Konparaketak nazkagarriak dira
Agian ez dut asmatuko konparaketa egiterakoan, ezin direlako era absolutuan burutu, baina atrebituko naiz. Ez dakit nola, gaur Saski Baskoniaren (aka Tau Ceramica saskibaloi taldea) webgunean sartu naiz (kontuz, euskarazko atalak begiak, eta zerbait gehiago, mintzen ditu). Webgunea polita iruditu zait, hasera-haseratik hurrengo partiduko sarrerak saltzera enfokatua, eta informazio pilarekin. Baina arreta klubak egin nahi duen "Baskonia kirol hiria"-an jarri dut. Sartu webgunean eta irakurri zenbat gauza egin behar dituzten (kirol instalakuntzak, hainbat igerileku, tabernak, ileapaindegiak, ...).
Futbolean ohikoa da kirol hiriak entrenatzeko besterik ez egitea. Baskoniak ez dakit entrenatzeko ere erabiliko duen, baina ideia bikaina iruditu zait diru gehiago lortzeko. Zenbat futbol zelai daude Zubietan? Zenbat lirateke nahikoak Errealaren talde guztiak entrenatzeko?
Badakit kirol hiri hau egiteko Gasteizko udaletxearen eta Arabako aldundiaren laguntza izugarria jasoko zuela, baina ez zuen Errealak ere halakoa jaso Zubietan (eta beste hainbestetan)?.
Gainera, ekimen honi Boulevard merkatalgunean duten denda, bolera eta taberna gehitu behar zaio.
Jakin nahiko nuke klubaren diru iturrietan zer-nolako pisua duten horrelako ekimenek. Baina ziur hobe dela horrelako zerbait egiten ahalegintzea ezer ez egitea baino (Txinako dendak aipatu behar nituen baina ez nago umoreko).
Zorionak Josean Kerejeta, klubaren presidente lazkaotarrari, eta bere taldeari.