Hemen zaude: Hasiera Blogak Dantzing festak

Dantzing

festak

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Gaia atera denean testigantzak agertzen hasi zaizkit eta Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertzen ari zaizkidan testingantza horiek blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

Kalabaza hutsik

Asteburu honetan Halloween ospatzen da mundu erdian. Estatu Batuetan izugarrizko hedapena izan du ospakizunak eta filmeen bidez mundu osora zabaldu da. Gure inguruan ere gero eta ohikoagoak dira Halloween festak taberna eta diskoteketan eta mozorro denda eta txinatar bazarretan egunotan ez da beste konturik.

Ba Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen. Eta orain, Amerikarren festa dela pentsatuta hasi gara berriz ere ospatzen. Nortasun gutxikoak gara gero.

Noski, hemen ez zaio inoiz Halloween deitu, Arimen eguna baizik. Toribio Etxebarriak idatzi zuen: “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.”

Mutrikun adinekoek gogoratzen omen dute gaztetan ortuetatik kalabazak lapurtu, hustu eta barruan kandelak jarrita kaleetan, atarietan jartzen zituztela. Badira urte batzuk Mutrikun Arimen egunaren ospakizuna berpiztu zutela: Gaba Beltza izendatu zuten, larunbat gauean finkatu eta izugarrizko indarra hartu du urte gutxitan. Marka da gero gure tradizioak Hollywood-i esker biziberritzea!

...eta kitto!, 2009-10-31

(Lehen ere idatzi izan dut honi buruz blogean bertan. Etakittorako zutabe eskaera Domu santu astebururako etorri denez reziklatu egin dut gaia).

Bortizkeria errituala

Atera gara etxeko txikiekin buruhandi eta erraldoietara, eta hasi dira erraldoien baltsak eta umeen korrikaldiak. Buruhandi bat hurbildu zaigu erasokor, puxika altxatu eta kolpea jaurtitzera. Baina sorpresa, goxo-goxo, ia laztanduz pasa du goma-espuma umeen buru gainetik.

Deskantsuan dagoen konpartsako kide batengana hurbildu naiz. “Puxikarik ez duzue erabiltzen ala?”, “Ez, ilegala da behi puxikak erabiltzea”. “Suabe jotzen duzue hala ere”. “Bai, guraso batzuk kexatu ziren eta Udalak eskatu digu ez gogor jotzeko”.  

Inauteriak bizi-bizirik dituzten herrietan arruntak dira indarkeria agerraldiak. Maskaradetan kauterek eta buhameek ostikoka, zilipurdika, bultzaka, orruka eta elkarren gainera salto eginez pasatzen dituzte neguko igandeak. Ituren eta Zubietako mozorroek ankerkeria eta jarrera erasokorrean konpetitzen dute beraien artean. Luzaiden pazko igandez, Axe eta Tupina elkarri tiraka, bultzaka eta kolpeka hasi eta muturka bukatzeko gertu izaten dira. Hernaniko Axeri-dantzan, puxikekin armatuta eta sokari helduta zarta-hots ederra ateratzen dute inguratzen direnen bizkarrak ondo berotuz.

Ez dakit zein den indarkeri erritual horiek elikatzen dituen arrazoia —eta ez eskatu interpretazio psikoanalitikorik—, baina nire begiekin ikusi eta larruan frogatutakoa da folklorean nahiko maiz agertzen dela bortizkeria. Eta hara, bestelako baldintzetan inondik inora onartu ezin dudan indarkeria, jai giroan eta errituala denean erakargarri egiten zait. Benetako indarkeriak atzerakada eragiten dit. Ezin dut eraman. Baina indarkeria erritualak erakarri egiten nau. Arizkun-en Hartza eta mozorroen eskutik makila-salda ederra hartu nuen azkenengoz inauterietan, baina berriz ere itzultzeko desiatzen nago.

Telebista piztu eta borroka eta hilketaz betetako marrazkiak ikusten dituzte gure txikiek, baina kalera atera eta superbabesaren araudia aplikatuz erraldoiak eta buruhandiak goxatzen ari gara. Artisauek urteak daramatzate erraldoi eta buruhandiei itxura atsegina emateko ahaleginetan. Garai batekoak zantarrak, groteskoak, desproportzionatuak, desitxuratuak ziren. Orain hurbileko pertsonaia atsegin eta ederren traza eman nahi izaten diegu. Puxikarekin gogor jota ere zaila da inori min egitea, baina hala ere kolpe horiek biguntzeko agindua jaso du zenbaitek. Beldurra eragiteari uzten dioten egunean interes guztia galduko dutela iruditzen zait niri, baina joera garbia da, eta zaila dirudi horri aurre egitea. Disneyk habia egin du gure baratzean.

Argia, 2009-09-04

 

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin dut lan, baina azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com

izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat.

 

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa
Azken erantzunak
baztanaldera Oier A., 2010/02/02
pasaietan Pello, 2010/02/01
Ostrokua Aitziber Iriarte Garin, 2009/12/30
Ostrokua Oier A., 2009/12/29
Hambre Aitziber Iriarte Garin, 2009/12/29
Etiketa lainoa
012 2007 2009 ADDE a-gripea administrazioa agenda akondia amateur antzerkia apaizak argazkiak argazkilariak argia argia-astekaria argia-urtekaria arimen-eguna arma-museoa armia-eibar arratetikuak arrazismoa aste-santua bailara balantzea baltasar beltza belztasuna berano bidegorria bideoa bideoak bilera bizikletan bizkaia bortizkeria buruhandiak codesyntax dantza dantza-elkarteak dantza-tradizionala dantzan.com debabarrena delfin-colome diru-laguntzak domu-santu eibar ekain elgoibar elurra elurtuta ermua erraldoiak erregeak eskia eskiatzen esku-dantza eskualdea etakitto eusko-jaurlaritza festak filipe-oihanburu gaba-beltza gaixotasuna gaztaiñerre gerra gripe-a gripea halloween hitzegiten hizketan hizkuntza hiztegia hollywood ibilaldiak ibilbideak ikasten ikusentzunezkoak inauteriak internet irekia jaurlaritza kalamua kamerariak karnabalak kep kilimon kuestazioak kultura kulturaren-euskal-plana mallabia maltzaga mendaro mikel-laboa monica-runde morris multak museoak musika oinez olinpiadak ondarroa ordizia profesional programazioa puska-biltzea santaneroak silberio-beristain sinboloak space-invaders stargate susyq telebista tradizioa tradizioak txangoak txingoak txistua umeak umeekin urtekaria worldploneday2008 zentzua zutabeak