Konspirazioak Ameriketan ere
Duela aste pare bat Sustaturi esker jakin nuen azken ekonomia Nobel saridunak bloga zeukala. The Conscience of a liberal da Paul Krugman-en bloga. Tarteka irakurtzen nabil. Ez da erraza, milioi bat euroko sariak sekulako indarra eman dio eta egunero ateratzen ditu hainbat artikulu.
Atzo irakurri nion AEBetako eskuin erradikalenen teoriaren berri ematen zuen artikulua. Krugman-ek dioenez eskuin-muturreko hainbat blogari teoria berri bat dabiltza aireratzen: egun bizi dugun krisi ekonomikoa demokratek sortua da; konspirazioa da hauteskundeetan errepublikarrak galtzaile suertatzeko. Konspiratzen dabiltzanak: demokratak eta komunikabide progreak.Sentsazioa daukat ez dela lehen aldia matraka hau, edo antzerakoa, entzuten dudana. Gainera, Krugman-ek aipatzen du 2004.eko hauteskundeetan antzerako zerbait esan zutela, orduan, George Soros-i (Kerry-ren alde diru mordoa emandakoa) bota zioten munduko finantza merkatuen beherakadaren errua.
Mundu mailako kontserbadoreak batzen dituen beste ezaugarri bat daukagu eskuartean. Konspiranoikoak dira. Ez dira galtzaile onak. Galtzen dutenean, konspirazioengatik galtzen dute, ez besterik. Mundua sinplea da.