Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Herriaren erakargarritasuna

Mikel Lizarralde 2009/12/08 16:28

Bi gauza desberdin bereizi behar ditugu: gure herriko kaleen eta denden erakargarritasuna. Lehenari esker jendea ibiliko da, eta bigarrenak aldiz erostera bultzatuko gaitu.

Kaleen erakargarritasuna

  • Espaloi zabalak edota autorik gabeko kaleak, oinez ibiltzera gonbidatzen dutenak. 
  • Kalean batetik bestera ibiltzeaz gain, komenigarria da kalean egotea ere erakargarria izatea, horretarako leku egokiak edukiaz. Gurean Toribio Etxebarria eta Untzaga besterik ez dauzkagula esango nuke.
  • Garraioa dela eta, zenbat eta errazagoa izan herri horretara sartu eta ateratzea, hobe.
  • Eremu irekiak. Eraikinez beteriko eremuak ez dira erakargarriak, ez bisitari ez biztanleentzat.
  • Ekintza guztiak leku berean egiten badira, jendea ez da leku horretatik mugituko.
  • Merkatu plaza zaharrak dezenteko bizia ematen zion Errebal kaleari, baita musika eskolak ere. Ziur ume eta guraso asko ez direla horrenbeste jaisten Anbulatoriotik behera orain bi urte musika eskola eraitsi zutenetik.
  • Ekintza kulturalek herriari bizia ematen diote, kalean zein antzokietan egin. Egunotan Durangon ospatzen den Azokara jende andana joango da. Asko Azoka bertara eta beste asko antolatzen diren kontzertuetara. Elgetako kafe antzokian daukagu beste adibide eder bat. 
  • Koliseoan eskaintzen hasi diren zine komertzialak jendea erakartzen du gure herrira, lan ildo horretatik jarraituz gero gure kaleak erakargarriagoak izango dira.
  • Kultura alternatibo librea. Edinburgh-en Nazioarteko antzerki topaketak egiten direnean, kalean ere doako emankizun mordoa antolatzen dira, artista berriek beren lekua ere izan dezaten, ondorioz, kaleak topetara betera egoten dira.
  • Honekin lotuta, Gaztetxe eta enparauek ere lan polita egiten dute herrian ekintza ezberdinak antolatuz. Gure herriko Tallara Gaztetxia aldiz, desagertzear dago eraikina bota behar dietela eta = ekintza kultural gutxiago = jende gutxiago kalean.

Denden erakargarritasuna

  • Eskaintza erakargarria izateko hainbat faktore aztertu behar dira, tartean prezioa, produktua eta zerbitzua.
  • Saltoki handietan denetarik aurkitu dezakegu, eta, orokorrean, prezio lehiakorretan. Horregatik, denda txikiak espezializatu egin behar dira produktu/zerbitzu konkretu batean (edota kategoria batean, hala nola, josteko behar den edozertan). Gai horretan adituak bilakatzeak saltokietatik bereizten lagunduko die.
  • Bezeroekin erlazioa: denda/dendari eta bezeroen artean erlazioak sortzea funtsezkoa da, horrek bezeroaren fidelizazioa sor dezake eta.

Eibar, marka bezala ikusita

Herri eta hiriak produktu eta enpresen modukoak dira, marka bat daukate. Eta lehenago aipatu ditugun horiek Eibar marka sendotzen lagun dezakete.

Gustura jakingo nuke inguruko herrietan zein iritzi daukaten gure herriaz, estereotipoetatik aldenduz, zer uste duten gure kaleez, gure dendez, gure trafikoaz, eta abar. Hortik ateratako informazioaz eta izan nahi dugunaren analisiaz, herria aldatzen hasi beharko ginateke.

Errebalen zer egin

Mikel Lizarralde 2009/12/08 00:26

Ez, nik ez dakit zer egin behar den Errebalen, ez daukat errezeta magikorik, baina ez daukadan bezala, lasai asko hitz egiten ari diren askok ere ez daukate, udala eta merkatariez ari naiz. Badaude proiektu posible batzuk atsegin ditudanak eta beste batzuk berriz ez, baina erabakia analisi-prozesu eta ikerketa serio baten ostean egin behar dela uste dut.

Arazoa zera omen da, Barrenenguan jarri den merkatalgune berrira bakarrik joango dela jendea, ez direla Anbulatoriotik behera jaitsiko. Horretarako bi ideia nagusi omen dituzte herri hau kudeatzen dutenek: merkatalgunea eta autobus geltokia.

Merkatalgunea Errebalen

Proiektu honi ondorengo ondorioak ikusten dizkiot:

  • Kanpotarrak erakartzeko Eibarrek izango duen interes bakarra dendak izango dira eta sortuko diren enplegu gehienak profil nahiko baxukoak izango dira (bai eskakizunez zein soldataz).
  • Urkizu, Errebal eta erdigunea prest al daude sortuko litzatekeen trafikoa irensteko? Kamioi eta bisitariez nabil, bai aparkatzeko zein autoaz gidatzeko. Corte Inglesera doan jende guztia ez doa aparkalekura (garestia bait da) eta inguruko kaleetan lehen baino zailagoa da autoa aparkatzea.
  • Benetan uste al dute beste merkatalgune batek herriko dendei mesede egingo diela? hemen, ez dut uste inolako ikerketek lagunduko luketenik, denborak emango digu erantzuna.
  • Hirigintza eta estetika aldetik herria eraikinez bete-beteta dago, ez dago inolako jolas-parke handirik, zuhaitz edota zelairik, gainera ia ez dugu inguruko mendirik ikusten. Lehen egin nahi zuten merkatalguneak bost solairuko altuera hartu behar zuen; egin nahi duten berri hau zehazteke dago, baina suposatzen dut lurzoruari ahal duten etekin ekonomikorik handiena atera nahiko diotela.

Autobus geltokia

  • Orain arte tren geltokia behean egon da eta autobus geltokia Untzaga inguruan. Laster, tren geltokia Untzagaruntz eramango dute, biba! bi geltokiak batera. Baina ez, autobus geltokia mugituz gero (Errebalerantz zein Matsariarantz) biak banatuko dira berriz ere.
  • Logistika aldetik nire zalantzak ditut Errebal leku egokia den estazioa bertan jartzeko. Gainera, laster San Agustin kalea oinezkoentzako egiten badute (Zuloagatarrenaren pare), non emango dute buelta Elgoibar aldera doazen autobusek asteburuetan?
  • Bestalde, izan gaitezen errealistak, zenbat pertsonak darabilte autobusa gure herrira etortzeko? Pena merezi du datozen horiengatik geltoki berriaren obrak egitea? Bestalde, zenbatek darabilte trena? Gustura jakingo nituzke bata eta bestearen bidaiari-kopuruak.

Beste aukerarik?

Berriz ere diot ez dudala arrakastaren formula ezagutzen, baina nago aurreko biek ez dutela balio, eta hori denborak baino ez digu esango. Uste dut badaudela beste formula batzuk herrian giroa pizten lagundu ahal dutenak, herriko bizi-kalitatea eta denden erakargarritasuna areagotuz. Baina hori aurrerago ;-)

Egunkaria libre!

Mikel Lizarralde 2009/12/06 17:52

Hitzak soberan daude, utzi dezatela behingoz bakean Egunkaria!

Egunkaria
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.