Dantzing
bideoak
Erregeek ekarri digute dantzanTV
Dantzari buruzko webgune batean letrak eta argazkiak oso ondo daude, baina letxe, bideoa dira dantzak toki batean egin eta bestea batean horren berri izateko aukera ematen duen komunikazio tresna indartsuena.
2008rako erronka zen hori. 2008a joan da eta ez dugu jarritako helburua bete. Olentzerok ia-ia ekarri zigun oparia baina azkenean erregeak izan dira, 2009arekin batera bideoa dantzan-era normaltasunez ekarri digutenak. Momentuz produkzio propioa oso xumea izango da, telebista medio astuna eta oso garestia baita, baina gutxienez noizean behin dantzei buruz hitzegiteaz gain dantzak ikusteko aukera izango dugu. Azken urteotan Oier Ib-k, Eirek, Arantzak eta Iñakik grabatutako dantza irudiak prestatzen eta sareratzen badu lan apur bat Andonik datozen hilabeteotan. CSko lagunek prestatu duten sistema erabilterraza eta azkarra da. Bideoak guk-geuk kargatu ditzakegu ala Youtube eta Googlevideokoak ere erabili daitezke. Eta gure bideoak beste webguneetan erabiltzeko aukera dago, embed kode pusketa erabiliz. Adibidez, hona hemen aurtengo lehen maskaraden irudiak, Barkoxen pasa den igandean Arantzak grabatutakoak.
Dantza, telebista eta Internet: 2008an bai ala bai
Izarrek 3 urte ditu. Telebistan marrazki bizidun batzuk parean tokatuz gero begiratzen dio tarte batean, baina nahiko azkar aspertzen da. Telebistaren mandoa erabiltzen ez du ikasi oraindik. Ordenagailuaren sagua badaki erabiltzen ordea.
Ordenagailu aurrean jarri eta bideoak bata-bestearen atzetik irensten ditu. Youtuben sartu, saguarekin klik eta klik egin eta bideo batetik bestera ibiltzen da zaping egiten. Ikusten ari zaren bideoarekin erlazionatutakoak erakusten dizkizu Youtubek eta horietan klik eginez batetik bestera ibiltzen da "telebista" ikusten Izar. Porrotxetik Txiribitonera eta zapi txuritik maite zaitut-era.
Abisatu zuten
Hiru urteko umeak ere konturatu dira telebista-zapinga ez dela Internetekoa bezain eraginkorra. Telebistan menu bat dago eta horrekin konformatu behar. Interneten nahi duzuna nahi duzun unean aurkitu eta ikus dezakezu. Telebistako kateei itsuan sakatzen diezu, zer agertuko den jakin gabe. Interneten, Pirritx-en aurpegian klik egiten duzunean badakizu nora eramango zaituen.
Aspaldi dabiltza hango eta hemengo guruak telebista eta Interneten arteko konfluentzia iragartzen. Internet telebistaren bideo bilduma erraldoia bihurtzen ari da, nahi duzunean unean nahi duzun bideoa ikusteko aukera eskaintzen dizuna. Baina horrez gain, emititzeko aukera erabat ireki du Internetek. Edonork sor dezake bere telebista kanala sarean eta horretarako ez du behar telebista lizentziarik ez eta teknologia garestirik ere. Telebista kateen monopolioa hausten ari da sarea.
Telebista konbentzionalak oso garestia izaten jarraitzen du noski. Telebista produkzioak baliabide eta lantalde handiak eskatzen ditu, eta horiek enpresa gutxi batzuen eskuan jarraituko dute. Baina horien ondoan medio gutxirekin egindako ekoizpenek edukien, interesen eta eskaintzaren esparrua izugarri zabaltzen ari dira. Internet bideoteka erraldoia bihurtzen ari da eta bideoteka hori dagoeneko edozeinek elikatzen du.
Mundua etxeko leihotikTelebistari buruz esan izan da mundua etxetik irten gabe ikusteko aukera ematen duela. Dantzaren mundua ikusteko ez zigun balio ordea. Hurbil ditugun telebistek apenas eskaini dioten arretarik dantzari emanaldi folkloriko batzuen erabilera topikotik haratago. Orain Interneten ireki zaigu dantzaren mundua etxeko leihotik ikusteko aukera. Eta hau hasi berria izateko ikaratzen hasita nago ikusita zer agertu zaidan leiho txiki honetara.
Euskal Herriko dantzak hasi dira poliki-poliki sarera iristen. Urte batzuk daramatzat hara eta hona dantzak ikustera joaten, baina ikusi gabe nituen Foruko soka-dantza edo Ribaforadako dance-a Internetera etorri zaizkidan arte. Kretako soka-dantza apartak, Ingalaterrako morris dantzariak, eta zer esan Europako ekialdeko ijitoen dantza ikusgarriei buruz...
Youtuben dantza ikusten hasi, eta Izarrek bezala, erlazionatutako bideotik bideora saltoka orduak eman ditzake batek eta emaitzak oparoak dira.
Bada ordua
Dantzari buruz hitzegitea interesgarria da, baina dantza ikustea beste kontu bat da. Dantzaren alorrean irudiaren garrantzia izugarria da. Jarduera honen transmisio bide naturala da ikus-entzunezkoa, bideoa, telebista. Internetek ere erakutsi digu ikusentzunezkoa izaten dakiela. Orain arte dantza kontatu dugu, baina badugu dantza ikusten hasteko garaia.
Hasita gaude dantzan.com-en bideo batzuk jartzen, baina erabakita geneukan 2007an sistematikoki heldu behar geniola bideoak sareratzeari. Joan da 2007a eta oraindik salbuespen dira bideoak gurean. 2008an izan beharko du. Badaukagu urte berrirako erronka eta asmoa: Ea dantzan.com bideoa normaltasunez integratu eta dantzanTV balizko baterantz urratsak ematen ditugun.