Herriaren erakargarritasuna
Bi gauza desberdin bereizi behar ditugu: gure herriko kaleen eta denden erakargarritasuna. Lehenari esker jendea ibiliko da, eta bigarrenak aldiz erostera bultzatuko gaitu.
Kaleen erakargarritasuna
- Espaloi zabalak edota autorik gabeko kaleak, oinez ibiltzera gonbidatzen dutenak.
- Kalean batetik bestera ibiltzeaz gain, komenigarria da kalean egotea ere erakargarria izatea, horretarako leku egokiak edukiaz. Gurean Toribio Etxebarria eta Untzaga besterik ez dauzkagula esango nuke.
- Garraioa dela eta, zenbat eta errazagoa izan herri horretara sartu eta ateratzea, hobe.
- Eremu irekiak. Eraikinez beteriko eremuak ez dira erakargarriak, ez bisitari ez biztanleentzat.
- Ekintza guztiak leku berean egiten badira, jendea ez da leku horretatik mugituko.
- Merkatu plaza zaharrak dezenteko bizia ematen zion Errebal kaleari, baita musika eskolak ere. Ziur ume eta guraso asko ez direla horrenbeste jaisten Anbulatoriotik behera orain bi urte musika eskola eraitsi zutenetik.
- Ekintza kulturalek herriari bizia ematen diote, kalean zein antzokietan egin. Egunotan Durangon ospatzen den Azokara jende andana joango da. Asko Azoka bertara eta beste asko antolatzen diren kontzertuetara. Elgetako kafe antzokian daukagu beste adibide eder bat.
- Koliseoan eskaintzen hasi diren zine komertzialak jendea erakartzen du gure herrira, lan ildo horretatik jarraituz gero gure kaleak erakargarriagoak izango dira.
- Kultura alternatibo librea. Edinburgh-en Nazioarteko antzerki topaketak egiten direnean, kalean ere doako emankizun mordoa antolatzen dira, artista berriek beren lekua ere izan dezaten, ondorioz, kaleak topetara betera egoten dira.
- Honekin lotuta, Gaztetxe eta enparauek ere lan polita egiten dute herrian ekintza ezberdinak antolatuz. Gure herriko Tallara Gaztetxia aldiz, desagertzear dago eraikina bota behar dietela eta = ekintza kultural gutxiago = jende gutxiago kalean.
Denden erakargarritasuna
- Eskaintza erakargarria izateko hainbat faktore aztertu behar dira, tartean prezioa, produktua eta zerbitzua.
- Saltoki handietan denetarik aurkitu dezakegu, eta, orokorrean, prezio lehiakorretan. Horregatik, denda txikiak espezializatu egin behar dira produktu/zerbitzu konkretu batean (edota kategoria batean, hala nola, josteko behar den edozertan). Gai horretan adituak bilakatzeak saltokietatik bereizten lagunduko die.
- Bezeroekin erlazioa: denda/dendari eta bezeroen artean erlazioak sortzea funtsezkoa da, horrek bezeroaren fidelizazioa sor dezake eta.
Eibar, marka bezala ikusita
Herri eta hiriak produktu eta enpresen modukoak dira, marka bat daukate. Eta lehenago aipatu ditugun horiek Eibar marka sendotzen lagun dezakete.
Gustura jakingo nuke inguruko herrietan zein iritzi daukaten gure herriaz, estereotipoetatik aldenduz, zer uste duten gure kaleez, gure dendez, gure trafikoaz, eta abar. Hortik ateratako informazioaz eta izan nahi dugunaren analisiaz, herria aldatzen hasi beharko ginateke.