Dantzing
dantza
Oilo bustia ala hartza
"dantzan puntu com, dantzaannnn, ennez bukatuta". Zenbat aldiz errepikatu behar izan dugun zuzenketa hori azken hamar urteotan. Izena jartzerakoan pentsatu genuen indar gehiago zuela 'n'-z bukatutako "dantzan.com" horrek, eta gainera, beste erremediorik ere ez genuen, 'n' gabeko "dantza.com" zainzuriak, piperrak eta alkatxofak saltzen dituen Castejoneko kontserberak hartua baitzuen ordurako.
Hamar urte dira Argiatik gonbidapena jaso nuela dantzan.com ekimenaren berri emanez artikulu bat idazteko. The Chicken dance, alegia, Oilaskoaren dantza izan zen artikulu haren izenburua. Maria Jesús y su acordeón eta bere pajaritoak Benidormen konfinatzea lortu genituenean, Ameriketako euskaldunen ezteietan jarri ziren modan, eta gainera, euskal jatorriko dantza zelako ustea zabaldu zen. Lisa Corcosteguik esplikatu zuen Oilaskoaren dantza Thomas Werner suitzarrak sortu zuela 70eko hamarkadan, eta harrezkero mundu osora zabaldua zela The Duck Dance edo La Danse des Canards moduko izenekin. Dantzaldizkaria webgunean eman zituen azalpenok ingelesez. Hori ikusita pentsatu genuen ingelesez ez dakitenentzat egin behar genuela antzeko zerbait. Horrela sortu zen dantzan.com, eta horrela hasi nintzen Argiarako artikulu hauek idazten.
“Euskal dantzarien komunitatearen informazio trukea bideratzeko sortu da dantzan.com, euskal dantzari eta dantzazaleen gunea" idatzi nuen oilaskoarenak esplikatuta gero. Dantzari batzuen gogoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eta CodeSyntax enpresaren gidaritza teknologikoarekin abiatu ginen. Bidean zientoka dantzari eta dantzazale, elkarte, talde eta norbanako batu zaizkigu, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso dugu, eta dantza arnasten duen komunitate erreala trinkotu da gune birtualaren bueltan.
Hamargarren urteurrena ospatzeko unean hileta kanpaiak jo ditugu. Diru-laguntzen jaitsierak eta beste diru-sarrerak murriztuta dantzan.com itxi beharra izan dugu. Oilaskoaren dantzaz gain, hartzaren hibernazioaz aritu gara dantzan.com-en. Jakin dugu neguan hartza leizean ezkutatu eta lozorroan izaten dela, kieto, hilda bezala. Kandelaria ostean, inauterien usainera iratzarri eta indarberrituta itzultzen da. Horixe amesten dugu guk ere. Hartzaren neguko loaldia izatea nahi genuke, indarrak batu eta udaberrirako esnatzeko. Baina, nola jakin lotara joaterakoan negu luzearen ostean iratzarriko ote garen? Hartzaren dantzarekin amets egiten dugu; ea ez garen oilo bustiarenarekin geratzen.
Argia, 2011-01-22
Tradizioa eta abangoardia: Raices, zelako sustraiak!
Festa tradizional bat da, baina abangoardiako performance moduan aurkeztuta ere, erabat sinesgarria litzateke. Eroetxetik ateratakoa dirudien konparsa honen antzerki absurdoa ikuslerik gabeko mendi magalean ikusita abangoardiako performance baten aurrean dagoela pentsatzera eramaten baitu ikuslea.
Iruñeko lagun batek, Mintxo Garaikoetxeak, bideo sorta zoragarri bat bidali digu. Atalka atalka joan gara dantzan.com-en argitaratzen, eta ale bakoitzarekin gozatzen. Television Españolak, frankisko garaian ekoiztutako Raices programako atalak dira. Folklore zaleontzat ikaragarrizko altxorra dira eta pozez txoratzen gaude dokumental guzti horiek ikusita. 1970eko hamarkada hasierakoak dira grabazio gehienak, alegia, orain 40 urtekoak, baina lau hamarkada horiek mundu bat izan dira folklorean eta bideoan ikusten dugunaren batzuetan beste mundu batera bidaiatzen dugun sentsazioa dugu.
Dantzaren ikuspuntutik zein baino zein interesgarriagoa da, eta ez naiz gai bat hautatzeko, baina dantzatik kanpoko irizpideekin bi apartatu, eta hona ekarriko diut.
Lehenengo eta behin Felicitas, "Señora" Maria eta Petra aipatu nahi ditut. Caceres-eko Garganta la Ollan egindako grabazioan ageri dira hiru emakume hauek, beren herrian jotak nola dantzatzen dituzten azaltzen. Ah zer hirukotea! Haien dantzarako naturaltasunak eta bizi-pozak ez du parekorik. Programaren erdi aldera, 14'28" puntuan hasten da esandako pasartea.
Sorta osoaren gailurra aspaldi ikusitako gauza harrigarri eta hunkigarriena da. Valentzian, Biar herrian ospatzen den festa bitxi bat da, Mairu eta Kristauen festen testuinguruan egiten den Espioien dantza edo Ball dels Espies. Merezi du ordu erditxo bat hartzea hau ikusteko:
Festa tradizional bat da, baina abangoardiako performance moduan aurkeztuta ere, erabat sinesgarria litzateke. Kontuan hartu behar da, programa guzti hauetan ageri diren dantza eta festak, dagokien festa egunetik kanpo, propio berregin eta grabatuak izan direla. Horrek, oraindik ere bitxiago egiten du honako hau, eroetxetik ateratakoa dirudien konparsa honen antzerki absurdoa ikuslerik gabeko mendi magalean ikusita abangoardiako performance baten aurrean dagoela pentsatzera eramaten baitu ikuslea.
Enrike lagunak bideoa ikusitakoak bidali zidan mezua ekarri dut hona, niregan sortu zuen harridura bera sentitu baitzuen, eta bai ederki jarri ere hitzetan:
"Aluzinauta gelditxu nok. Galduta. Aurreko baten esaten hestan
ikusteko, ikusteko hori "ball dels espies" hori, eta ointxe ikusi juat.
Zer dok hori baiña! Zer dok antzerkixa bera eta zer dok Raices
programiaren hori ale konkretuori, gaurko ikuspuntutik ikusitxa!
Surrealistia? Beste mundu bat? Programiorren direktoria, zer, un
adelantado, un monstruo, biharreko gogorik ez? Ze pentsau?
Hasteko, fiestia bera. Teatro del absurdo, esaten juek? Hortxe dakak
teatro del absurdo, pretensiño barikua eta natural eta ondo eindakua
gaiñera. Zelako ingredientiak! Eta zeiñendako eitxen juek hori jaixori?
Pentsatzen egon nok ze, nahiz eta hasieran esan jai-eguna zala eta
orduan egunian eitxen dala hori fiestiori, han katurik be ez eguala
begira. Holantxeik izango dok benetan? Iñor be ez dala juaten? Akaso
egun horretakua emanaldi bereziren bat izango zuan, propio grabatzeko,
eta horretxegaitxik jenterik ez? Joder, aurreko espiak, zelako
kuadrillia! Flipantia! Eta atzeko dantzako parejak! Zenbat urte eta
zenbat bidar hori dantziori benga eta benga eta benga aldapan gora? Eta
ze dantza klase? Eta bandia? De pelikula, gero!
Joder, baiña fiestia bera bezin fuertia, ordu erdiko programia
horrekiñ osatu ahal eta osatu nahi izatia dok. Tipua, direktoria,
bisionarixo bat zuan, edo adar jotzaille mortala, edo zer?
"
Dantza sustatzeko egitasmoak eztabaidatzen
Pasa den azaroaren 4an Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzatutako Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren baitan, dantzako talde eragilearen bigarren bilera burutu zen. Bost ordu t'erdi, 9.30ean hasi eta 15:00ak arte iraun zituen bilerak, atsedenik gabe, eztabaida bizi-bizi izan baikenuen. Hona hemen bertan bizitakoaren laburpen pertsonal bat (ezin guztia jaso!) eta nire ondorioak.
Aurrekariak
Aurreko bilera maiatzaren 5ean egin genuen , eta bertan parte hartu genuenok dantza sustatzeko hainbat ekimen eta jarduera lerro proposatu genituen. Zortzi puntu atera ziren:
- Formazio reglatua
- Dantzaren baliabide guneak
- Dantzaren dokumentazio zentroa
- Ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko dauden formulak berraztertu eta berriak sortzea.
- Erakusketa eta difusiorako dauden babes formulak berraztertu eta berriak sortzea.
- Dantza balioan jarri eta dantzaren sentsibilizazioa, ezagutza eta hurbilketa sustatzeko formulak berraztertu eta berriak sortzea.
- Etengabeko formakuntza eta profesionalei laguntza.
- Sektoreko elkarte eta bestelako ekimenak sustatu eta babestea.
Kultura Sailetik eskatu ziguten guztien artean hiru lehenesteko. Ez gogo onez (denak iruditzen baitzitzaizkigun premiazkoak) eta hori egiteko planteatu zitzaigun formularekin haserre (azken batean, bozketa moduko bat izan zen, baina bozkatzaileen zentsoa desorekatua zen, tradizionaleko gutxi baikeunden) baina azkenean bakoitzak lehentasunak markatu genituen, eta adostasun handiena eskuratu zuten hiru puntu jaso zituen prozesua kudeatzeaz arduratzen den Kualitate Lantaldeak.
- Erakusketa eta difusiorako dauden babes formulak berraztertu eta berriak sortzea.
- Dantzaren dokumentazio zentroa
- Dantzaren baliabide guneak
Hiru puntuko lehentasunen proposamen hau Kultura Sailak jaso, eta horien inguruan egin litekeena aztertuz, bere proposamena prestatu zuen. Proposamen hori jarri zen mahai gainean pasa den azaroaren 4an egindako bileran.
Ordezkaritza
Honakook elkartu ginen Donostiako Astoria hotelean.
- Iratxe de Arantzibia (dantza kazetari eta kritikaria)
- Jon Ugarriza (sortzaile independientea)
- Sofia Alforja (Dantzaz konpainia)
- Carmen Tercero (Gasteizko Jesus Uruñuela dantza kontserbatorioa)
- Arantza Balentziaga (Ertza konpainia, eta ADDE)
- Laura Etxebarria (La Fundicion)
- Patxi Laborda (Aiko Taldea eta Bilbao Musika)
- Estibalitz Iturria (EDB)
- Alicia Gomez (ADDE)
- Idoia Zabaleta (Azala)
- Imanol Arana (EJ, Kultura saileko teknikaria)
- Pello Gutierrez (EJ, Kultura saileko aholkularia)
- Itziar Camara (Kualitate Lantaldea)
- Oier Araolaza (dantzan.com)
Aurkezpenak eginda, Pello Gutierrezek barkamena eskatu zuen aurreko bileran ez zelako gobernuko ordezkaririk izan, eta Itziar Camarak aurretik egindako ibilbidea, eta prozesua zein puntutan zegoen azaldu zuen.
Sektorearen kezketan formazioari dagokiona sistematikoa da, baina hezkuntzari dagokion konpetentzia izanik, Hezkuntza Saileri bideratu dela jakinarazi zitzaigun.
Gainontzeko puntuei zegokienez, Kultura Sailak bere bere lehentasunak markatu, eta datorren urterako egin daitezkeenak jaso dituela azalduz ziguten, hiru lehen jarduera-lerroetan oinarrituta.
Sentsazio orokorrak
Pello Gutierrez-en esanetan, sektore kulturalak gehiegi sektorializatuta daude, eta disziplinartekoa sustatu eta artea-gizartea kontaktu zuzena bultzatu nahi dute.
Hiru puntu lehenetsietan sartu aurretik balorazio orokor bat egin nahi nuela esan eta hitza hartu nuen. Nahiko gogor aritu nintzen, haserrea kanporatu nahirik, ondoren puntuetan hotzago jardun ahal izateko. Azken txostena, nire iritziz, balioz hustuta ageri zela salatu nuen. Txosten hori irakurrita pentsa liteke dantzaren sektoreak ez duela premia larririk, ematen diren diru-laguntzak errebisatu, digitalizazio lan batzuk egin, eta izaera polibalenteko eremuetan dantzako jarduera batzuk sustatuta dena eginda dagoela. Proposatu ziren puntuen erredakzio-formulazioan emandako giro linguistikoekin, helburuak difuminatu eta egin beharrekoak diluitu egin zirela aipatu nuen. Adibidez:
"Desarrollo de un estudio orientado a conocer, analizar y valorar posibilidades para la reformulación, diversificación y ampliación de las fórmulas existentes y/o la articulación de nuevos modelos para el apoyo a la exhibición y difusión"
Transbertsalitatearen aldeko diskurtsoa oso interesgarria, baina dantzak premia propio eta espezifikoak dituela, beste alor gehienek duten egituratze mailarik ez duela, eta kultur eta sustapen politika propioa behar duela esan nuen, laguntza eta akzio espezifikoak behar dituela.
Sektoreko beste zenbait kidek ere hitzegin zuten, ez horren sutsu, baina bai antzeko kezkak agertuz, prozesua operatiboa ez zela azpimarratuz (Laura Etxebarria), beti puntu berean, beti hasten ari garela esanez (Patxi Laborda), eta sektorea erakundeak baino helduago dagoela adieraziz (Idoia Zabaleta).
Pello Gutierrez-ek erantzun zuen orokorrean hitzegiteak ez gintuela inora eramaten, hobe genuela puntuz-puntu aztertu txostena, eta hor ikusiko genuela benetan non dauden desadostasunak. Imanol Aranak erantzun zion gauza zehatzetaz hitzegin beharra zegoela, baina orokorraz ere bai, bestela frustrazioa eragiten zela. Baliabide urriak daudela, erakundeen arteko deskoordinazioa, eta abar... baina talde hauek, foro hauek beharrezkoak direla, eta urteotan gauzatxoak egiten ari direla.
Beraz, kezka orokorrei bidea emanez Esti Iturriak esan zuen ez dela aurrerapenik ikusten. Alicia Gomez-ek azpimarratu zuen dantzaren alorrekoak praktikan bizitzera ohituta gaudela, eta erakundeekin harremanean badugula sentsazioa praktikoak ez izatearena.
Pello Gutierrez-ek esan zuen gaur egun dagoen difusio mailari eusteko publikoarekin dagoela erronka handiena, orokorrean aurrekontuen jaitsiera handia izaten ari dela, baina kulturan, orain arte, eutsi zaiola.
Erakusketa eta difusioa
Behin barruak piskat hustuta (gerorako ere zerbait geratu zen) puntu zehatzei heldu genien, eta erakusketa eta difusioa sustatzeko gaiari heldu genion. Pello Gutierrez-ek bi ekimenen berri eman zigun, batetik Sarea eta Eskenaren arteko elkarlan bat, publikoen plan bat. Bestetik, Kulturklub, ikusle klub bat autonomia erkidegoaren eremukoa. Ikuskizunen eta kulturaren promoziorako bulego bat ere martxan jarriko dela iragarri zuen. Sarean dantzako programazioak presentzia handiagoa izatea gai konplexua dela, sarearen izaera anitza eta askea baita.
Difusioa-erakusketa alor honetan, nire iritziz, kontuan hartzeko hitza "ireki" zela aipatu nuen nik. Katalogoak ireki, guneak ireki, estiloak ireki, baldintzak ireki, eta diru-poltsak ireki! Alegia, dantzaren katalogoa proposamen guztietara ireki dadila (tradizionala barne!), dantza zirkuitua ez dadila bakarrik antzokietara begira babestu (plazak eta frontoiak ere bai!), dantza estilo guztietara ireki, profesionala izatea moduko baldintzak ezabatu, eta batez ere, diru gehiago jarri difusio laguntza horiek dantzaren alor guztietan eraginkor izan daitezen, eta ez bakarrik garaikidean.
Dokumentazio zentroa
Bigarren puntua Dantzaren dokumentazio zentroari buruzkoa zen. Sektoreak urte asko daramatza honen beharra aldarrikatzen, eta aurretik Kulturaren Euskal Planean ere jaso zen, nahiz eta azken orduan ere, azken unean balioz hustu eta zentro bat bultzatu beharrean dokumentazioaren egoeraz azterketa bat bideratu zen. Oraingoan, berriz ere talde eragileak lehentasunen artean jarri genuen premia hori, zehazki horrela jaso zen: "Diseñar y poner en marcha un archivo documental de la danza tradicional (Centro de danza o cultura, escena tradicional)".
Kultura Sailak horretarako batere asmorik ez duela argi erantzun zuen. Pello Gutierrez-en hitzetan, "Ez dugu zentro fisiko berririk eraikiko, ez kulturan ez industrian. Joera guztiz kontrakoa da, konpaktaziokoa."
Dantzaren dokumentazioari dagokionez, hauxe da Jaurlaritzaren Kultura Sailak egindako proposamena: "generar y alimentar un recurso digital, integrado en espacios ya puestos en marcha como la Biblioteca Digital de Euskadi". Horretarako 40.000 euroko aurrekontua aurreikusten zuen Kultura Sailak.
Berriz ere nahiko gogor hitzegin nuen gai honen kontura. Sektoreak lehentasuna zein duen argi markatu du eta horren aurrean adarra jo nahi zaiola iruditzen zait. Eusko Ikaskuntzak Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa lan bat dago euskal dantzaren dokumentazioa non eta zein egoeratan dagoen deskribatzen duena. Bilduma pribatu, txiki eta itxietan erabat barreiatuta, katalogatu gabe, artatzeko baliabide gabe, kontsultatzeko aukerarik gabe... 2009an, Eresbil (euskal musikaren dokumentazio zentroa) dantza dokumentazio fondo bat sortzen hasi zen Jaurlaritzarekin adostuta (lata handia emanda lortu genuen hori). Helburua zen, fondo bat sortzen joatea eta noizbait dantzaren dokumentazio zentro bat sortzeko aukerarik izanez gero, fondo hori bertara bideratzea. Alegia, Eresbil, erabat eskuzabal jokatuz, balizko dantzaren dokumentazio zentro baten "haztegi" lanak egingo lituzke. Fondo hori martxan jartzen 6.000 jaso zituen Eresbilek 2009an EJ-tik. 2010ean ere bai. Eta 2011an ukatu egin zaio laguntza hori.
Hori salatu eta digitalizaziorako aurreikusten zituzten 40.000 euroak Eresbilera bideratzeko eskatu genuen. Dantzaren alorrean, lehentasuna bilketan baitago orain, eta digitalizazioa aurrerago ere egin ahal izango baita.
Kultura Saileko ordezkariak jaso zuen eskaera, baina ez dakigu zer erabaki hartuko duten horren gainean.
Dantzaren baliabide guneak
KEP-ean proposatu ziren Dantza Etxeak daude ekimen honen abiapuntuan. Gipuzkoan, hari horri tiraka sortu zen Dantzagunea Artelekun (baina Diputazioa bakarrik geratu da horrekin, Jaurlaritzak ez baitu babestu) eta Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez Dantza Gune izeneko zerbait sortzekotan dira.
Jaurlaritzaren Kultura Sailaren esanetan, erakundeen arteko adostasuna zaila da alor honetan, eta ezer egin baino lehen azterketa bat, diagnostiko bat eta proposamen zehatz bat egin beharko litzateke. Gainera, sailak ez du bere gain hartu nahi ezer eraiki eta antolatzeko, baizik eta ekimen pribatuak izan daitezela.
Pello Gutierrez-en iritziz Sormen Fabriketan badago informazio-gunea eta sorkuntzarako eremua. Imanol Aranaren iritziz ordea, dantzak behar espezifikoak dituen sektorea da.
Eztabaida nahasia izan genuen, baliabide gunea zer den eta zer ez, ikuspegi desberdinak baigenituen. Pello Gutierrez-en iritziz gai hau ondo pentsatu beharra dago, eta norbaiti enkargatu behar zaio horri buruzko azterketa eta gogoeta egitea.
Alegia, hirugarren puntu honetan ere ezer gutxi.
Dantza ez da lehentasuna
Bost ordu-terdiko bilera izan zen, eta azken sentsazioa, nire aldetik, etsipen handikoa izan zen. Nire ondorioa da Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarentzat dantza ez dela lehentasunezko alorra, ez duela kezkatzen askorik, eta orain bertan dauden sustapen lanak nahikoa eta sobera iruditzen zaizkiola.
Sektorea ez dago batuta, errealitatea eta iritzi desberdinak bizi ditugu, eta gure artean ez gara ados jartzen diagnostikoan eta soluzioetan. Adibidez, dantza sustatzeko (sorkuntza, ekoizpena, birak eta formazioa) diru-laguntzak handitu behar direla esaten badu norbaitek, dantza garaikideko kideek erantzuten dute lehenengo orain ematen diren diru-laguntzak berraztertu behar direla, disfuntzio batzuk gertatzen ari direlako. Arrazoi izango dute, baina dantza tradizionala erabat baztertuta dago laguntza horietatik, eta ondorioz, ez badira handitzen reformulazio horretan ez dute onartuko beste estilorik sartzea, diru-poltsa bera askoz talde gehiagorekin konpartitzea ekarriko bailuke. Beraz, gure arteko eztabaidaten sartzen gara, eta administrazioa lasai, tenis partidari begira.
Dantzaren sektoreak interlokuzio bakarra ez izatea aitzaki ederra bihurtu da Eusko Jaurlaritzarentzat azken urteotan. Gure artean ados jartzen ez garenez, ez du ezer egiten eta listo. Nire ustez, justu kontrakoa izan beharko litzateke. Elkarrekin ados ez jartzea eta proiektuak adostu eta bultzatzeko gaitasunik ez izateak, dantzaren alorra zein desegituratuta dagoen erakusten du. Alegia, premia larriak dituela, eta horren aurrean, sektorea gai ez dela ikusita, administrazioak arreta berezia eskaini beharko lioke.
Euskal dantza: beste enigma europar bat
Zergatik ez dago euskal dantzak aztergai dituen institutu bat? Zergatik ez dago EHUn euskal dantza ikergai duen sail bakar bat ere ez? Nola da posible, gure nortasunaren sinbolo bihurtu dugun horri buruz ezertxo ere ez jakitea eta ezta jakiteko asmorik ez izatea? Hori bai dela Euskal dantzaren enigma...
Euskara: enigma europarra izeneko izeneko dokumentala grabatzen ari dira egunotan. ETBn eskainiko da abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta. Hasier Etxeberriak eman du horren berri Zuzeu albistarian eta grabatutako irudietako batzuk jarri ditu bertan: Lekeitioko Kaxarranka Bilbon, Guggenheimen, armiarmaren ondoan. (Bide batez, Asier Uskola bera ageri da kaxa gainean dantzan eta Arkaitz Pascuas kaxa eusten .)
KAXARRANKA Guggenheim Museoan from H. Etxeberria on Vimeo.
Honetara ere ohituta gaude, alegia, euskararen jatorria aztergai duen dokumentalean dantza irudi batzuk ikustera. Ez dakit zein erabilera sinboliko eman nahiko dioten dantzari dokumental horretan, baina maiz, horrelakoen bidez iradoki nahi izaten da gure dantzak hain desberdinak eta bereziak izanik, euskararen izaera bakana irudikatzen dutela.
Batzuk enigmak, besteok topikoakHamaika aldiz erabili izan dira euskal dantzak euskararen eta euskaldunon izaera berezi horrekin lotuta. Ondorioa da, euskal dantzen jatorriaz mitoa eraiki eta mito hori topiko bihurtu dugula. Beraz, oraingo dokumental honetan bezala, estereotipo eraginkorra da dantza irudiak jartzea euskararen jatorria aztertzen duen dokumental batean.
Dantzaren alorrean apurtxo bat sakontzeko ahalegina egin duen edonor konturatzen da topiko horrek errealitatea erabat desitxuratu duela, baina hain dago errotua estereotipoa ez dagoela amaren semerik horri buelta emango dionik.
Non daude ikertzaileak ?
Jakin nahiko nuke zenbat hizkuntzalarik daukan euskararen jatorria profesionalki ikertzen aritzeko aukera. Zenbat milaka lagunek egin dituzten euskal filologia ikasketak eta zenbat lanpostu dauden euskararen ikerketarekin lotuta. Horren aurrean, argi eta garbi esan beharra dago, mundu osoan ez dagoela ikertzaile bakar bat ere dantza ikasketak egin (koreologia, etnokoreologia,...) eta profesionalki euskal dantza aztergai duena. Urbeltz, Irigoien eta abarren lana ikaragarria izaten ari da, beren burua beren kasa prestatu eta beren ogibide eta familiei lapurtutako denboran egina. Fdez. Larrinoa, Sanchez Ekiza, Itzaina eta enparauek, beren unibertsitate ibilbideetan (antropologia, musikologia, gizarte zientziak...) saiatu dira tarte bat eskaintzen dantzari. Baina ezin koska egin bete-betean gaiari, beti pasadan. Horietako batzuk lan ikaragarriak egin badituzte ere, euskal dantzaren alorrean ez daukagu formazioz eta dedikazioz horretan aritzen den ikertzaile profesionalik.
Euskal dantzaren jatorria, bilakera, historia, jasotako eraginak,... dena dago aztertzeko eta ikertzeko. Dantza klasikoaren jatorrian euskal dantza dagoela esaten dugu harro-harro, eta ez dago ikerketa alu bat bera ere hori frogatzen duenik. Horren inguruan dagoen lan bakarrak (Urbeltz-ek, 1994an Bailar el Caos-en argitaratutakoak) oso bestelako ikuspegia eskaintzen du, baina inork ez du bide hori sakontzeko prestaketa eta denborarik. 1661an Parisen, lehen ballet konpainia sortu zenean bertan 20 euskal dantzari zeudela dakigu, baina ez dakigu ezer gehiago horretaz, ez delako ikertu.
Euskal dantzaren enigma
Baldintza horietan, amorragarria ere gertatzen da Euskararen enigma europarra moduko dokumentaletan dantzak jokatzen duen papera ikusi eta dantzak berak atentzio propiorik ez izatea. Dantza enigma horren parte bada, zergatik ez daukagu hori aztertzen duen ikertzaile bat bera ere? Zergatik ez dago euskal dantzak aztergai dituen institutu bat? Zergatik ez dago EHUn euskal dantza ikergai duen sail bakar bat ere ez (eta hori errektorea dantzaria dugula!)? Nola da posible, gure nortasunaren sinbolo bihurtu dugun horri buruz ezertxo ere ez jakitea eta ezta jakiteko asmorik ez izatea? Hori bai dela Euskal dantzaren enigma...
Ezpata-dantzek erotuta
Ezpata-dantzekin liluratuta, ez zeukan besterik buruan gizonak. Frantisek Pospisilek Brnoko museoan egiten zuen lan, baina ezpata-dantzekiko zuen zaletasunak bere lan-eremua gainditzen zuen, eta bere kasa hasi zen batera eta bestera haiek ikusten eta aztertzen.
Diotenez, emaztearen ondasunak xahutu zituen bere obsesio horren eraginez. Jakinmina 1907an piztu zitzaion, lehen ezpata-dantzak ikusi zituenean. Ondoko hamarkadetan ez zuen deskantsurik izan, beti hara eta hona, ezpata-dantzak ikusten eta ikertzen. Argazkiak egiten zituen, baina ezin haien bidez dantza osorik jaso. Halako batean, zinearen berri izan zuen, eta 35mmko kamera, bere garairako aitzindaria erosi zuen. Moraviako ezpata-dantzak filmatu zituen, baina bazekien Txekiatik kanpo ere bazirela, eta tresnak hartu eta batera eta bestera hasi zen: Kroazia, Ingalaterra, Euskal Herria...
Euskal Jaiak ospatzen ziren 1927an Baionan. Ingalaterratik, Violet Alford buru zela, Londresko English Folk Dance Society elkarteko ordezkaritza bat iritsi zen. Txekiatik, Frantisek Pospisil, zine kamera besapean zuela. 80 urte ondoren, Juan Antonio Urbeltzi esker ikusi ahal izan ditugu irudi horiek. Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Ingalaterrako dantzariak ageri dira irudietan. Hunkigarria da Zuberoako zamaltzaina kamera aurrean antrixatak maisuki dantzatzen ikustea. Pospisil Donostian eta Lekarozen ere izan zen, eta Aita Donostia eta Telesforo Aranzadiren laguntzarekin Gipuzkoako brokel-dantza eta Durangaldeko dantzari-dantza grabatu zituen. Ez dakigu ezpata-dantzekiko obsesioren ondorioz izan ote zen, baina Pospisilek gaizki bukatu zuen. Etxeko ondasunak ahituta, nazien aldeko jarrera leporatu zioten eta museoko lana galdu zuen. Burua nahastuta, eroetxe batean hil zen 1958an.
Jeremy Carter-Gordonek ere ezpata-dantzak ditu zaletasun. Ingalaterrako ezpata-dantzak ikasi ditu bere herrian, Bostonen, eta etnokoreologia ikasketak burututa, Europako ezpata-dantzak ikertu nahi dituela erabaki du. Motxila eta banjoa hartu eta Europara etorri da, ezpata-dantzak ikusi eta ikastera. Beka txiki bat du, baina estu dabil batera eta bestera iristeko, eta patrika erabat hutsik duenean banjoa atera, emanaldia egin eta txapela pasatzen du. Frantzian, Bacchu-ber-en ezpata-dantza eta Italian, Fenestrelle eta Bagnasco-ko ezpata-dantzak aztertu ditu azken asteotan. Besterik esana zioten arren, Europan oraindik auto-stop eginez ondo bidaiatzen dela dio Jeremyk. Euskal Herrira ere iritsi da, eta asteotan euskal ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu. Nork daki, akaso datorren mendean, zoro erromnatikoren batek euskal ezpata-dantzak berpiztu nahiko ditu, eta orduan, banjoa jo eta txapela pasatzen zuen amerikarraren grabazioak Pospisilenak moduko altxorra izango dira.
Argia, 2011-09-18
Dantzaren alorreko bilera bat Jaurlaritzan
Pasa den maiatzaren 5ean Bilbon elkartu ginen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Kultura Herritarren Aldeko Kontratuaren baitan antolatutako dantzaren alorreko lehen bileran.
Dantzako sektorearen aldetik honako hauek izan ginen bertan: Iratxe de Arantzibia, Jon Ugarriza, Idoia Zabaleta, Laura Etxebarria, Arantza Balentziaga, Jon Maya, Emilio Xabier Dueñas eta Oier Araolaza. Jaurlaritzatik, Musika eta dantza alorreko teknikaria, Imanol Arana izan zen bertan, eta bileraren gidaritza Kualitate Lantaldea enpresako Itziar Camara eta Izaro Diez-ek eraman zuten. Deituta zeuden beste zenbait ez ziren etorri, besteak beste Filgi Claverie, Ion Munduate, Andoni Aresti, Fernando Perez, eta EDBko ordezkaria.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk "politikorik", alegia, teknikariez gain, erabaki eskumena duenik ez agertu izana bilerara harrigarri eta mingarri gertatu zitzaigun gehionei. Dantzaren alorrarekiko duten kezka eta jakin minaren erakusgarri. Horrez gain, beste erakundeetako (Diputazioak eta Udalak) eta Sareako ordezkaririk ez egotea ere desegokitzat jo genuen, dantza sustatzeko politikak horiek guztiekin eztabaidatu eta adostu beharrekoak iruditzen baitzaizkigu.
Taldearen osaketa osatzeko irizpideak ere eztabaidatu genituen, eta zenbaitek, dantza tradizionalaren alorreko ordezkaritza oso urria zela azpimarratu genuen.
ZereginakTaldearen zeregina eta lan-egitasmoa zein izango den aurkeztu zigun Itziar Camarak, eta sektorearen ordezkarion iritziz dantza alorrean zein lehentasun ditugun zehaztea izan behar dela gure egitekoa. Hiru bilera aurreikusten dira urte honetarako.
Kulturen Aldeko Herritar Kontratuan jasotakoak eta horri egindako emendakinak kontuan hartuta, 27 proiektu zehaztu ditu Kualitate Lantaldeak, eta horietatik abiatuta, zehaztu, garbitu, definitu, osatu eta birformulatzen aritu ginen bileran.
Kultura sailak lau proiektu izendatu ditu lehentasunezko:
- Dantza Bultzatuz: Dantza-sektorean kontsumoak eta eskariak areagotzea ahalbidetuko duten laguntzen lerro espezifikoak abian jarri, esate baterako, krisialdi-uneetan ezartzeko aldian behingo eragin-politikak.
- Sektorearen egituratzea indartu, elkarte eta jarduera finkatuenetan lagunduz: Sektore-programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara bideratu, dantza-sektorea indartzeko eta zenbait jarduera –esate baterako, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, hedapena, eta abar– diruz laguntzeko xedez.
- Sektoreen egituratzea indartu (dantza, musika…), sendotuen dauden elkarte eta jarduerak lagundu: Sektore horietako elkarteen eta jardueren garapena ahalbidetuko duten laguntza-neurriak sortu.
- Sektorekako laguntza-sistemak berrikusi eta eguneratu: Sektorekako laguntza-sistemak berrikusi eta eguneratu, espezifikoki, teknologia berriekin lotutako formatu eta aplikazio berrien sustapena jasoz (ikusizko arteak, dantza, antzerkia, literatura/argitalpena, musika, eta abar).
Asmo-lerro horiek oso orokorrak direla, ez direla proiektu zehatzak erantzun dugu, eta kasu askotan dagoeneko martxan dauden ekimenak baino ez direla. Bilera legealdia hasi eta bi urtera egin izan ere salatu dugu, dagoeneko gobernuak egin nahi dituen proiektuak martxan jarrita izango dituenean.
Olentzerori gutuna idazten
Dena den, lehentasunen zerrenda bat adosten saiatu gara. Formazioa izan da lehen puntua eta horren inguruko zenbait behar zehatz (goi eta erdi mailako gradua herrialde guztietan ezartzea, dantza tradizionaleko ikasketa batzuk martxan jartzea, etengabeko formakuntza sustatzea...) zerrendatu ditugu.
Dantzaren etxeak abian jartzea ere eskatu dute zenbaitek, dantzaren sustapenerako baliabide gune bezala funtziona dezaketenak. Aurreko kultura planean jasotako proiektua zen hau, eta haren ondorioz sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea, baina proiektu zabalagoa eta herrialde guztietara iritsiko dena eskatzen dute batipat dantza garaikidearen alorrean diharduten ordezkariek.
Dantza tradizionalaren dokumentazio zentroa behingoz martxan jartzea eskatu dugu, eta horrekin batera, Euskal Kultura Tradizionaren Gune bat ere sortzeko urratsak eman daitezela.
Dantzaren zabalkundea eta programazioa sustatzeko ekimenak eskatu ditugu, eta alor horretan egiten diren ekimenetan dantza tradizionala ere kontuan hartu dadila. Horren aurrean Imanol Aranak erantzun digu orain indarrean daude diru-laguntza lerroak dantza garaikidea sustatzeko sortu zirela, nahiz eta gero zabaltzen joan den hori, eta dantza tradizionala sustatzeko egokiena diru-laguntza lerro berriak eskatzea izan daitekeela. Horixe egingo dugu, sor dadila diru-laguntza lerro berri bat dantza tradizionalaren ikerketa, sorkuntza, ekoizpena eta hedapena sustatzeko.
Jarraituko dugu...Lehentasunen zerrenda zirriborro moduan utzi genuen, orain Kualitate Lantaldeko idazkaritza teknikoak bidaliko baitigu horren formulazio idatzia, eta horren gainean lanean jarraituko dugu, osatuz eta zuzenduz, gure Olentzerori gutuna prest izan arte. Noski, badakigu Gasteizko olentzeroak orain arte dantzarekin ez duela aparteko interesik izan, eta orain gainera zakua zulatuta duela auskalo gure gutunak ezertarako balioko duen. Baina guri aurrera jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Eguneroko lanean, eta aldian behingo beste hauetan ere...
Euskal dantza irakasleen meeting bat Gardnervillen
Pasa den apirilaren 2an Estatu Batuetan, Nevadan, Ipar-Ameriketako Mendebaldeko euskal dantza taldeen zuzendarien bilkura burutu da. Hamar dantza taldetako hamasei ordezkari bildu dira Gardnervillen, eta euskal dantzaren inguruko hainbat kontu izan dituzte aztergai eta mintzagai. Saio horietako batzuk zuzentzera joan naiz ni bertara Euskal Herritik, eta ez dakit ezer aportatu diedan, baina neu behintzat, harrituta eta hunkituta etorri naiz.
Mendian eta mendiz inguratuta dago Carson Valley. 1500 metroko altueran, elurtutako mendiz eta belardi handiz inguratutako harana da Nevadako goi-lautada hau, eta bertan, bi herri txiki, bata bestearen ondoan, eta biak artzaintzaren inguruan sortu eta hazitakoak: Minden eta Gardnerville, biak ala biak, 3.000 biztanle inguru dituzte, eta bietan, antzematen da euskal artzainen arrastoa. 
Gardnervillen bi euskal taberna daude. J.T. Basque eta Overland. Ostiral arratsaldean lehenengoan, Mary Louise Lekumberry-ren harrera beroaz gozatuz, hasi
ginen elkartzen handik eta hemendik iritsitako euskal dantzari eta irakasleak, eta ondoren, Elvira Cenoz Saturrarandarraren Overland restaurantean afaldu genuen. Elkar-agurtu, elkar-ezagutu, eta elkarren berri izaten hasteko lehen bilera informala izan zen. Jarduera formala larunbatez burutu genuen, Carson Valley Inn hotelean.
Jardunaldi formala
Goizeko 9:00etan daukagu jarrita hasiera ordua, eta parte-hartzaileak garaiz hasi dira bertaratzen. Egun luzea daukagu auretik, arratsaldeko 17.00ak arte aurreikusita baitago jardunaldia. Bilera gelako mahaiaren bueltan Ameriketako mendebaldeko hainbat dantza taldetako arduradunak elkartu dira.
Nick Bicandi (Boise), Izar Iribarren-Gorrindo (Boise), Becky Sarratea-Murphy (Gardnerville) eta Lisa Etchepare (San Francisco).
Cirbie Lee (Salt Lake City) Teresa Franzoia (Elko), John Goyenetche (Bakersfield), Valerie Arrechea (San Francisco).
Valerie Arrechea (San Francisco), John Ysursa (Chino), Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno).

Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos). 
Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos), Janet Iribarne (Elko), Josette Iribarne (Elko)
John Ysursa, Chinoko Gauden Bat taldekoa izateaz gain, NABO-ko (National American Basque Organization) kultura dinamizatzailea da, eta bileraren antolatzailea. Berak eman digu lehen ongi-etorria eta berak egin ditu lehen aurkezpenak. Ondoren, Valerie Arrecheak jarraitu du aurkezpen eta bileraren helburuen azalpenarekin, bera baita gaur egun NABOren lehendakaria. John Ysursak hartu du berriz hitza, eta jardunaldiari jarritako izenburua "Erregelak" azaldu du. Nick Bicandi-ren esaldi bat aipatu du, "If you're going to break the rules, at least know the
rules". Alegia, "arauak hautsi nahi badituzu, gutxienez ezagutu arauok".
Zergatik egiten dugu dantza?
Behin apur bat dantza egin eta nagiak askatuta lehen gaiari heldu diogu. Bost bloketan antolatu ditut nire hitzaldiak. Euskal dantza zer den, zergatik dantzatzen dugun, zergatik euskal dantza, zergatik euskal dantza tradizionala, eta horrelako galderak jarri ditut mahai gainean, eta bakoitzak bere erantzunak plazaratzen joan da. Dantzak komunikazio lengoaia bezala duen balioa defendatu dut, eta euskal dantza tradizionalaren kasuan identitateaz eta gure sustraien ezagutzaz hitz egiteko aukera izan dugu. Tradizioaz ere aritu gara noski, tradizioa ulertzeko moduez eta definizioez.
Euskal dantza tradizionalaren inguruan dauden hainbat topiko eta mito aztertu ditugu bigarren blokean, Estrabon, Voltaire, primitibismoa, euskal dantza eta dantza klasikoa, eta abar. Iztueta aitzindaria ala azkendaria izan ote zen jorratu dugu, eta euskal dantzen testuinguruei ikusmira bat eskaini diegu, neguko festak eta udakoak bereiztuz. Hirugarren blokean euskal dantzaren XX. mendeko ibilbidearen begirada bat eskaini diogu, erromantizismoa eta nazionalismoaren eragina, gerra-osteko urte ilunak, 60ko hamarkadako loraldia, eta azken 40 urteotako gora-beherak. Bazkaltzeko etena egin dugu ondoren.
Bazkalostean dantzari ekin diogu berriz, odola sabeletik askatu eta berriz burmuinetara bideratzeko, eta azken bi gai-multzoak jorratu ditugu. Euskal Herriko gaur egungo dantzaren panorama aztertu dugu, zer gertatzen ari den, zein joera dauden, zein aukera dauden. Eta azkenik, diasporan jarri dugu atentzioa. Zer egiten ari den euskal dantzarekin diasporan, eta horrez gain, nondik nora jo daitekeen. Ikuskizunak egiterakoan errepertorioaren hautaketa nola egin, komunitatearekin loturak mantentzearen interesa, bidea egin dute erritualak, bidea egin dezaketenak, protokoloetan dantzaren erabilera, komunitatea dantzan jartzeko ahaleginak, eta abar.
Ekarpenak, kezkak eta gogoetak
Bakoitzak bere kezkak eta gogoetak agertzeko aukera izan du. Valerie Arrecheak dantza jatorrizko estiloari eusteko kezka agertu du. Lisa Corcosteguik lanerako darabiltzaten hainbat irizpide azaldu eta iturriak ondo hautatzeko zorroztasun beharra aldarrikatu du. Oro har, antzematen da gazteen engaiamendu urriak kezka handia eragiten duela. Mutil gazteak dantzara erakartzeko arazoak dituzte. Boise da horretan salbuespena, eta denentzat harrigarria eta enbidiagarria da Oinkarik dantzariak biltzeko duen gaitasuna. Nick-ek aitortu du euskaldun kontzentrazio handia, Basque Club eta dantza taldean parte hartzeko tradizio handia eta zenbait belaunalditan, hainbat mutil “popular” eta kirolari apartek dantza egitea erabaki izanak asko lagundu duela gaur egungo egoerara iristen. Gaur egun, Boisen, gazteentzat Oinkariko kide izatea oso cool da eta beraz, horri esker talde ederra dute. 60 dantzari, 25 mutil eta 35 neska dituzte gaur egun Oinkariko helduen dantza taldean. Euskal Herrian gutxi izango dira horrelako taldea dutenak gaur egun!
Mota honetako bilera bat aspaldi egin gabe zeudela aipatu dute zenbaitek eta oso interesgarria dela, dantza talde desberdinetako kideak elkartu, eta elkarrekin ikasi, gogoeta egin eta konpartitzea. Ikastaroekin jarraitzeaz gain (Euskal Herritik dantza irakasleak ekartzen ari dira azken urteotan) aldian behin horrelako bilkura bat egitea komenigarri iritzi diote.

Hain urruti, hain gertu
Azken dantza sorta batekin bukatu dugu jardunaldia. Gauzak jaso eta J.T. Tabernan bildu gara denok berriz. Garagardo batzuk edan eta “jokaldi onenak” komentatzeko ordua da. Banan-banan joan dira hurbiltzen eta beraien inpresioak eta gogoetak konpartitzen. Zerbait harrigarria bizitzen ari naizen sentsazioa daukat denbora osoan zehar.
Tokitan dago Gardnerville Euskal Herritik. Eta hemen bildutako bakoitzak makina bat ordu egin ditu autoz zein hegazkinez hona iristeko. Baina hain urrutiko lurralde arrotz eta zabalak izanda ere, euskal kultura eta euskal dantza bultzatzen eta gozatzen jarraitzen duten hainbat lagun aurkitu ditut hemen. Euskal Herrian baleude miresgarria litzateke egiten ari diren lana (hainbat taldek han egiten duten modukoa, alegia). Baina Euskal Herritik hain urruti egonda, eta mundua "domeinatzen" duen kultura erraldoienaren aberrian, euskal kulturaren suari eusten dioten hauek heroiak dira. Eta zein ondo egiten duten gainera! Zerbait eskaintzeko asmotan etorri naiz, baina a zer nolako lezioa dakarten nik neuk bihotzean. Mila esker, eutsi goiari eta laster arte!
Argazkiak: Lisa Corcostegui, Oier Araolaza.
Aurrezki kutxek euskal kulturaren alde egindakoa
“Medikura noa” esan, bulegotik irten, kotxea hartu eta Bilbotik Iruñeara, dantzarien elkarteko bilerara bata. Lantokiko telefonoa eta agendarekin kultur aste osoa antolatzen bestea. Aurrezki kutxan bata, eta bankuan bestea, eta ordu erdiko telefono elkarrizketa bien artean, hurrengo astean egingo duten jaialdiko xehetasunak lotzen.
Ez dira ez bat, ez bi, dantza taldearen emanaldiak, elkarteko
gora-beherak, udalekin harremanak, festen programaketak, hitzaldi,
erakusketa eta beste mila kultur jarduera beraien lantokietatik antolatu
izan dituztenak. Tallerretan batzuk, bulegoetan gehienak, eta aurrezki
kutxa eta bankuetan aritutakoak mordoa. Milaka lan-ordu izango dira
lantegiko zereginei ebatsitakoak, eta ikastola, auzoko festa, musika,
dantza, antzerki eta bertso jaialdien antolaketa lanetara
desbideratutakoak.
Orain, kafe eta komunerako minutuak neurtuta
ditugu, eta lan-segundu bakoitzaren erabilera zehatza, errendimendu eta
kostoa zehaztuta daude. Lankideak itxura batean behintzat,
txintxo-txintxo jarduten dira beraien zereginetan edo facebook-en
“atsegin dut” jartzen, eta “militantea” lotsatu egiten da lantokira
deitzen dutenean. Telefonista ere pipertuta antzematen du inprentatik
goiz berean hiru aldiz deitu dutelako: “Ez, ez, ni ez naiz dantza
taldeko idazkaria, eta niri bost ajola udaleko logoa falta bazaizue!”.
Kultura
ekitaldiak antolatzeko lehen baino bolondres eta disposizio gutxiago
dagoela aipatzen denean, ezin ahaztu lan-munduan azken urteotan izan
diren aldaketak. Poliki poliki joan dira japonizatzen lantokiak eta
beraz, ezin diogu ez aurrezki kutxen fusioari, ez eta Fukushimari
leporatu hain emankorra gertatu zaigun jarioa itxi izana. Bakar batzuk
jarraitzen dute beraien lan-orduak kultura eta festetara desbideratzen,
baina badakigu kudeatzaile berri bakoitzak gehiago zorrozten dituela
lan-orduen kontrol mekanismoak eta hauenak ere bide motza izango duela.
Beraz,
besteak beste, eraikuntza enpresek, aseguratzaileek, mota guztietatako
tallerrek, hornitzaileek eta banaketa enpresek, denda handi eta txikiek,
aurrezki kutxek eta bankuek euskal kulturaren alde egindakoa aitortu
eta eskertzeko ordua iritsi da. Mila esker, zuen ekarpenik gabe
ezinezkoa izango zen. Ea orain nola moldatzen garen.
Argia, 2011-04-10
Txapelketaren kontra
Bertsozale elkartearen ikerketa taldeak "Bertsolamintza" jardunaldiak antolatu ditu, eta "inertziak" detektatu eta eranzteko ahaleginak bildu ditu.
Aurretik Trikitixa elkartetik eskatu zidaten bezala , oraingoan Bertsozale elkartetik eskatu didate txapelketen kontrako nire argudioak aurkezteko. Andoni Egaña, Amaia Vazquez, Eric Dicharry, Egoitz Aizpuru, Ibon Arrizabalaga, Jon Martin, Estitxu Eizagirre, Jon Ansa, Fredi Paia eta neu gonbidatu gaituzte, gure gogoetak landu eta konpartitzera.
Martxoaren 1ean Gasteizen egindako ekitaldian parte hartu nuen. Fredi Paiak bertsolaritzan txapelketek izan duten historia eta ibilbidea aztertu zituen, eta txapelketa eta epaitze sistemek bertsokeran duten ondorioak aztertu zituen. Benetan interesgarri gertatu zitzaidan, bai alor historikoa eta baita gaur egun txapelketetan bertsolariek erabiltzen dituzten zenbait estrategiaren azalpena ere.
Nik txapelketak antolatzerakoan aurreikusten diren onurak zerrendatu ondoren, normalean aztertzen ez diren albo-kalteetan jarri nuen begirada. Teknika hobekuntza, motibazioa, oihartzun mediatikoa, tranpolin efektua eta alorrarentzat pizgarri funtzioak aipatzen dira maiz txapelketak babesteko, baina eragiten dituzten kalteetan jarri nuen arreta.
Txapelketaren disfuntzioakNeure ustez txapelketa antolatze hutsak dagoeneko sistema desegoki baten onarpena dakar. Alegia, onartzen dugu artearen alorrean proposamen desberdinak jerarkikoki sailkatu eta ordenatu ditzakegula. Badagoela bertsotan edo dantzan egiteko modu bat "onena" dena, eta gero besteak ere onetik okerrenera ordenatu ditzakegula.
Txapelketaren arrakasta handiena gure kultura eta artearen errealitatea modu jerarkiko horretan antolatuta egon behar dela sinesteraztean datza. Hortik aurrera, onena, bigarrena edo hamalaugarrena zein den edo izan behar den, eta zeren arabera sailkatu behar ditugun eztabaidatzen galtzen gara, baina sistema onartuta eta barneratuta dugu, eta beraz, gerra galduta.
Ereduak sortzeko makinakBehin sistema jerarkikoa barneratuta, txapelketak "ereduak sortzeko, hedatzeko eta ezartzeko makinak" direla salatzen dut nire gogoetan. Txapelketak definitzen du zer den "ondo" dantzatzea edo bertsotan egitea, eta hortik aurrera, horixe bihurtzen da eredu sektore osoarentzat.
Eredu horiek hezur-muineraino ditugu barneratuta eta ez gara konsziente eredu horiek gure jarduera erabat baldintzatzen dutela. Horretaz ohartzea eta zepo horretatik askatzea aurrerapauso ikaragarria da.
Azken hitzaldiak VillabonanLarunbatean, martxoaren 12an, goizeko 9:00etatik 14:00etara, Villabonako Gurea antzokian egingo ditugu azken aurkezpenak. Hizlari guztiak arituko garenez labur-labur arituko gara, eta ea horrela, elkarrizketarako astia hartzen dugu. Gasteizen behintzat mamitsua gertatu zen eta entzuleen galdera eta ekarpenek bertsolaritza alorrean gai hauek nola bizi diren ezagutzen hasteko aukera esakini zidaten.
Gasteizen erabili nuen prezi aurkezpena apur bat laburtu dut Villabonara. Hauxe da:
Bestalde, Bertsolamintza eta txapelketaren inguruko gogoeten inguruan beste zenbait material argitaratu dira asteotan:
-
"Bertso txapelketari kritika. Sistema legitimatzen duen joko absurdoa?", Argia, Larrun gehigarria, Estitxu Eizagirren eskutik, 2011-02-27.
-
Bertsolamintza: "Inertziak erantzi, garena jantzi".25 bat pertsona elkartu ziren Gasteizen, Bertsoa.com, 2011-03-03.
- "Bertsolari Txapelketari egindako kritiken aurrean, isiltasuna nagusi", Argia, 2011-03-08
Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari iruzkinak eta ekarpenak
Pasa den abenduaren 13an Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera burutu zen Bilbon, Guggemheim museoan. Jaurlaritzan gobernu berria zegoenetik egindako lehen bilera izan zen, eta aurretik zegoen kontseilua ia-erabat aldatu zuen Kultura Sailak. Kide gehienak berriak ziren, eta tartean neu ere izan nintzen, dantzak erakundeen laguntza handiagoa behar duela defendatzeko prest.
Aurkezpenak eta sailburuaren sarrera hitzaldiaren ondoren, Kontseiluaren lehen lanak zeintzuk izango diren azaldu ziguten. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua aurkeztu ziguten, eta kultur politika gidatu beharko duen planari gure kritikak, iruzkinak eta ekarpenak egiteko enkargua egin ziguten.
Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa honako wiki honetanirakur daiteke. Diputazioek, Udalek eta beste hainbat eragile eta kontseilukide bere ekarpenak egiten ari da azken hilabeteetan, eta pentsatzekoa da horiek guztiak aintzat hartuta borobilduko duela Jaurlaritzak bere azken dokumentua.
Nire iruzkinak eta ekarpenak bildu eta bidali nituen (wiki baten bidez egiteko aukera zegoen, baina nahiago izan nuen testu bakar batean biltzea dena, koherentzia emateko) eta lerro horiek blogera dakartzat orain. Nahi izanez gero pdf honetanere dago testu osoa.
Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua: Iruzkinak eta ekarpenakOier Araolaza
dantzan.com
Dantzari, dantzan.com elkarteko kudeatzaile eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide moduan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2011-2012 eperako proposatu duen Kulturen Aldeko Herritatartasun Kontratuaren inguruan zenbait iruzkin eta ekarpen egitera nator. Partehartzea bideratzeko galdetegi eta wikiguneak sarean eskura izan arren, nahiago izan dut nire ekarria dokumentu batean bilduta eskaini, diskurtso nagusi baten arabera antolatuta baitaude ekarpenak eta segida horretan gorpuzten baitute beren esanahi osoa.
Uko egiten diot administrazio publikoan kudeatzaile politiko talde berria sartzen den bakoitzean aurreko ibilbidearekin eten eta hutsetik hasteari. Kudeatzaileak aldatu dira, baina alor horretako teknikariak eta kultura alorrean dihardugunak ez gara egun batetik bestera aldatu, eta ondorioz, ezin dugu aurretik egindako lana, eta aurreratutako bidea tupustean baztertu. Argi dago esku-artean dugun txosten hau, aurreko legealdietan Jaurlaritzaren Kultura Sailak berak bultzatutako Kulturaren Euskal Planaren oinordekoa dela. Plan horren azken formulazioa Jaurlaritzaren Kultura Saileko administrarien eta egitasmo horren kudeaketaz arduratu zen bulego teknikoak —oraingo enpresa bera, hain zuzen— erditutako zen. Baina horiekin batera, Udal eta Foru erakundeen ordezkaritzaren, eta kultura alorreko sektoreetako ordezkarion proposamenak, ekarpenak eta iritziak ere jasota zeuden. Ez zeuden sektoreetan agertutako kezka eta proposamen guztiak jasota, eta lehentasun eta baliabide banaketa ere ez zen sektoreen ardurakoa izan, baina proposamen gehienak kultura elorreko eragileen ekarpenetatik bildutakoak ziren.
Kulturaren Euskal Plana bukatutzat eman eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuarekin ordezkatzeko fase honetan harrigarria gertatzen zait aurreko planaren ebaluaketa zehatz bat ez aurkeztu izana. Etapa berria hasi ahal izateko beharrezkoa litzateke aurreko planak egindako ekarpenak baloratu, planaren betetze, arrakasta eta frakaso mailak zehaztu, eta ondoko urratsetarako ondorioak argi izatea. Edozein jardueratan oinarrizkoa litzatekeen urratsa da hori, eta zaila gertatzen da ulertzea zergatik ez den egiten (eta egin bada, ezagutzera eman) kulturaren kudeaketa publikoan.
Aurreko planaren ebaluaketa ezak, kontratu berriarekiko jarrerari eragiten diola iruditzen zait. Izan ere, zenbait sektoretan —dantza alorrean, hain zuzen ere—, planean jasotako akzio egitasmoak eta praktikan gauzatutakoen arteko aldeak kontratu berriaren aurrean izan dezakegun espektatiba baldintzatzen du, eta ondorioz, inplikazio maila. Probintzia bakoitzean Dantza-Etxe bat abian jarriko zela iragarri zen aurreko planean, eta momentuz Dantza-etxe bakarra dago martxan, eta ez Jaurlaritzaren ekimenez, Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez baizik.
Eta ebaluaketarik ez aurkeztu izana bezain harrigarria gertatzen da diagnostikorik ez eskaintzea Kulturaren Euskal Planaren abiapuntua diagnostiko orokor baten lanketa izan zen. Sektoreko 300 ordezkarik parte hartu genuen bertan, eta hor ere, informazioa bildu, interpretatu eta kudeatzeko modua kritikatu bagenuen ere, gutxienez errealitate kulturala ezagutu eta premiak, gabeziak, aukerak eta arriskuak identifikatzeko ahalegina egin zen. Orain ez dakigu aurreko diagnostiko horri segitzen dio kontratu berriak edo berria darabilen. Izan ere, denbora pasa da eta gauzak aldatu egin dira ordutik —testuinguru berria bai aipatzen dela kontratuan—, baina ez dago argi zein den diagnostiko berria. Eta noski, diagnostikoa behar-beharrezkoa dugu kultura politikak norabide egokian bideratzeko.
Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa aurkeztu zaio sektoreari bere ekarpenak egin ditzan. Aitortu behar dut prozedurari dagokionez nahiago nuela alderantzizko ordenean eman izan balira urratsak. Hau da, lehenengo sektorearekin eta kultura alorreko eragileekin hitz egin, eta ondoren, haien esanak aintzat hartuz osatu plan berria. Orden inbertsio honek garrantzi sinboliko eta praktiko handia duela iruditzen zait. Ez da gauza bera horrelako plan bat, eskuak aske ditugula, egituratzen hasteko proposamenak egitea, edo dagoeneko egituratua dagoen kontratu bati ekarpenak eta zuzenketak egitea. Kultura Saileko ordezkariek ez digute aukera hori eman nahi izan sektoreko ordezkariei, edo gutxienez ez dute lan hori elkarrekin egin nahi izan, eta nahiago izan dute beraiek markatu bidea.
Marko teorikoa
“Desadostasunak eta tirabirak” saihesteko asmoz, eta lan operatiboan zentratzeko gogoz, Kultura Saileko kudeatzaileek Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan hitzaurre teoriko ideologizatua jartzeari uko egin diotela jakinarazi digute. Diagnostikorik gabe eta gogoeta ideologikorik gabe aurkezteak, ez du esan nahi ordea ez dagoenik. Testuinguruaren, irizpideen eta helburuen planteamenduetan antzematen da kontratua babesten duen planteamendu ideologikoa. Baina batez ere, lehentasunen antolaketak —edo antolaketa ezak—, argitzen ditu kontratuaren oinarriak.
Hitzarmenean jaso den moduan, mundu globalizatu eta mediatiko berriaren errealitatea oinarrizko ezaugarria da testuinguru honetan, eta ondorioz kulturaren aniztasunaren aldeko estrategiak beharrezkoak ditugu. Baina helburuetan aniztasun horren sustapena ez bada lehentasuna, efizientzia, kalitatea eta zerbitzuetan hobetzearekin maila berean uzten badugu, aniztasun hori bera jarriko dugu amildegiaren ertzean.
Kulturak eta aniztasuna hizpide ditugu, eta hemen eta orain, iraunbizi ala desagertu, kinka horretan dagoen kultura euskal kultura da. Aniztasuna kolokan badago euskal kultura bera kolokan dagoelako da. Globalizazioak euskal kulturaren beharra du benetan globala izango bada. Globalizazioaren izenean uniformetasuna bultzatzen da gehiegitan, eta desberdina behin eta berriz zigortzen da. Kultura aniztasunean sinesten badugu, txikia babestu eta sustatzera bideratu beharko ditugu indarrak, horixe baitago arriskuan.
Euskal kulturak oso errealitate desberdina bizi du bestelako kulturen ondoan, eta premia bereziak ditu. Edozein diagnostikok nabarmenduko luke hori, eta egoera hori ez du dagokion larritasunarekin azpimarratzen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak. Eta premia bereziak dituzten alorretan diskrimazio positiboa gauzatu behar da, genero politikan egiten den modu berean. Lan munduan txertatzea zaila da gizon eta emakumeentzat, baina argi dugu emakumeek oraindik zailago dutela, eta beraz, ez dugu zalantzan jartzen emakumeen aldeko diskriminazio positiboko politikak bideratu behar ditugunik. Euskal kultura modu berean babestu eta sustatu behar dugu.
Krisi egoerak, teknologiaren garapenak plazaratutako baldintza berriak eta gizarte ohituren aldaketak, besteak beste, testuinguru berrian jartzen gaituzte, bai. Mapa politiko berria eta gobernu aldaketak izan behar duen eragina eztabaidagarriagoa gertatzen zait. Gobernua aldatu da, baina kultura alorraren errealitatea ez da aldatu horregatik, eta bere premia eta beharrizanak ere ez. Baina esan bezala, testuinguru ekonomiko, teknologiko eta soziala bai aldatu dela. Beraz, kultur jarduerak baldintza berrietara egokitzeko ahalegina egin behar du, eta politika instituzionalak egokitzapen ahalegin horretan lagundu beharko lukete.
Aurrekontu publikoen murrizketak kultura alorrari ere eragin dio, eta beraz, oraindik zorrotzago jokatu beharra dago. Alegia, lehentasunak zehaztu behar dira. Eta lehentasunak premia larriena duten alorrak identifikatuz markatzen dira. Lehentasun horiek zeintzuk diren ez da garbi antzematen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan.
Kultur politikan zein lehentasunekin aritzeko borondatea dagoen ezagutzea beharrezkoa zaigu. Eta horrekin batera, borondate hori ekonomikoki nola islatzen den. Izan ere, alperrik da, aurreko legealdietan gertatu izan den bezala, hitzez asmo batzuk adierazten badira baina ekintzez ez badira horretarako baliabideak bideratzen. Azken finean, politika kulturala bideratuko duten irizpide eta asmoak argi eta garbi erakusten dutenak aurrekontuak dira. Kulturaren Euskal Planaren ekarpen garrantzitsu bat horixe izan zen: aurrekontu horiek, alorren arabera antolatuta, jaso zirela planaren txostenetara ekarri eta denok ikusi ahal izan genituela. Hauek ziren hain zuzen ere:
Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa miloi eurotan) kultura alorrean 2004 urtean:
- EITB 98.60
- Hizkuntza politika 32.90
- Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
- Musika 8,55
- Zinema 4,21
- Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
- Liburutegiak 2,09
- Antzerkia 1,81
- Agiritegiak 1,03
- Liburuaren sustapena 0,83
- Arte plastikoak 0,52
- Dantza 0,47
Zerrenda soil horrek gehiago balio zuen gainontzeko asmo-onen zerrenda, egitasmo eta plan estrategiko guztiak baino. Izan ere, dantza lehentasunezko alorra zela esaten ziguten bitartean, zerrendak oso argi erakusten zuen zein zen Jaurlaritzaren lehentasunen zerrendan dantzak hartzen zuen tokia.
Kultura plan batek ez du sinesgarritasunik aldamenean aurrekontua ez badu, eta oraingo honetan ere horixe falta da. 2011rako Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak kudeatuko dituen baliabideen zerrenda txertatu behar zaio kontratuari, alor eta jarduera mota bakoitzari bideratu nahiz zaizkion kopuruekin. Hor ikusiko dugu zein den benetako plana eta zeintzuk diren lehentasunak.
Zeharkako kontzeptuak
Profesionalak eta amateurrak
Kultura alorrean, eta zer esanik ez dantzan, profesionalak behar ditugu. Iruditzen zait profesional gutxi izatea dela gure gabezia, arazo eta ezintasun askoren arrazoietako bat. Gaur eta hemen, dantza jarduera gehienak adibidez, ohiko lanaren ondoren, irakaskuntzan, enpresan edo kudeaketan zortzi ordu lan egin ondoren egiten dira.
Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazioa izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa bihurtu da horretarako azpiegitura profesional bat ez duenarentzat. Are gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.
Krisi aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor, profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu. Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak, kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, e.a. Artistak eta sortzaileak ez proportzio berean.
Profesionala izateak ez du kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren, ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan ala ez.
Kultura alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.
Burokraziaren zepoaAdministrazioarekiko harremanak burokratizazio prozesu sakon batean sartu dira azken urteotan. Egitasmo kulturalak sustatzerakoan diru-laguntza publikoen babesa izan nahi duenak jarduera artistikoaz arduratzeaz gain bestelako hamaika lan egin behar ditu: epeen eta baldintzen zainketak, egitasmoen administrazioa, proiektu, memoria eta zuritze txostenen erredakzioa, komunikazio planak, oihartzunaren jarraipenak, diru-kontuak deialdien baldintzetara egokitzeko ekilibrioak, e.a.
Edozein sortzaile indibidual zein taldek, ekimen kopuru txiki bat izanez gero, lan horiek guztiak bideratu ahal izateko norbait “liberatu” edo horretarako espresuki kontratatu beharko du. Sormen lana kudeaketarekin uztartzen saiatzen den sortzailearen ilusioa berehala itotzen du administrazioaren burokrazia astunak. Baina sortzaile gehienek ez dute nahikoa baliabide lan horietarako profesional bat ordaindu ahal izateko.
Ondorioz, burokratizazio gogor honek sortzaile eta talde txikiak zigortzen ditu, eta konpainia eta enpresa handiak sustatzen ditu. Joera hau administrazioak nahita indartzen du, izan ere, askoz erosoago gertatzen baitzaio kudeatzaile profesionalekin lan egitea. Baina tamainak ez du zerikusirik kalitatearekin, eta erakundeen joera makur honek sorkuntzari kalte bakarrik egiten dio.
Administrazioaren jarduera makurren artean ere aipatu beharrekoa da epeen kudeaketa. Diru-laguntza deialdietan parte hartu nahi duenak erne ibili behar du epeekin, data pasata instituzioek ez baitute izaten gupidarik. Baina ondoren, administrazioak berak epeak bere nahieran baliatzen ditu.
Adibide bat. 2011ko urtarrilaren 21an, Jaurlaritzaren Kultura Sailak oraindik ez du jakitera eman musika, antzerki eta dantza jaialdietarako 2010eko diru-laguntzen banaketa. Iaz, 2010ean antolatutako jaialdiek, beraien aurrekontuak eta programak ixteko, zein diru-laguntza izango duten ez dakite oraindik. Jaialdiak egin ziren, artistak kontratatu ziren, eta haiei ere norbaitek ordainduko zien (kasurik onenean). Eta kasu gehienetan, kontuak kuadratzeko hil ala bizikoa izango den diru-laguntzaren berri ez dago. Kreditu pertsonalak, zorrak, insomnioa, tentsioa... antolatzaileen osasunarekin akabatzeko sistema bikaina. Hori bai, antolatzaileak, artistak, eta kultur zuzpertzaileak diru kontu guztiak ondo koadratuta izan behar ditu, ordain-agiri guztiak behar bezal eginak, eta abar...
Adibide hori ez da salbuespen bat. Urte batean deialdi bat izaten da eta hurrengo urtean beste hiru, eta batzuk berandu ateratzen dira, eta beste batzuk zentzuzko epe guztiak iraganda. Baina horrekin bizitzen ikastera behartuta dago kultura eragilea. Eta honetan ere, berriz ere txikiak zigortzen ditu bereziki administrazioak. Egoerari aurre egiteko baliabide gutxiago ditu, ez dauka beste egitasmorik zulo horiek estaltzeko, e.a.
Kultura eta jaiakBitxia da jaiarekin gertatzen ari dena. Urteak dira zenbait kultura adierazbidek jaia dutela bere hedapen esparru nagusia eta honenbestez sostengua. Jai egitarauek elikatzen dituzte musika, antzerki (kalekoa bereziki), dantza, bertsolaritza eta bestelako zenbait jardueraren zati handi bat. Jaiei esker egiten dira alor horietan kontratu, emanaldi eta ekitaldi gehienak.
Jaiak kultur programazioan duen pisua benetan handia da, baina hala ere, jaiak, jaietako antolatzaileek eta jaiak finantzatzen dituztenak ez dira aintzat hartzen horrelako kultura planetan. Ez sektore bezala, ez zeharkako aztergai bezala. Jaia ez dago presente kontratuan. Eta gaur eta hemen, jaia ezabatzen badugu heriotz zigorra litzateke ekoizpen artistiko multzo handi batentzat, eta herren ikaragarria beste askorentzat.
Euskal HiriaZein lurralde planifikazio eta garapen eredu dauka barneratuta kulturaren kontratuak? Bernardo Atxagak proposatutako Euskal Hiria kontzeptuak zeresan handia eman du zenbait urtetan, baina orain, lurraldetasunari buruzko diskurtsoa probintziakeria eta hirizentrismoa baino ez da. Bilbok A badu Donostia eta Gasteizek ere A2 eta A3 nahi dute, Donostiak B badu Bilbok B2 eta Gasteizek B3 nahi dute,...
Azpiegitura publikoen inbertsioak, kultura alorrekoak barne, probintzien arteko oreka eta hiriburuen handinahi aseezin horren arabera garatzen ari dira. Museoak, auditorioak, eskolak, sorkuntza guneak, liburutegiak,... Eta joko itsu horretan, lehendik erabat gainezka zeuden hiriburuetan pilatzen jarraitzen ditugu azpiegiturak. Musikene Donostian zegoenez, Eszenika Bilbon jarri beharra zegoen, nahi eta nahi ez. EITB Durangotik Bilbora eraman izana, lurraldetasunean nagusi den irizpide hirizentristaren erakusgarri da.
Hirizentrismoak hiriguneen kolapsora garamatza eta lurraldearen garapen desorekatua sustatzen du. Probintzia guztietan, edozein herri eta hiriburuaren artean, ez dago ordu erdiko distantzia baino gehiago. Hiriburuetan auzoetatik eta hiri-ingurutik erdigunera dagoen tarte antzerakoa.
Kulturaren esparruak, Euskal Hiria kontzeptu bezala berreskuratu, eta lurraldetasunaren eredu orekatu eta barreiatu bat sustatzeko aitzindaritza hartu beharko luke bere gain. Kulturaren kontratuak, hirizentrismoaren aurkako kontzientzia integratu eta zeharkako lerrotzat hartu beharko luke.
Marko operatiboa
Dantza
Ezer baino lehen adierazi behar dut dantzaren alorrak ez duela erakundeen aldetik beharrezkoa duen harreta eta babesa jasotzen. Bere egituratze maila oso baxua da, eta aurrekontuetan antzematen den bezala, kultura jardueren artean babes txikiena jasotzen duenetarikoa da. Eta dantza genero desberdinen artean, euskal dantza tradizionalak arreta berezia behar duela aldarrikatu nahi dut. Izan ere, dantza klasiko eta garaikideko eskolak, konpainiak, sortzaileak eta programazioak mundu osoan aurki badaitezke ere, euskal dantza tradizionalak hauxe du berezko tokia, eta tamalez, hemen ere ez du behar duen babesa.
Katalunian, Rubi herrian, Kataluniako Dantza Tradizionalaren Zentroa jartzen ari dira martxan. Egoitza prestatzen ari dira eta lan-taldea kontratatzeko deialdia egin dute. 2010ean, ez daukagu euskal dantzaren alorrean ikerketa, irakaskuntza, sorkuntza, dokumentazioa, sentsibilizazio eta aholkularitza, maila zorrotz eta profesionalean bideratzen duen zentro publikorik. Eta horixe da eskatu, aldarrikatu eta proposatzen dudana:
Euskal Dantza Tradizionalaren Zentroa sortu dezagun behingoz. Euskal dantza tradizionalaren alorrean ikerketa, dokumentazioa, formazioa, dibulgazioa, sustapena eta aholkularitza koordinatu eta zentralizatuko duen gune publikoa sortu.
Horrez, gain, Eusko Jaurlaritzak dantza sustatzeko bideratzen dituen programetan, dantza tradizionala ez dadila baztertu, eta beste modalitateen maila berean aintzat hartu izan dadila eskatzen dut.
Dantza tradizionaleko kaleko emanaldiak sustatzeko programak, zirkuitoak edo sareak sortu. Dantza tradizionalak berezko esparrua du kalea, eta antzokietan antzerki, musika eta dantza emanaldiak sustatzeko programak bideratu diren bezala, beharrezkoa da kaleko emanaldiak sustatzeko programa bat abian jartzea. Dantza kalean programatu nahi duenak izan dezala katalago batetik hautatu eta aurrekontuaren zati bat babestuta taldeak kontratatzeko aukera.
Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri. Eszenika, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola martxan jarriko da laster Bilbon, eta antzerkia eta dantza ikasi ahal izango dira bertan, baina hara, dantza garakidea eta klasikoa bakarrik. Dantza tradizionalik ez. Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri behar dira lehenbaitlehen. Horixe da sektoretik eskatu izan dena 1997. urtetik, eta lehentasunezkoa da Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri eta ikasketa horiek abian jartzea.
Materiarik gabeko ondarea. Orain gutxi, Unescok, Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatu ditu flamenkoa, tangoa, castells-ak, edo Sibil-la-ren kantua. Euskal kulturan horrelako izendapena jasotzeko ditugun balioak aztertu eta izendapenak sustatzeko kanpainak bideratu beharko lirateke. Aldi berean, euskal festa eta tradizio esanguratsuenen katalogoa berritu, sareratu eta ondare inmaterial izendatzeko prozedurak aztertu beharko lirateke.
Kontratuak jasotako dantzaren alorreko zenbait proiektuen inguruko iruzkinak
- L2.S8.D Dantza-programazioa indartu. Hiru hiriburuetan, udaberriko eta udazkeneko dantza jaialdi edo ziklo espezifikoak sustatu eta bultzatu, sentsibilizazio-jarduera garrantzitsu gisa. Dantza-programazioa indartzeko formulak bilatu eta abian jartzeko lantalde bat martxan jarri.
Dantza-programazio oro har indartu behar da, zalantzarik gabe. Baina ez hiru hiriburuetan bakarrik. Are gehiago, behar handiagoa dago herrietan dantza programazio indartzeko hiriburuetan baino. Baina batez ere, inbertsioak aprobetxatu eta sinergiak optimizatu behar dira. Hiriburuetako aretoek beraien kasa egiten dute programazioa, herrietako aretoekin koordinatu gabe, eta egiten dituzten inbertsioen etekina beste inork baliatzeko aukerarik eman gabe. Adibidez, Bilbon, Donostian edo Gasteizen kontratatutako kanpoko konpainia biharamunean Durangon, Eibarren edo Arrasaten programatu liteke, horretarako aukera emanez gero. Konpainiarentzat mesedegarria litzateke bi emanaldi egingo bailituzke, eta antzokiek bidaia eta ostatu gastuak partekatuko lituzkete. Baina hiriburuetako antzokiek ez dute horretarako aukerarik ematen, eta gastu guztia asumitzeaz gain, herrietakoak maila ertaineko produkzioak kontratatzeko ia gaitasunik gabe uzten dituzte. Sareak, programazioa koordinatua egiteko sistemaren bat bultzatu beharko luke, inbertsioak aprobetxatu ahal izateko.
- L5.S11.D Dantza eta eszena tradizionalaren dokumentazioa kudeatzeko sistema bat sortu. Dantza eta eszena tradizionalarekin lotutako dokumentazio-mapa bat egin eta behin-behineko artxibo bat martxan jarri.
Mapa egin du dagoeneko Eusko Ikaskuntza, eta behin-behineko artxiboaren hazia jarria du Eresbilek, biak ere Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Orain, dantzaren dokumentazio zentro baten benetako proiektua bideratzen hasteko ordua da. Ezin dugu distrakzio maniobrak egiten jarraitu. Dokumentazio zentro bat da behar dena, jakina, sareko bokazioa eta dinamika izan behar du, baina ezin gara mapa, sistema eta txostenetan geratu.
- L4.S4.D Sektorearen egituratzea indartu, elkarte eta jarduera finkatuenetan lagunduz.
Sektore-programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara bideratu, dantza-sektorea indartzeko eta zenbait jarduera –esate baterako, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, hedapena, eta abar– diruz laguntzeko xedez.
Dantzari dagokionez, sektorearen egituratzea indartu behar dela egoki iruditzen zait, baina hori lortzeko “programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara” bideratzea eztabaidagarria da. Bide berriak jorratzen, eredu berriak probatzen, eta jarrera dinamiko batekin ekarpenak egiten ari diren zenbait elkarte ez daude “ordezkaritza handia duten elkarteetan” txertatuta. Elkarteak beren dinamismo, proposamen eta kudeaketa gaitasunagatik lagundu behar dira, ez handiak edo txikiak direlako.
Gainontzeko alorrakProiektuen inguruko iruzkinak
- L1.T5 Informazio-atari komun bat sortu edo atari hori Kulturklik Kulturaren Atari Elkarreragilean sartu. Gune elkarreragile digital bat sortu, EAEko kultura-jarduera osorako eta sortutako kultura-eduki guztiei buruzko informaziorako sarbidea emango duena.
Horrelako proiektu bat interesgarritzat jotzen dut, baina tentuz jardun beharra dago aurretik, esparru zehatzetan eta partzialki bada ere, lan horietan ari diren proiektuak ez kaltetzeko. Horiek egiten duten lana “erostea” aztertu beharko litzateke, horien aurkako konpetentzian hasi aurretik. Kulturweb moduko proiektuak ditut buruan.
Bestelako proposamenak
- Arte eszenikoen euskal katalagoa Interneten jarri, etengabe eguneratua, bideo eta multimedia edukiz hornituta.
- Euskarazko antzerkia sustatzeko plana eta laguntza programa bideratu.
- Euskarazko edukien ekoizpena eta sareratzeko deialdiak eta diru-laguntzak indartu.
- Euskara google-hizkuntza izan dadin lortzeko estrategia plantetatu eta burutu.
- Euskarazko wikipedia elikatzeko deialdi espezifikoa bultzatu.