzia aurkeztu zuen, dantza modernistan emakumeen estereotipoak ikergai dituena. Aliciak Gomez-ek irakasleei begira lantaldean egin den psikologia liburu baten berri eman zuen, taldean lan egiteko sistema hori beste alor batzuetan, dantzan adibidez, aplikatzeko izan ditzakeen aukerak azpimarratuz.
Euskal ordezkarien ekarpenekin jarraituz, Eneko Lorentek, dantzaren eta zinearen arteko harremanak izan zituen aztergai bere ponentzian, eta zenbait mahai zuzentzeaz gain Euskal Behatokiaren enkarguz EHUko lantalde batean euskal kulturaren inguruan egindako ikerketarenberri eman zuen. Lan eszenikoen aurkezpen artean, Natalia Mongek irrintziaren inguruan egindako ikerketa koreografikoa aurkeztu zuen. Neuk, XX. mende hasierako Poxpolinen figura, generoaren eta politikaren ikuspuntutik aztertu dut.