Dantza ikasketak non?
"Edozein ergelek zuzendu dezake estatu bat eta futbol entrenatzaile izateko karneta behar da?". Piterman-ek —futbol taldeak hondoratzen espezialista den ukrainiar aberatsak— mozkorren eta eroen pareko egiak esaten dituela frogatu zuen esaldi horrekin. Arrazoi osoa zuen. Titulu gabe ezinezkoa gertatzen zaigu lanpostu txukunik —presidentearena salbu— aurkitzea. Gaur egun edozer gauza ikasi daiteke eta edozein jakintza arlotan eskura daiteke ditxosozko agiria. Badira salbuespenak ordea. Euskal dantza tradizionalean adibidez, ez daukagu ez ikasketarik ez karnetik.
Azken urteotan gero eta Musika Eskola gehiagotan ari da dantza tradizionala irakasten. Ikasleek izena gogoz ematen dute, baina gero irakasleak aurkitzen lanak dituzte arduradunek. Dantza talderen batean ibilitako edozein dantzari esku zabalik hartzen dute. Udalaren menpeko Musika eta Dantza Eskolek arazoak dituzte kontratatu nahi duten irakaslearen titulazioa justifikatzeko garaia iristen denean. Dantzako irakasleak ez duela titulurik! Nola izango du ba titulu hori ez bada existitzen!
Bilboko Alondegian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola ezarriko dutela irakurri dugu prentsan. Antzerki eta dantza munduko hainbat lagunek plataforma bat osatu zuten horrelako eskola bat sortzeko eskaerarekin, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak horren ondorioz, edo horren beharrik gabe, baina eskola sortzea erabaki du.
Antzerki eta dantza ikasketak egin ahal izango dira Arte Eszenikoen eskola horretan. Antzerkiari dagokionez interpretazio zein zuzendaritza espezialiteak irakatsiko dira, eta dantzari dagokionez dantza klasikoa eta garaikidea ikasketa lerroak eskainiko dira. Baina, dantza tradizionala ikasteko aukerarik izango denik ez da aurreikusi, edo gutxienez ez da jakinarazi lehen aurkezpenean. Zer ikasia eta zer irakatsaia badago, nork ikasia ere bai, baina Piterman eta presidentea bezala, dantzariak karnetik gabe gaude.
Zenbat lagun dago gaur egun euskal dantza tradizionala ikasten? Ez dut datu zehatzik aurkitu —aurkeztu berri den Kulturaren Euskal Behatokiak lagunduko al digu honetan?—, baina kalkulu batzuk egitera ausartu naiz. Nire inguruko herrietako datuak baditut, eta horien proportzioak beste herrietara zabalduta, kalkulatu dut Euskal Herri osoan 20.000 ikasle inguru egon daitezkeela dantza tradizionala ikasten. Dantza ikasleak bakarrik sartu ditut hor, ez ditut kontuan hartu dantza taldeetan dagoeneko dantzan —nahiz eta etengabe ikasten— dabiltzan dantzari helduak.
20.000 dantzari horiei guztiei irakasten makina bat dantzari, dantza-maisu eta dantza-maistra dabiltza. Horien kalkulua egitera ez naiz ausartzen, baina mordoska bat direnik ez daukat zalantzarik. Dantza tradizionala irakasten ari direnek bere intentzio eta borondate onena jartzen dutenik ezin da ukatu, baina ezagutza eta prestakuntza aldetik biluzik gabiltzala iruditzen zait. Ikasleak baditugu, baina irakasleak, jarduera horretarako ondo prestatutako irakasleak falta zaizkigu. Tituluak behar dira, baina horren aurretik —edo batera— formazioa behar dugu. Dantzari bezala hezkuntza kaskarra dugu gehienok, eta dantza tradizionaleko irakasle lanetan aritzeko ez ezagutzarik ez prestakuntzarik ez dugu. Tituluak formazio egokia ez du ziurtatzen, baina gutxieneko bat eskaini dezake, orain hori ere ez baitaukagu.
Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aurkezpenean esan zenez ikasgaien aukera zabaldu egin daiteke eskaeraren arabera. Hona ba eskolaren ateak ireki aurretik nire eskaera: dantza tradizionaleko ikasketak egiteko aukera eskain diezagutela.
Entzuten ikasi
Azken asteotan Donostian, Gasteizen eta Iruñean hitzaldi eta mahainguruetan parte hartzea egokitu zait. Donostian, Ikasbide elkarteak gonbidatuta "Euskal dantza bidegurutzean" izeneko txapa bota nuen, Gasteizen Folklore Akademiako ikasleei dantza maisuetaz hitzegin nien, eta Iruñean, Ortzadarren jardunaldietan, folklore erakundeen iraganez, orainaz eta geroaz aritu ginen Emilio Xabier Dueñas, Mikel Aranburu eta hirurok.
Horrelakoetarako aurkezpenak prestatzeak lanak ematen ditu, eta lan-bolada gaiztoak tokatuz gero damutu ere egiten naiz baiezkoa eman izanaz. Baina pasatakoan merezi izan duela pentsatzen dut. Gai jakin horien gainean ditudan ideiak ordenatu, birpentsatu, kolokan jarri eta nire lana egituratzen duen diskurtsoa sendotzeko mesedegarriak gertatzen dira. Batetik, norberak gogoeta egiten duelako, eta bestetik, besteen ideiak eta ikuspuntuak entzuteko aukera izaten delako.
Donostian entzule talde anitza aurkitu nuen. Ikasbide elkarteko lagunen artean dantzari ohi batzuk zeuden, baina dantzarekin inolako loturarik gabekoak ere bai, kontaktu lanak egin zituen Aitor bera tarteko. Horien erantzun eta ikuspuntuak, alorreko jendearengandik nahiko aldentzen dira, eta distantzia horrek interes berezia ematen die. Hitzaldia bukatu nuenean bakoitzak bere iritzia emateko txanda ireki genuen (12-15 lagun ziren) eta denek izan zuten zerbait esateko. Ados zeudenek beren ekarpena egin zituzten diskurtsoa osatzeko eta erabat konforme ez zeudenek ikuspuntu propioa eskaini zuten. Benetan asegarria gertatu zitzaidan.
Gasteizen Folklore akademiako ikasle, irakasle eta dantzariek ekarpen interesgarriak egin zituzten. Pedro, Jon, Elena, Marta, Janire eta konpainiak bere eskarmentua eta bizi izan dituzten gora-beherak gogoratu zituzten. Dantza-maisu terminoa eta generoa uztartzeko modua aurkitu behar dugula konturatu nintzen dantzari batek egindako gakdera kritikoari esker. Carmen Ereñok, EHUn, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean gorputz adierazpena ikasgaia ematen duen irakasleak, biktimismoak alde batera utzi eta zirrikituak erabiltzen hasi behar garela esan zigun. Bere ustez kirolaren esparruan aurki dezakegu dantzariok gure formaziorako txokoa. Ez ninduen konbentzitu ideiak, baina zer pentsatua eman zidan.
Iruñean, Emilio Xabier Dueñasek dokumentazioa eta zorroztasuna beharrezko ditugula gogorazi zidan bere aurkezpenarekin. Mikel Aranburuk maisuki marraztu zuen dantza taldeon argazkia, eta ezagutzan eta analisian ezezik, sintesi eta aurkezpen lanetan zenbat daukadan ikasteko gogorazteko lezio bikaina izan zen. Ondoren, mahaingurua hartu zuen aretoan eta baita ondoko afari-dantzaldia hartu zuen sagardotegian dantzari eta dantzazale jendearen iritziak biltzen jarraitu nuen: Juan Pedro Aramendia, Juan Carlos Ornat, Joseba Altube, Mikel Goitia, Jokin Otamendi, Ortzadarreko jendea (Mikel, Iñaki, Gotzon,..) Batzuk diskurso oso bat agertuz eta beste batzuk iritzi azkar baina zorrotz bat eskainiz, baina esandakoen eta esan gabe geratu ziren kontuen inguruko ikuspuntuekin aberastuta itzuli ginen etxera.
Badaukat damu bat ordea. Gehiegi hitzegiteko ohitura dut eta hitz gehiegi behar izaten ditut gauza gutxi esateko. Nireak esan ondoren besteenak entzuten adi egoten jakin nahiko nuke, baina ez dakit, eta nik ere hitzegiten jarraitzen dut. Ondorioz, besteen esanei denbora kentzen diet, eta gero kezka horrekin etxeratzen naiz, "zer esan nahiko zuen horrekin?", "Hasi da zerbait esaten eta eten egin diot...", "nik nireak esateko nahikoa denbora izan badut, zergatik hitzegin dut horrenbeste bestei zegokien denboran??".
Entzuten ikasi, entzuten ikasi. Badaukagu ordua eta.
Euskara nagusi omen da euskal dantza ekitaldietan
Atzo hasi eta bihar arte Kulturaren Euskal Behatokiaren jardunaldiak egiten ari dira Donostian. Lehen bi egunetan lan saio itxiak egiten ari dira, nazioarteko beste bost behatokirekin elkarlanean, eta bihar, ostirala, jardunaldien ondorioak eta behatokiak egin duen lehen txostena aurkeztuko dituzte. Aurkezpen hori entzutera joatekoa naiz.
Lehen txosten horren ondorioen aurrerapen bat agertu da gaur komunikabideetan (Berria, Gara eta DV adibidez). Dantzari dagokioenez kopuru eskasak, ohiko legez. Arte eszenikoetan, EAEko 650 aretotan 2005ean eskaini diren 2816 emanaldietatik 2557 antzerki emanaldiak izan ziren eta 179 dantzakoak. Horrelakoetan beti pentsakor geratzen naiz aire libreko emanaldiak, alegia, plaza, kale eta frontoietan egiten direnak, zein ataletan jasotzen diren, edo besterik gabe, ez diren kontuan hartzen. Izan ere, dantza tradizionaleko emanaldi gehienak aire librean egiten dira.
Baina oraingoan sorpresa pozgarri bat ere aurkitu dut prentsako aipamenetan. Diario Vascon honela jaso dute (ez dut horren aipamenik aurkitu beste egunkarietan) euskararen erabilerari buruz:
"En general, puede decirse que el euskera tiene una presencia testimonial o muy discreta -el 2% en cine, el 11% en teatro, el 24% en los conciertos, el 24% en los fondos bibliotecarios...- en las actividades culturales, con la salvedad del mundo de las danzas vascas, donde su predomio es abrumador".
Alegia, euskal dantza ekitaldietan euskara nagusi dela. Aitortu behar dut sorpresa izan dela hori niretzat. Susmoa banuen euskal dantza tradizionalean gero eta euskara gehiago erabiltzen ari zela, baina ez nuen esango horrenbestekoa zenik. Ziur aski, dantza taldeon barne dinamiketan gauzak ez dira horren garbi egongo, baina hala ere, poztekoa iruditu zait euskal dantza ekitaldietan nagusiki euskara erabiltzen dela jakitea.
Gure dantzen historia egiteko baliabideak eskura
Gipuzkoakulturan irakurri dut gaur KOLDO MITXELENA Kulturuneak bere fondoetan dituen hainbat argitalpen digitalizatu dituela. Prentsa digitalizatua atalean daude erabiltzaile ororen eskura.
Digitalizatu eta denon eskura jarritakoen artean Argia, Baserritarra, Euskadi Roja, Euskal Esnalea, La Voz de España edo Euskaleerriaren Alde aldizkariak daude.
Dantzariontzat, gure dantzen historiaren nondik norakoak ezagutu nahi ditugunontzat, ekarpen bikaina da hau. Aldizkari horiek orain arte liburutegi eta artxibo batzuetan aztertu zitezkeen, baina orain etxetik zein bulegotik, edozein ordenagailutik ikusi daitezke. Gainera pdf formatoan daude eta nahi den orria zeure ordenagailura jaitsi dezakezu eta bertan gorde.
Material guzti horrek egin gabe daukagun euskal dantzaren historiarentzat zein interes duen ikusteko adibide bat. Har dezagun Euskal Erriaren Alde. 1911-1931 bitartean argitaratu zen aldizkari hori eta besteak beste garai horretan ospatu ziren hainbat Euskal Jai edo Lore Jokoren kronika ederrak biltzen dira bertan.
110. orrian (494 jatorrizkoan) bordon-dantzariak aipatzen dira, diputazioko ordezkariei harrera egiten eta udaletxera sartzeko bordon-dantzariek arkua egin zutela dio: "formaron el arco con sus pintorescos bastones".
Hurrengo orrian berriz (111-112 digitalak, 495-496 jatorrizkoak) aipamen interesgarri hau aurki dezakegu: "Domingo, dia 27. (...) una docena de muchachos tolosanos convertidos en pocos días por el renombrado Pujana de Villafranca en habilidosos ezpata-dantzaris, bailaron muy bonitas danzas que fueron aplaudidas con entusiasmo".
Ohorezko aurreskuaren inguruko xehetasunak (498. orr.), argazki bat (499. orr) aurresku txaplketaren kronika ere jasotzen da
"En la Plaza de los Fueros, á las cinco, se verificócon gran animación el concurso de aurreskularis, en el cual obtuvo el premio primero el popular Amoña, de Zarauz, quien a pesar de sus ochenta años conserva bríos para vencer a los jóvenes. El segundo premio fué para el agil Zumeta; el tercero para Pujana (hijo), para Aurre el cuarto, y el quinto para Chomin, de Hernani."
(121. orr. digitala, 505. orr. jatorrizkoa)
Pujanak Tolosako gaztetxoekin prestatutako dantzari-txiki taldearen emanaldiaren egitaraua jasota dago: "El tercer número estuvo á cargo de os dantzari-chikis instruidos por Pujana. Bailaron ocho danzas por este orden: Kontrapas, Brokel-dantza, Ezpata-dantza, San Juan-dantza, Uztai-dantza, Makil-haundi-dantza, Zinta-dantza, y Arku-dantza. Cada número valió a los pequeños dantzaris y á su maestro una merecida ovación". 131-132 (515-516)
Eta beste aurresku baten kronika, parte hartzaileen izenekin, eta dantzarien erakustaldiaren inguruko iruzkinekin:
"Los protagonistas se lucieron mucho; de los otros, unos bailaron bien, otros regular y otros... no bailaron. El "aseri-dantza" del dia 29 será famoso en los anales de algunas vidas particulares. ¡Ayek larriak, jaunak! En fin, cada uno hizo lo que pudo,y todos no hartamos de aplaudir y de disfrutar."
Ikusten denez, aldizkari eta kronika bakar batean hainbat informazio interesgarri:
- Bordon-dantzariekin batera Jose Lorenzo Pujanak prestatutako tolosako dantzari-txiki talde bat aritu zela, ta beraz Pujanak Tolosan ere bere dantzakeraren arrastoa utzi zuela...
- Aurreskulari txapelketan hainbat aipemen interesgarri, Candido Pujana edo Amuña adibidez. Amuñari orain ere 80 urtetik gora egozten dizkiote, baina Xabier Etxabek argitu zuenez 70 urte izango zituen Tolosako txapelketan.
