Sarri, hitzez eta ahotsez
"Ola wapa etorri einbizu hau leidu bizu ta." e-mail baten mezu kriptiko hau jaso nuen bariku goizean. Artxibo erantsi bat zekarren postak eta "Bulegoa" pasartea itsatsita.
Eskerrak ostean whatsapp bat jaso nuen! Barikuan bertan 8,15ean Durangoko Plateruenan egon behar nuela zioen, Sarrionandiaren lanen irakurketa publikoa egin behar baitzuten. Lankide batek kale egin, eta ni harrapatu, ederto ezagutzen naute-eta! Inprimatu eta jo eta sua aritu nintzen prestatzen pasarte hura ganoraz eta taxuz irakurtzeko.
Bertara iritsi muntatu zutena ikusi nuen: antzokian hiru irakurketa gune ipinita, argi ahularen pean, mahaitxoetan jendea entzuten. Giro intimo eta goxoa, atmosfera paregabea.
Taberna aldean, urduritasuna eta lasaitua nagusi. Izan ere, bertan elkartzen ziren irakurtzeko zain zeudenak eta irakurritakoak.
Barrura sartu eta zain egon ginen, entzuten, aurreko eta ostekoen testuak. Bazuen giroak solemne puntua, baina era berean lasaia eta erlaxagarria ere bazen, gustura egotekoa.
Ia sei ordu iraun zuen irakurraldiak, eta 200 pertsona inguruk irakurri genituen beste horrenbeste testu. Musikaz eta kantuz ere hornituta egon zen bloke bakoitza. Gerora jakin nuenez, proiektua ez zen egun bakar batekoa, baizik eta denbora luzeagoa iraun zuena, eta barikukoa azken ekintza.
Ekimen polita izan zen. Ikaragarri ondo antolatuta, estetikoki ederra eta sakonean ere ekintza bikaina. Xumea bezain indartsua.
Zorionak antolatzaileei, primerako lana egin duzue-eta. Eta eskerrik asko gonbidatu/atrakatu ninduten lagunei ere, horrelako aukerak gutxi izaten dira eta: uztartuta idazle gogoko baten idatziak, eta ahots gorako irakurketaren plazera.
Ziklo horretako lehen geldialdian ere izan nintzen (Jimu Iturralde izan zen hizlaria) eta proiektu ederra iruditu zait.
Merezi du horrenbeste eta gehiago ere Sarriren lanak!