Errebalen zer egin
Ez, nik ez dakit zer egin behar den Errebalen, ez daukat errezeta magikorik, baina ez daukadan bezala, lasai asko hitz egiten ari diren askok ere ez daukate, udala eta merkatariez ari naiz. Badaude proiektu posible batzuk atsegin ditudanak eta beste batzuk berriz ez, baina erabakia analisi-prozesu eta ikerketa serio baten ostean egin behar dela uste dut.
Arazoa zera omen da, Barrenenguan jarri den merkatalgune berrira bakarrik joango dela jendea, ez direla Anbulatoriotik behera jaitsiko. Horretarako bi ideia nagusi omen dituzte herri hau kudeatzen dutenek: merkatalgunea eta autobus geltokia.
Merkatalgunea Errebalen
Proiektu honi ondorengo ondorioak ikusten dizkiot:
- Kanpotarrak erakartzeko Eibarrek izango duen interes bakarra dendak izango dira eta sortuko diren enplegu gehienak profil nahiko baxukoak izango dira (bai eskakizunez zein soldataz).
- Urkizu, Errebal eta erdigunea prest al daude sortuko litzatekeen trafikoa irensteko? Kamioi eta bisitariez nabil, bai aparkatzeko zein autoaz gidatzeko. Corte Inglesera doan jende guztia ez doa aparkalekura (garestia bait da) eta inguruko kaleetan lehen baino zailagoa da autoa aparkatzea.
- Benetan uste al dute beste merkatalgune batek herriko dendei mesede egingo diela? hemen, ez dut uste inolako ikerketek lagunduko luketenik, denborak emango digu erantzuna.
- Hirigintza eta estetika aldetik herria eraikinez bete-beteta dago, ez dago inolako jolas-parke handirik, zuhaitz edota zelairik, gainera ia ez dugu inguruko mendirik ikusten. Lehen egin nahi zuten merkatalguneak bost solairuko altuera hartu behar zuen; egin nahi duten berri hau zehazteke dago, baina suposatzen dut lurzoruari ahal duten etekin ekonomikorik handiena atera nahiko diotela.
Autobus geltokia
- Orain arte tren geltokia behean egon da eta autobus geltokia Untzaga inguruan. Laster, tren geltokia Untzagaruntz eramango dute, biba! bi geltokiak batera. Baina ez, autobus geltokia mugituz gero (Errebalerantz zein Matsariarantz) biak banatuko dira berriz ere.
- Logistika aldetik nire zalantzak ditut Errebal leku egokia den estazioa bertan jartzeko. Gainera, laster San Agustin kalea oinezkoentzako egiten badute (Zuloagatarrenaren pare), non emango dute buelta Elgoibar aldera doazen autobusek asteburuetan?
- Bestalde, izan gaitezen errealistak, zenbat pertsonak darabilte autobusa gure herrira etortzeko? Pena merezi du datozen horiengatik geltoki berriaren obrak egitea? Bestalde, zenbatek darabilte trena? Gustura jakingo nituzke bata eta bestearen bidaiari-kopuruak.
Beste aukerarik?
Berriz ere diot ez dudala arrakastaren formula ezagutzen, baina nago aurreko biek ez dutela balio, eta hori denborak baino ez digu esango. Uste dut badaudela beste formula batzuk herrian giroa pizten lagundu ahal dutenak, herriko bizi-kalitatea eta denden erakargarritasuna areagotuz. Baina hori aurrerago ;-)
Nire ustez inpultsoka dabiltza Errebalekoa konpondu nahian. Hanka barruraino sartu zuten merkatal-zentruaren aferarekin eta orain sekulako dirutza ordaindu behar izan dute "errekuperatzeko". Saldutako prezioa - erositako prezioa, sekulako dirutza.
En pin, hori ez dugu errekuperatuko, baina egin ezin dena inolako azterketa eta ezer egin gabe berehala autobus geltokia mugitzen hasteko "globo sonda" aireratu. Hanka sartu duzue. Bale. Ez duzue berriz sartu nahi. Bale. Berehala egin behar dira gauzak bestela merkatariak haserretu egingo dira. Bale. Aztertu dena ondo ezer egin aurretik. Tamalez oraingoan ere erabakiak beste zerbaiten inpultsoan hartuko dituzten susmoa dut.