Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Udako abestia: ¡Que viva España!

xme 2005/09/08 00:15

Udan zehar kilometro dexente egin ditut kotxean, batetik bestera Euskal Herrian barrena, irratiaren konpainian gehienbat. Udaldiko berriketa txatxuak eta tertulia sakon ustekoak entzuteko gogo gutxi, eta nahiago musika jartzen duten emisorak: bat edo beste, berdintsu zitzaidan zein, baldin eta musika entzunarazten bazuen. Hortaz, festetako taberna eta txosnetan ibili ez banaiz ere, zer edo zer esan dezaket uda partean entzun dudan (eta, beraz, geure artean entzun dugun) musikari buruz.

Orain galdetuko balidate zein izan den aurtengo “udako abestia”, hona gogora datozkidan batzuk: “Nada de esto fue un error”, Coti argentinarrarena (Julieta Venegas eta Paulina Rubiorekin); “La camisa negra”, Joanes kolonbiarrarena; “Días de verano”, Amaral aragoiarrenak; “La tortura”, Shakira kolonbiarrarena (Alejandro Sanz espainiarrarekin); “Siete horas”, Bebe extremadurarrarena; “Zapatillas”, El Canto del Loco madrildarrena

Gehiago ere badatozkit burura, tartean Gwen Stefani eta Carlinhos Brown-en azken hit-ak, baina, horiek gorabehera, konstatazio dudaezinezko bi egin litezke: lehena, Hego Euskal Herrian arrakasta duten abesti gehien-gehienak espainolez kantatuak direla, Atlantikoaren alde batekoak nahiz bestekoak izan; bigarrena, euskal kantu bakar bat ere ez dudala sumatu zerrenda horretan sartzeko modukorik; gehien hurbiltzen dena, geografiaz eta nahi baduzue tematikaz, “Soy un veterano de la kale borroka”, Lendakaris Muertos iruñarrena eta komunikabide faxista batzuetan protestak piztu dituena, punkaren ironia ulertu ezinik nonbait. Euskaldunen artean beti dira kontsolamendu bila dabiltzanak: horiei esan diezaiekegu Joanesen abizena Aristizabal dela, edo Amaraleko kide bat Agirre eta donostiarra dela, baina poxbide kaxkarra da hori, top zerrendan daukagun presentzia eskasa zuritzeko.

Arrazoiak aztertzen hasita, mordoa aipa liteke: euskal musikagileen sorkuntza-krisia dagoela pentsa lezake baten batek, Euskadi Gaztera deitzen dutenek eskatzeko moduko kanturik egiteko gauza izan ez direlako; euskal musikaren industria zein ahula den ere aipa daiteke, disko-etxeak kantari baten promozio indartsu eta egokia bideratzeko gaitasunik ez dutelako; euskaldunok geure hizkuntzan egindako lan eta produktuei zein atxikimendu eskasa diegun salatzea ere ez legoke lekuz kanpo; geure demografiaren mugak gogora genitzake, erruak goxatu nahi izanez gero; estatu baten tresna ideologiko eta ekonomikoak edukitzea zein inportantea den ez ahazteko aprobetxatu genezake, bide batez.

Horiek denak dira egia. Zein faktoreri ematen diogun garrantzi handiagoa edo txikiagoa, norberaren pentsaera eta izaeraren baitan dago, eta horretaz eztabaidatzen hasiz gero ez genuke sekula amaituko. Hala ere, arazoa hor dagoela konturatu behar genuke, gutxienez, asko ez baitira ohartu, eta beste askok nahiago baitute itsuarena egin. Eta arazo hori ez da udako abestiarena, kultur inbasio orokor batena baizik. Maila politikoan hau eta beste eskatzen, planteatzen, aldarrikatzen dugu, baina kulturalki kolonizatuta jarraitzen dugu. Gero eta kolonizatuago, seguru asko, eta ez dirudi axola zaigunik.

Horretaz jabetzea, hasteko. Ondoren, bakoitzak bere alorrean ahaleginak egin behar lituzke, zaparrada etengabe horri aurre egiteko. Hala ere, denok ez ditugu ahalbide eta erantzukizun berak. Egoeraren eragileen artean bat utzi dut lehen aipatu gabe: irrati-kateen ideologia, FMko diala betetzen duten emisoren jabetza eta horrek dituen ondorioak. Egia da prentsa idatzian ere hedabide arrotzek egundoko indarra dutela, baina, kioskoan ez bezala, aireko uhinen banaketan zeresana du bertako aginte autonomoak (gogoratu Euskalerria Irratikoei frekuentzien banaketan Nafarroako Gobernuak egindako azpikeria eta zipozkeriak).

Ea, beraz, geure irrati libreak sendotzen ditugun, haiek koordinatzeko asmoek aurrera egiten duten, irrati euskaldun eta nazional berriren bat sortzeko gauza garen, dauzkagun irrati euskaldun publikoek musika programatzean beren izaera euskaldun horri zorrotzago eusten dioten, eta, maiztasun berriak banatzerakoan, talde arrotzen presioei amore eman barik, egungo eskaintza globalaren oreka linguistikoa irizpidetzat hartzen den.

Orain dela 35 bat urte, Espainiako itsaso, lur eta airean harro eta zabal entzun zen kantua, zinezko udako abestia, Manolo Escobarren “¡Que viva España!” izan zen. Zuetako askok barre egingo dio Manolo Escobarri, baina, pentsatzen jarrita, hura behintzat pasodoble eder bat zen, dantza lotuan egiteko aproposa, eta ez zuen disimulatzen bere mezua.

Udako postalak (XVII)

xme 2005/09/07 09:42

Larunbata, irailak 3

Fisikako irakasle maite hori:

Oporretan gustura ibili zara? Estresa pasa zaizu? Pozten naiz. Ni ere saiatu naiz ongi pasatzen, ez zen erraza baina: irailerako zintzilik utzi zenidan ikasgaiaren zama lepotik zintzilik beti Pentsa: joan kontzertu batera eta, taldea jo eta sua ari zela, watt-ak, anpereak eta dezibelioak kalkulatzen hasten nintzen; hartu kristoren atxurra eta, etxera balantzaka nentorrela, grabitate-legeaz gogoetan; alde egin autoan Mediterraneo aldera eta, abiadurari eta distantziari erreparatuta, noiz ailegatuko ginen pentsatzen. Hortaz, azterketa oso ongi ez egin arren, jakizu fisikak biziki kezkatuta naukala, eta izan zaitez, arren, eskuzabala.

Igandea, irailak 4

Lekeitioko antzarak:

Bapo jaten edo lo gozoan egongo zarete denak, bihar zer etorriko zaizuen jakin barik. Erruki humanitarioa iritsi zen zuengana eta heriotza aseptikoa izango duzue, sokatik zintzilik eta gazte bat zuen samari lotuta burua galdu ordez. Alde batera suertea duzuela esan liteke: zezenak ez ditu inork ezpata, pikadore eta banderrilletatik libratzen.

Lekeitiokoa ikuskizuna krudela da berez, eta joko krudel bat proposatu nahi diet irakurle-ikusleei: txalupa bakoitzarekin, saiatu imajinatzen zein pertsona jarriko zenuketen eskegita antzara gaixoaren ordez; gero lagun artean komentatu liteke: Urliak asko iraun du, Sandia lepo-mehe horrek berriz

Asteartea, irailak 6

Gorka nagi hori:

Jaiki zaitez, Gorka. Ea, Gorkatxo, altxa behingoz, eskolara joan behar duzu-eta. Badakit ohean gustura zaudela, baina ezin egongo zara betiko hor sartuta. Gosari goxoa prestatuko dizut, eta han izango dituzu lagun pila bat zain, oporrei buruz hitz egiteko. Aupa, Gorka, ez izan horren alferrontzia eta altxa ohetik, lizundu egingo zara bestela. Animo, ez da horren gogorra eta. Beste guztiak joaten dira ba? Ezin geratuko zara zu bakarrik lehenengo egunean eskolara joan gabe. Are gutxiago maisua zu izanda.

Zure amak

Asteazkena, irailak 7

Juanjo eta Juanjoxe (Ibarretxe eta Petrikorena, alegia):

Bidaia duzue gaur biok Madril aldera; joan-etorria elkarrekin egitea ez litzateke ideia txarra, gastuak banatu eta konpainia onean joateko, baina ez dut uste. Diferenteak baitituzue gonbidatzaileak, denak ere jende printzipala izan arren: Moncloara doa bata, Auzitegi Nazionalera bestea, eta ez da segurua biontzat gozoa izango den tratua. Gogoratzen hasita, aspaldi ez dela Moncloako lehengo maizterrak Auzitegi Nazionalera bidali nahi izan zuen Juanjo. Gauzak zertxobait lasaitu dira. Benetan onbideratzeko, ez litzateke seinale txarra Juanjoxek ere Moncloako alfonbrak zapaltzea. Joan-etorriko bisitan, noski.

Eragin handiena izan duten artelanak

xme 2005/09/06 10:36

Orain dela hilabete batzuk albiste txiki bat ikusi nuen prentsan. Artearen historialari eta kritikarien artean inkesta bat egin zutela, arte plastikoetan XX. mendean eragin handiena izan duen obra izendatzeko, eta hautatua izan zela... Marcel Duchamp-en "Iturria" (gizonezkoen pixatokia, nonbaitetik hartu eta berak sinatua). Konforme geratu nintzen aukerarekin, lan "ederragoak" izango diren arren, handixe abiatzen baitira geroztiko artea goitik behera markatu duten hainbat joera: originalaren eta kopiaren arteko jokoa, artea zer den zalantzan jartzea, artistaren subjektibitatea arte-ekintzaren muin gisa, kontzeptualizazioa...

Orain dela aste batzuk antzeko beste albiste bat ikusi nuen. Oraingoan, eragin handieneko kantua aukeratu behar zuten, eta irabazlea berriz... "Like a Rolling Stone", Bob Dylan-ena. Zailagoa iruditzen zait arlo honetan hautapen bakarra egitea, baina ados egongo nintzateke berriz ere: kantatzeko era bat sortu zuen, ordura arte "gaizki kantatzea" deitzen zena sentimenduen transmisiorako bide ona zela erakutsiz, eta jarrera berri bat ere bai, errebeldiazkoa, harrezkeroko rock guztia baldintzatu duena.

Albiste horien haritik pentsatzen jarri nintzen: euskal eremuan horrelako aukeraketa egin beharko balitz, zein litzateke arte grafikoan obra esanguratsuena? Eta abestirik eragingarriena? Jendeak parte hartzeko eta iritziak emateko deia ere bada artikulu hau, baina harria neuk bota dudanez proposamen parea ere egingo dut.

Arte ederretan nik uste eragin handiena Jorge Oteizaren lanek sortu dutela. Bat izendatzeko ez dut behar bezala ezagutzen haren obra, baina espazioaren desokupazioa eta hutsunea lantzen hasi zeneko eskultura horietako bat esango nuke.

Eta abestietan? Mikel Laboaren hasierako bat. Labeguerie etorri zen lehenxeago, baina eragin handiena Laboak izan duela esango nuke, tradizioa eta modernitatea uztartzen jakin zuen sentiberatasun bat, kantaera berezia, jarrera ere bai. "Haika mutil", "O Pello, Pello" edo horrelakoren bat izan liteke.

Inkesta zabalago ere hartu liteke. Adibidez, literaturan eraginik handieneko obra XX. mendean, nazioartean eta Euskal Herrian. Edo zinemaren historian eragin handiena izan duen filma (kasu honetan nazioartera mugatuko nuke hautua, gurean hutsaren hurrena besterik ez dugu egin eta).

Paretari begira

xme 2005/09/05 13:32

(Igandean Goierriko Hitza-n argitaratua)

Kitto. Bukatu da uda. Iritsi da betiko martxara bueltatu beharra. Eta etorri da atzera Hitza ere. Batek baino gehiagok izango du pena, oporrei ez diela nahi adinako zukurik atera, egin gabe utzitako planen damua barrenean hazka. Tira: ez ibili kexaka, ez dago gabonen edo datorren urtearen zain egon beharrik-eta; batzuetan nahikoa da arratsalde bat libre hartzea eta irudimen pixka bat, barkazioetako moduko planak egiteko. Horrelako bat proposatuko dizuet nik gaur.

Barne-turismoa deitzen zaio gure herrialdearen barruan egiten dugunari; askotan izaten baitira txokoak ezagutzen ez genituenak eta gero, ikusitakoan, benetako poza ematen digutenak. Horrelako zerbait gertatu zait niri aurten Seguran. Segurako kaleak etxe dotore ugari ditu erakusteko, noski, baina ni uda honetan ustekabean harrapatu nauena, herriko plazan Joxemari Telleriak pintatu duen murala izan da: ze gauza ederra! Koloreak, konposizioa, ispiluaren ideia hori Ez dizuet kontatuko: hobe zuek joaten bazarete.

Horma horren haritik, pentsatzen jarri naiz, badituela Telleriak mural gehiago ere, polit askoak, Goierriko bazterretan han-hemen eginak. Adibidez, Ordiziako Oiangu taberna barruan bat, eskuin muturrekoek jarritako bonbak lehengoa txikitu ondoren berritua; beste bat Beasainen, Erretiratuen Etxeko sarreran; eta, Beasaindik atera gabe baina ezkutuxeagoan, Dendarien Elkartean, Oriamendi kalean. Ez dut ikusi baina, esan didatenez, Zaldibiako futbol zelaian ere margotu omen zuen hango pareta, bertako gazteen laguntzaz.

Ez dakit Historiak inoiz aitortuko duen nolako gizon jantzi, argi, eskuzabal, fin eta jatorra izan den Joxemari Telleria. Etorkizunaren zain egon gabe, guk geuk oraintxe daukagu aukera, haren zenbait obra begi-bistan gozatzeko, batetik, eta urtetan egindako lan isila eskertzeko, bestetik.

Udako postalak (XVI)

xme 2005/09/02 08:30

Asteartea, abuztuak 30

Patricia Highsmith Parnasoan zaudena:

Ez dut uste zure jaiotzaren ez heriotzaren urteurrena denik. Arrazoi berezirik ez, beraz, postal hau idazteko. Hala ere, eskertu egin nahi nizun, zuri eta zure bitartez munduan diren eta izan diren idazle guztiei, zeure nobelekin ematen diguzun poza. Gizon-emakume arruntak krimenaren atarira eramaten dituzu, ezagun duzu ez duzula maiteegi giza jeneroa, baina gu ez garen beste batzuk abelera horietan ikusiz gozatzen dugu irakurle sinpleok. Uda oro errepikatzen den plazera. Urte askoan iraun dezala.

Asteazkena, abuztuak 31

Lech Walesa elektrikari ohia:

Nonbaiten irakurri dut gaurko egunez sortu zela, orain dela 25 urte, Solidarnosc sindikatua; oporraldiaren luzapena aldarrikatzeko ote zen pentsa liteke, txantxetan hasiz gero; serio jardunda, langileena omen zen estatu batean langileei egiazko ahotsa emateko saioa zela sinetsi nahi zuten gure arteko batzuek; gaizki pentsatuta, berriz, ematen du meza-kantua zela zuk entzun nahi zenuen bakarra. Sozialismo erreal hura joan zen pikutara, oraingo Polonian hauteskundeak komunista ohiek irabazi arren. Ez dakit lortutakoaz harro sentizen zaren baina, zorionak dena dela.

Osteguna, irailak 1

Donostiako arraunlariak:

Hemerotekek diote 80 urte direla donostiarrek banderarik irabazi ez dutela. Ez estutu: aurten, gizatasun eta dotoreziarena irabazi duzue-eta, Kontxako zortzi aukeratuen artean egoteko pribilegioari uko eginda. Kirolaren lege bakarra arerioa zanpatzea bihurtu den sasoi honetan, ez da makala. Gaurko sailkapenean jardungo duzue erlojupean, denbora txarra egingo duzue seguru asko, eta kamixeta izerdi jatorrez zikindutakoaren harrotasunez etxeratu ahal izango zarete. Zorionak: orain bai merezi duzuela Kontxako Bandera irabaztea. Esponsor on bat bilatuz gero

Ostirala, irailak 2

Deep Purplekide agurgarriak:

Rockero zaharrak inoiz hiltzen ez direlakoa asmatu zuenak burua altxatuko balu, hor ikusiko lituzke, etxeko epelean kafesne-zopak hartzen egon beharko luketen agureak zerbezaz bapo daudelako itxurak egiten, gelditzen zaizkien boxt kalpar xaxtarrak luzatzen utzita, anfetaminen ordez sintron pastilla bat hartuz egunero

Barka ezazue patetiko samar ikusten bazaituztet. Dena dela, ez pentsa zuen aurrean txirriak erretzen jardungo dutenak askoz hobeto dabiltzanik, tarteka salto txikiak egin arren denak zain egongo baitira, “Smoke on the water” noiz entzungo.

Atzo genioen moduan...

xme 2005/09/01 08:00

Nire moduan Espainiako literatura eta kultura ikasi dituenari ezaguna egingo zaio "Decíamos ayer" esaldiaren historia, baina izango dira ezagutzen ez dutenak ere. Frai Luis Leongoa XVI. mendeko poeta espainiar bikaina izan zen, bere poemak plazaratzeko irrika berezirik ez zuena, ordea, hil ondoren argitaratu zizkioten-eta. Lira delako bertso-motan idatzi zituen bere sorkari ederrenak: 7 eta 11 silabako lerroak tartekatuz eta errima birekin. Burura datorkit haren zatirik ezagunenetakoa:

"¡Qué descansada vida / la del que huye del mundanal ruïdo / y sigue la escondida / senda por donde han ido / los pocos sabios que en el mundo han sido!"

Bera ez zen horren ezkutaturik ibili ordea. Poemak idazteaz gainera, teologiako irakaslea zen Salamancan eta, gaur egungo talaiatik horrek marjinal samarra dirudien arren, bere garaian munta handiko gizona izan zen. Hainbesteraino non, etsaien salaketen erruz, behin baino gehiagotan ikusi zuen bere burua Inkisizioaren epaitegien aurrean, baita bost urte preso pasa ere. Kontatzen dutenez, kartzelaldi horren ostean bere irakasle-lanera itzuli zenean, horrelaxe hasi omen zuen bere estreinako eskola: "Decíamos ayer..."

Nik ez dut bost urte pasa, eta patxada ederrean egon naiz uda partean, baina uztailaren 20tik ez dut mezu berririk idatzi, ez badira Berria-ko Tartea gehigarrirako idatzi ditudan postalak.

Postalez kanpoko azken mezu hartan hamarkadei buruzko burutazio batzuk bota nituen, "La grande bouffe" filma ikusteak bururarazi zizkidanak, eta pelikula komentatzea hurrengorako utziko nuela esan nuen.

Ez dakit nire hitzak iraungitze-datarik duen baina agindua bete gabe uzteak halako zimiko bat eragiten dit barrenean. Hala ere, hasi-masiekin luzatu egin naiz berriz eta hurrengorako utziko beharko dut, beste behin, pelikularen zorra, hilabete eta erdi pasa ondoren ezer txukunik esaten asmatuko dudan ez dakit baina.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.