Telebistak badu garrantzia oraindik
Telebista ez dago hila eta telebistan iragarkiak jartzea ezta ere. Dakizuen moduan, nere alter ego blogariak autoen inguruan jarduten du, tartean, Alfa Romeo etxearen azken autoaz, Alfa MiTo delakoaz (eta hemen ere bai). Irailaren azken egunetan, Alfa 147-a ordezkatzen duen auto honen iragarkiak botatzen hasi ziren telebistan. Iragarki politak ziren, deigarriak.
Google Insights for Search-en begiratuz ikus dezakegu egun horietan bilaketa ugari egin zirela Alfa MiTo eta antzerako terminuetaz. Telebistan ikusia, interneten bilatu nahi zuen jendeak.
Pasa ziren asteak, eta telebistatik iragarkiak kendu zituen Alfa Romeok eta Alfa MiTo eta tankerakoen bilaketak lehengora itzuli dira.
Santiago bidea
Duela urtebete egin nuen Done Jakue edo Santiago bidea. Egunotan sarri irakurri ditut nere blog zaharreko pasarteak. Gaur urtebete nere zazpigarren eguna nuen, Rabanal del Camino eta O Cebreiro arteko etapa. Oso egun polita izan zen, bi mendate igo nituen, Cruz de Ferro eta Cebreiro bera. Gainera Galizian sartu nintzen.
Bidai bat egiten duen edozeini gomendatzeko modukoa da blog batean idazten joatearena. Edota koaderno sinple batean. Agian argazkiek beraiek baino oroitzapen politagoak sortzen dizkidate irakurritako pasarteek.
Konparaketak nazkagarriak dira
Agian ez dut asmatuko konparaketa egiterakoan, ezin direlako era absolutuan burutu, baina atrebituko naiz. Ez dakit nola, gaur Saski Baskoniaren (aka Tau Ceramica saskibaloi taldea) webgunean sartu naiz (kontuz, euskarazko atalak begiak, eta zerbait gehiago, mintzen ditu). Webgunea polita iruditu zait, hasera-haseratik hurrengo partiduko sarrerak saltzera enfokatua, eta informazio pilarekin. Baina arreta klubak egin nahi duen "Baskonia kirol hiria"-an jarri dut. Sartu webgunean eta irakurri zenbat gauza egin behar dituzten (kirol instalakuntzak, hainbat igerileku, tabernak, ileapaindegiak, ...).
Futbolean ohikoa da kirol hiriak entrenatzeko besterik ez egitea. Baskoniak ez dakit entrenatzeko ere erabiliko duen, baina ideia bikaina iruditu zait diru gehiago lortzeko. Zenbat futbol zelai daude Zubietan? Zenbat lirateke nahikoak Errealaren talde guztiak entrenatzeko?
Badakit kirol hiri hau egiteko Gasteizko udaletxearen eta Arabako aldundiaren laguntza izugarria jasoko zuela, baina ez zuen Errealak ere halakoa jaso Zubietan (eta beste hainbestetan)?.
Gainera, ekimen honi Boulevard merkatalgunean duten denda, bolera eta taberna gehitu behar zaio.
Jakin nahiko nuke klubaren diru iturrietan zer-nolako pisua duten horrelako ekimenek. Baina ziur hobe dela horrelako zerbait egiten ahalegintzea ezer ez egitea baino (Txinako dendak aipatu behar nituen baina ez nago umoreko).
Zorionak Josean Kerejeta, klubaren presidente lazkaotarrari, eta bere taldeari.
Iragarkiak kentzen dituen iragarkia
Doritos enpresak ideia xelebrea izan du. Interneten nabigatzen dugunean iragarki gehiegi ikusten ditugula eta hauek kentzeko sistema asmatu du. Ikusi bideoa (ingelesez):
Firefoxeko Adblock-en tankerakoa, baina iragarkiak kentzeaz gain, gure argazkiak jartzeko aukerarekin.
Ez dut uste Doritos bezalako enpresa handi bati (Wikipedian ikus dezakegun bezala Pepsi-rena da) horrenbeste inporta zaionik Interneten erabiltzaileok sofritzen dugun zarata. Baina mugimendu interesgarria da gainerako iragarleak, arreta-lehiakide guztiak, ezabatzeko. Bidebatez, horren modan dagoen ahoz ahoko efektua lortzen du.
Iturria, Comandoefe
SEO is bullshit
Ederra Javier Cañadaren blogean irakurritakoa:
SEO is using deodorant instead of washing. SEO is masking bad coffee with sugar. SEO is cramming instead of studying. SEO is using pain killers instead of going to the dentist. SEO is taking weight loss pills instead of exercising. SEO is a comb-over. SEO is Scientology. SEO is Paris Hilton. SEO is the Zune. SEO is the morning-after pill. SEO is astroturf. SEO is not the real thing. SEO is cutting corners. SEO is not the solution. SEO is bullshit.
Hauxe idatzi duenak dio SEO-a kaka bat dela, baina berak horixe bera egiten du, SEO lana, argitaratu duen artikuluak lortuko dituen lotura guztiengatik. Ba nik ez diot loturarik oparituko ;-)
Eguneraketa (2008-10-29)
Gaurkoan SEO-aren inguruko beste artikulu interesgarria. Marek Fodor, Atrapaloko CEO-ak dioenez, SEM eta SEO garrantzitsua da, baina garrantzitsuena marka lantzea da, zuzenean gurera datozen bisitariak geroz eta gehiago izatea.
Konspirazioak Ameriketan ere
Duela aste pare bat Sustaturi esker jakin nuen azken ekonomia Nobel saridunak bloga zeukala. The Conscience of a liberal da Paul Krugman-en bloga. Tarteka irakurtzen nabil. Ez da erraza, milioi bat euroko sariak sekulako indarra eman dio eta egunero ateratzen ditu hainbat artikulu.
Atzo irakurri nion AEBetako eskuin erradikalenen teoriaren berri ematen zuen artikulua. Krugman-ek dioenez eskuin-muturreko hainbat blogari teoria berri bat dabiltza aireratzen: egun bizi dugun krisi ekonomikoa demokratek sortua da; konspirazioa da hauteskundeetan errepublikarrak galtzaile suertatzeko. Konspiratzen dabiltzanak: demokratak eta komunikabide progreak.Sentsazioa daukat ez dela lehen aldia matraka hau, edo antzerakoa, entzuten dudana. Gainera, Krugman-ek aipatzen du 2004.eko hauteskundeetan antzerako zerbait esan zutela, orduan, George Soros-i (Kerry-ren alde diru mordoa emandakoa) bota zioten munduko finantza merkatuen beherakadaren errua.
Mundu mailako kontserbadoreak batzen dituen beste ezaugarri bat daukagu eskuartean. Konspiranoikoak dira. Ez dira galtzaile onak. Galtzen dutenean, konspirazioengatik galtzen dute, ez besterik. Mundua sinplea da.
Interneteko iragarkiak eta edukia
Nere alter ego blogariaren lanak egiten ari nintzela (ez, gaurkoan SEO lanik ez, lasai) detaile batetaz konturatu naiz, autoetaz hitzegiten duten blogek geroz eta link gutxiago jartzen dituztela beste blogetara, albisteen iturrietara.
Obsesioa Google-eko lehen postua da, obsesioa bisitaria beste blog batera ez joatea da (eta SEO lanik besteei ez oparitzea). Nik nere bloga lehena izatea nahi dut Google-en, zalantza gabe, baina albistea nondik jaso dudan aipatzea interneteko printzipio oinarrizkoenetakoa da. Agian ez nabil guztiz zuzen eta editoreen alperkeria besterik ez da, ez dakit.
Horretaz gain bada beste zerbait arduratzen nauena: iragarkien masifikazioa eta zentzurik ezak. Beste blog honetako artikulua irakurtzea ezinezkoa da iragarki batek testu gehiena ezkutatzen duelako. Eta horrelakoak dira blogeko artikulu guztiak. Blog horren egileari ez zaizkio bere irakurleak interesatzen, berak nahi duen gauza bakarra da orri bistaratze (pageview) asko izatea gero iragarleak lortzeko.
Horrek ere iragarleak leku txarrean uzten dituela iruditzen zait. Zein irizpide jarraitzen dute iragarkiak jartzerako orduan? Audientzia? Influentzia? Irakurleen komunitatearen indarra? Inbertsioaren itzulera (ROI)? edota ez daukate irizpide propiorik eta marketin agentziak dioena egiten dute? Komunikabide tradizionalekin dauden arazo berean erortzeko arriskuan daude zenbait enpresa.
Autoen inguruko blog sinple bat egitea erraza da. Jarri Technorati edota Google Blog Search lanean (Yahoo Pipes erabiltzen baduzu hobe jario bakarra izateko) eta idatzi blogean. Nik hala egiten dut. Baina nere helburua ez da iragarkiak saltzea. Nik jendea bidali nahi dut gure saltokiko webgunera (eta uste dut ez dudala era inbasiboan egiten) eta ia-ia beti (%99,99) jartzen ditut iturriak.
2008 - X - 16 Eguneraketa
Beste adibide bat ondorengo blog honetan.
Eibarren lanak egiteko era
Japoniari buruzko hainbat blog jarraitzen ditut. Beste mundu bat da hura, eta beti iruditu izan zait interesgarria. Duela zenbait egun artikulu bat irakurri nuen, Japoniako kaleetan lan publikoak egiteko erari buruzkoa. Ezin izan diot azken esaldia ekartzearen gogei eutsi:
"Está claro, que las obras están planificadas con una idea clara en mente: Molestar lo menos posible al ciudadano."
Eibarren bezalatsu, ezta?
Iragarkietan dirua xahutzen
Hau ez da lehen aldia nire beste alter ego blogaria aipatzen dudana. Aurreko batean aritu nintzen Alfa MiTo autoaren inguruan egindako posizionamendu SEO lanaz.
Kontua da Google-en bilaketa egin dudala ikusteko ea nola kokatua zegoen nire bloga eta ondorengo hau ikusi dut:
Emaitza naturalean lehen bi postuetan jarraitzen du blogak. Alfa Romeo markaren webgunea da hirugarren dagoena, auto berriarentzako egin duen webgune bereziarekin. Eta guztiaren gainean, iragarkietan diru dexente xahutzen, Alfa Romeo beraren webgunera daraman iragarkia (eta ez nola nahiko iragarkia, hori, garesti xamarra da).
Alfa Romeok eduki dezakeen super-aurrekontuarekin... beraien auto berria ateratzen... eta iragarkiak jarri behar dituzte lehenak agertzeko? Ados, Alfa Romeo MiTo bilatuz gero beraiek dira lehenak, baina jende gehiagok bilatzen du Alfa MiTo beste hori baino.
Dirua webgune flashero super politak egiteko erabili (egia esanda, webgunea polita da, ezin ukatu), eta gero berriz ere beste hainbeste gastatu behar bilatzaileetako emaitzetan goian agertzeko. Eta gainera, nahiz eta lehen emaitzetan agertu, iragarkiak ere erosi oraindik eta gorago azaltzeko.
Kuriositate hutsez beste marka batzuk ere errapasatu ditut eta gehientsuenek berdin egiten dute: Ford Focus, Renault Megane, Volskwagen Polo, Opel Astra, Citroen C5, ... Ziur guztiek interneteko komunikazioa enpresa berarekin egiten dutela (eta posizionamendua beste batekin? ;-).
Agian, Enrique Dans-ek aipatzen duena pixkat moldatuz, krisi garaian erabakiak hartzen dituzten goi-mailako exekutibo inkopententeak kaleratu beharko lituzkete, eta ez benetan balioa sortzen duten langileak.
Ikearen katalogoa
Eskerrak! Iritsi da 2009. urteko Ikearen katalogoa. Eta gainera LHC-ak mundua suntsitu aurretik iritsi ere. Jendeak izugarri espero duen katalogoa da hauxe (altzari munduan diote urteetan ez dutela ia ezer berririk atera baina...). Bada desmuntatutako mito bat ere dioena Biblia bera baino publikatuagoa izan dela.
Ba gure etxean bada norbait zuzenean zakarrontzira bota duena. Hori sakrilejioa! Ez dio aukera txikiena ere eman XgiebaGax estanteriari.
Egia da Eta Kitto ere hor dagoela (eta hau astero egiten du bizilagun enmaskaratu honek). Ez daukat arrastorik ere zein ote den. Zin dagit ni ez naizela izan. Ez daukat ezer suediarren aurka, oso jatorrak dira, altuak, ilehoriak eta begiurdinak.
Altzari saltzailearen kirats hau ezin kendu ezta hiru dutxa eguneko emanda!

