Zuberotarren milagruak
Berriz ere milagrua gertauko da Zuberoan. Maskarada baten 40 lagun inguruk parte hartzen du. Ondo trebatutako dantzariak behar dira, eztarri fineko kantariak, jendaurrean uzkurtuko ez diren aktoreak, musikariak, pherediku zorrotzak egingo dituzten idazleak,... Altzürüküko gazteek plazaratuko dituzte maskaradak aurten. 240 biztanle ditu Altzürükük. Nola demonio konpontzen dira 240 bizilaguneko herri batean, belaunaldi bakoitzean 40 artista ateratzen?
Nire etxe-sagarrean 200 lagun inguru biziko gara, eta maskarada bat atera nahiko bagenu bi dantzari bakarrik ezagutzen ditut etxe buelta osoan. Kantaririk baterez! Bertako gazte gehienak mobilizatu dira maskarada egiteko dio gaur Garak. Noski, ez dago beste modurik. Baina gainera maila txukuneko emanaldiak izaten dira, hori da harritzekoa!

Eta hori Zuberoa eta zuberoako kultura maldan behera dihoala. Izan ere ekonomikoki aukera handirik ez omen du eskaintzen, gazteak kanpora joaten dira ikasteko eta lanerako, euskara galtzen ari dira gazteak, mutilek ez dute dantzarako zaletasunik (neskak dira aurtengo dantzari guztiak) e.a.

Beraz, panorama beltza, eta hala ere... Lourdesera bidean Zuberoan gelditu, milagruak egiten dituzte eta...

IMKE (Informatikaren Menpekotasunak Kaltetutakoen Elkartea)
Informatikarekin duen harreman zailaren berri eman du Mikel Irizar-ek Sustatun Arrazoi guztia du eta erantzun hau utzi dut bertan:
Informatikaren munduak erabiltzaileoi jartzen dizkigun traba eta konplikazioek ez dute parekorik. Erabateko menpekotasuna dugu harekin eta erabiltzaile soilak kolpeak bata bestearen atzean jasotzen ditu.
Bulegoetan beti informatikariak izaten ditugu inguruan eta eskerrak haiei atera dira aurrera lanak. Behin baino gehiagotan galdetu diot nere buruari etxean ordenagailua darabilen hainbeste lagun nola demonio konpontzen den. Orain ari naiz frogatzen. Gaizki, oso gaizki. Nire kasuan sokorrista etxean dut eta medikua anaia, baina menpekotasun horrek sutan jartzen nau.
Nik kotxea gidatzen ikasi nuenerako ordenagailuarekin dezente ohitua nengoen. 18 urtekin gidabaimena atera eta kotxea hartu nuen. "Zenbat zaldi dizkik hire kotxeak?", "zaldirik batere, bolantea eta lau errobeda", besterik ez nekien nik kotxeetaz. Repuestoko errobeda non zegon ere ez nekin lehen pintxazoa izan arte. Instrukzioak atera, txintxo txintxo jarraitu eta listo. 300.000 km inguru egingo nituen ordutik eta ez galdetu niri bujiak non dauden.
Ordenagailuko teklatuarekin kotxearekin baino km gehiago egingo nituen, eta hamaika kontu ikasi ditut, baina ez dago konparatzerik. Kotxea nik gidatzen dut eta nahi dudan tokira narama. Ordenagailuarekin bestelakoa da harreman. Berak agintzen du, eta ahal dudana eta uzten didana egiten dut. Eta despistatu orduko barrabiletan ostikoa ematen dit. Azkena orain 3 hilabete. Disko gogorrak krak egin eta hamar bat urtetan pilatutako lanak Txan magoa bailitzan desagerrarazi zituenean.
Ea norbait animatzen den eta IMKE (Informatikaren Menpekotasunak Kaltetutakoen Elkartea) sortzen duen. Ni bazkidetzeko prest.
...zakua lepuan
Elurra gustatzen zait. Gaur Gasteizen klasea nuen eta ilusio itzela nuen elurretan leporaino sartzera joateko. Baina ez dute ba suspenditu? Kakati madarikatuok! Gero bost ordu konduziduko dabe pirinioetako azken mendipuntaraino elur bila juteko.
Asierrek jarri du Eibarren elurrak utzitako arrastoen argazkiren bat eta nik beste bat jarriko dut, Untzaga Plaza eta Urko elurtuta.

Goizean Azpeitian izan naiz eta Loiolako basilikari ere argazki bat egin diot elurrez inguratuta.

Tradizioa eta berrikuntza
Tradizioa eta berrikuntzaren inguruko iritzi trukea sortu da dantzan posta zerrendan. Abiapuntua Berrian kantari flamenko bati egindako elkarrizketa izan da, kazetariak euskal dantzak orain 100 urte bezala dantzatzen eta interpretatzen direla esaten baitu bere galderan
Josu Garatek erantzun du esanez kazetariak tradizioa=transmisioa nahastu dituela
Patxi Labordak folklorearen konzepzioan ikusten du arazoa. Folklorea argazki bat bezala ikusten duela jende askok, aldaezina. Beldurraren garai igaro dela eta experimentazioaren eta koneksioaren garia heldu dio Patxik. Agian ikasiko dugu nola tintatu bertze gauzak komeni zaigun moduan.
Josun ustez ordea Tinte berrieri lekua uzteko tinte zaharrak berreskuratu beharko genituzke lehenengo. Argazkirik egiten ez dakienak, fotoxoparekin jai dauka
Nik ere niri iritzia eman dut. Hauxe:
Nik irudipena daukat zikloka, boladaka gabiltzala euskal dantzaren munduan. Tradizioaren ondarea norberan gustura erabili, eraldatu, nahastu eta forma garaikideetara egokitzeko joera zabaltzen da bolada batzuetan. Halako batean konturatzen gara egiten ari garen horrek dagoeneko ez duela inolako loturarik eta antzik apur bat lehenagorarte indarrean izan diren tradiziozko moduekin, eta beraz, baliagarri egiten zituen ezaugarriak galduta, piperrik balio ez duela ohartzen gara. Beraz, etendako katea berregiten saiatzen gara, trakets, presaka eta sokorrista trajea jantzita. Ondorioz tradizioarekiko errespetu mistikoa nagusitzen da, baina belaunaldiz-belaunaldi tradizioaren ikuspegi hori ahultzen eta desitxuratzen joaten da. Halako batean, belaunaldi berriek ez dute erakargargarritasunik aurkitzen tradiziotzat aurkezten diren forma desitxuratu eta estatikoetan, eta bide berriak jorratu beharra sentitzen dute. Eta zikloa berriz hasten da.
XX. mendeko ibilbideak horrelako irudia eskaintzen dit niri. Gerra zibilaren ondotik erreferentzia gehienak galduta, unean uneko asmakizun eta koreografia folklorikoak sortu ziren han eta hemen. 60ko hamarkadan Urbeltzek tradizioaren haria berreskuratzearen aldeko joera ireki zuen, eta ehunka dantzari eta talde murgildu ziren bide horretatik 70 eta 80eko hamarkadetan. Erro handirik gabeko koreografiak egiten jarraitu zuten talde batzuk, baina, oro har, euskal dantzaren multzo nagusia dantza tradizionalen sustraiak aurkitu eta haiek ahalik eta zintzotasun handienarekin errepikatzera bideratu zen.
90eko hamarkadarako ahaztuta zegoen zer nolako txepelak ziren 50-60ko hamarkadetako koreografia berriak. Tradizioa ulertzeko modu hertsi eta okerrak eremu horretan bide berririk urratzerik ez dagoela pentsarazi die belaunaldi gazteei. Ondorioz, berriz ere tradizioaren azaleko ezagutzarekin koreografia berriak eta nahasketaren bila hasi dira hainbat. Nire ustez tradizioaren beraren ezagutza kaskarraz gain, tradizioa ulertzeko modu itxi eta okerraren ondorioa da guzti hori. Tradizioa ez baita aldaezina, mugiezina. Tradizioa bizia da, etengabe aldatzen ari den prozesu kulturala. Tradizioa zerbait itxi, estatiko eta aldaezin bezala aurkezten badugu, hori ez da tradizioa, hori fosila da. Eta fosilak egiten dio kalte tradizioari, ezerk egiten badio.
Tradizioa eta berrikuntzaren arteko tentsio hori ez da dantzaren mundukoa bakarrik. Alor guztietan gertatzen da. Azken bi Argia aldizkarietan adibidez euskara eta sukaldaritzari buruzko bi elkarrizketatan iritzi interesgarriak irakurri ahal izan ditugu gai horretaz. Bata Ibon Sarasola euskaltzainarena eta bestea Hilario Arbelaitz sukaldariarena. Euskara eta sukaldea jartzen duen tokietan dantza jarri eta arazo beraz ari direla ikusiko duzue.
Ibon Sarasola, Argia, 2005-01-16 Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, (hitzak... hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena.
Hilario Arbelaitz, Argia, 2005-01-09 Sukaldea modernizatzea oso garrantzitsua izan da, baina modernizazio horretan badago arrisku bat. Lehengo oinarriari gaur egun ez zaio garrantzirik ematen. Horretan kulpa handia dute zenbait kazetari eta zenbait komunikabidek, bide bakarra dagoela jartzen dutelako, sukalde bat bakarrik dagoela. Eta hori ez da horrela. Sukaldea oso zabala da, eta sukaldeak posible du ona izan tradizionala izanik, oraingoa izanik, gerokoa... (...) Baina gaur egun gazte askok ikusten badute aspaldiko platera bat egiten ari zarela ez diote inportantziarik ematen, eta hori pena da. Martxa honetan ez dute lehengo sukaldea ikasiko, eta lehengo sukaldea ikasten ez badute lehengo oinarria faltako da. Eta lehengo sukaldeko oinarri hori behar da gaur egungo sukaldeko gauza berri asko egiteko. Hori gabe oraingo gazteak lehengoa zer den ez dakitela geldituko dira.
Aurtzaka, Goierriko dantzen ikuskizuna
Ataunen izan nintzen larunbatean, Beasaingo Aurtzaka dantza taldearen Goierriko dantzen ikuskizunarekin gozatzen. Talde xume batekin, baina dantza tradizionalen ezagutza sakonarekin, antzokiaren aukerak eta ikuskizunaren erritmoa sentsibilitate handiz erabilita egin daitekeen saio on baten eredua iruditu zitzaidan Aurtzakaren emanaldia.

Dantzariek gogotsu dihardute, baina prestaketa aldetik herren samar daude. Bakarlari batzuk salbu, dantzari gehienek ez dute oso maila altua eta exekuzioa oro har ez da distiratsua. Hala ere, zuzendariak muga horiek ongi ezagututa errendimendu izugarria eskuratu du.

Goierriko dantzen ikuskizunaren atzean dokumentazio lan garrantzitsua dago. Goierrialdeko dantza tradizioa eta folklorea ondo mamitu ondoren prestatu du Mikel Sarriegik ikuskizun hau. Segurako prozesioko San Migel, Beasaingo banderaria, Loinazko ezpata-dantza, Santaneroen esku-dantza, Iztuetak bildutako doinu zaharrak, eta emanaldi honetarako propio birsortutako beste hainbat dantza eta tradizio aurkezten dira emanaldian. Baina ez da bilketa etnografiko aspergarri bat. Inondik ere. Pieza bakoitzari tonu eta erritmo egokiena aurkitu dio Mikel Sarriegik eta Aitor Furundarenak osatutako bikote koreografiko-musikalak. Mugimendu geldo eta errepikakorrak dituzten erritoak solemnitatez jantzita ageri dira, eta irri-dantza arruntak izan zitezkeenak dantza ero, bizi eta dibertigarriak gertatu zaizkit. hari sotil eta fin batek lotzen du dena; dantzak, taldeak, erritoak eta giroak etenik eta artifiziorik gabe doaz agertzen eszenatokian.

Ikerketa etnografikoetan eta historikoetan bildutako datuetatik abiatuta hainbat dantza birsortu ditu Sarriegik, eta horietan nabarmena da erakusten duen tradizio koreografikoaren ezagutza. Horren erakusgarri ederrena nire ustez Otsolar dantza taldeko neskatilek dantzatutako “sarian zunzun” sorgin-dantza da. Resurrección Maria de Azkuek Seguran jasotako hitz-jokoa abiapuntuan hartuta, erratzak eskuan dantzatuko dira sorginak, ezpata-dantzen tradizioko mugimenduekin dantza alaia osatuz. Hain lehor daukagun nesken errepertoriorako ekarpen gogoangarria egin du Sarriegi eta Furundarena bikoteak eta mereziko luke hedapena ematea. Emanaldi bukaeran Mikel Sarriegik jakinarazi zidan garai batean Lazkaon erratzekin egindako ezpata-dantzen mugimenduen datuak ere badituela.

Sarriegi eta Furundarena bikotea aipatu dut birritan, izan ere musikaren arduraduna da Aitor Furundarena eta lan ederra egin du. Arrunt samarrak gerta zitezkeen dantzei bizipoza eman die berak jarritako musikak. Denetarik edan du Furundak, tradizioko doinuetatik hasi eta Tapia eta Leturia edo Albokaren azken diskoraino. Ziur aski bere pieza propioak ere izango ziren asko, baina ezjakinak ezin bereizi. Batzuetan Furunda ganberroa nagusitzen zen –estridente samarra ere nire gusturako uneren batean— eta bestetan sentsibilitate handiko musikaria –txistuari laguntzen eta haren hutsuneak betez, edo musukitarra ondo babestuta eskainiz—. Musikari talde zabalak inguratzen zuen, baina soinu-jolearen aldean eskamentu falta nabari zitzaien gehienei. Gainontzean jantzi eta argiekin lan txukuna egin zela iruditu zitzaidan.

Inauteri goiztiarrak
Aurten goiz datoz inauteriak, otsailaren 8an da inauterietako asteartea, eta otsailaren 5ean inauterietako larunbata. Ondorioz ospakizunen pilaketa gerta daiteke hainbat tokitan, Santa Ageda, Kaldereroak eta Inauteriak denak aste buru berean pilatu daitezke eta.

Baliteke toki batzuetan gauza batzuk aurreratzea hori saihesteko. Eguberrietatik atera eta gain-gainean ditugu inauteriak eta horrek prestaketa lanetarako tarte txikia uzten du.

Aurrekoan lagun batek esan zidan ezinezkoa dela hain goiz izatea inauteriak, inoiz ez dela hain goiz izan. Baina oker zegoen. Izan ere oraindik goizago ere toka daiteke. Adibidez, hiru urte barru, 2008an, dena batera tokatuko da. Hau da, inauteri larunbata otsailaren 2an izango da, kandelaria egunean! Dena batera beraz: Hartza zulotik atera, kaldereroak iritsi, Santa agedako koplak kantatu, inausi, mozorrotu, santa eske, oilasko biltze eta hamarreko biltze guztiak batera jaso, bazkaldu, afaldu eta edan, eta konturatu orduko garizuma da.

Inauterien kalkuloa nola egiten den azaltzeko artikulu bat prestatu genuen orain urte batzuk data hauek iritsi ahala bisita dezente izaten ditu.
