Eusko Jaurlaritzako oposaketak eta euskara
Administrazioan azterketak egiteko erabiltzen den hizkuntzak etorkizunean Eusko Jaurlaritzan erabiliko den hizkuntza baldintzatzen du. Tamalez, egiaztatuta dago hizkuntza hori gaztelania dela.
1990eko oposaketan gaiak eta azterketak gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko aukera bermatuta izan arren, denok gaztelaniaz egin zuten, baliteke salbuespenen bat izatea, baina ez dut uste. Hamar urte iragan arren, 2000. urteko oposaketan halako horrenbeste gertatu zen. Inork ez zuen euskaraz azterketa egin. Oraingoan, 2010. urteko oposaketan antzerako zerbait gertatuko delakoan nago.
Badaramatzagu 30 urte administrazioa euskaldundu nahian. Esfortzu handiak egin arren, bai administrazioaren aldetik, baita langileen aldetik ere, milaka langilek euskara ikasi arren, euskaraz hitz egiteko eta idazteko gai izan arren, administrazioa oraindik gaztelaniazko erreinua da.
Egun, berriz, oposaketetako hautagaiek euskarazko ereduetan ikasi dute, baita goi mailako unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin dituzte. Beraz, gehienok euskaldun peto-petoak dira. Areago, euskaran gaztelanian baino askoz erosoago murgiltzen dira.
Orduan, zergatik egiten dituzte azterketak gaztelaniaz?
Erantzuna garbia da, euskaraz eginez gero gainditzeko aukera askoz zailago izango da.
2010. urteko azterketetan, aitzitik, oposiziogileen artean asko dira euskaraz egiten planteatzen ari direnak. Niregana asko etorri dira honen gaineko galderen argibideen bila. Zein hizkuntzatan gomendatzen didazu azterketak egitea, da egindako galdera zuzena. Euskalduna eta euskararen aldekoa izanda, asko kostatzen zait erantzutea.
Ez desanimatzearren, soilik aipatzen dizkiet azterketa euskaraz eginez gero topatuko dituzten eragozpen bakan batzuk. Batez ere, administrazio orokorretik kanpotik datozen oposiziogileei, nik emandako argudioak kontuan hartzeko biziki gomendatzen diet.
1. Oposizio guztietan, gaiak gaztelaniaz prestatuta daude, hortaz euskarazko bertsioa itzulpen hutsa da, eta kasu askotan itzulpen azkarregi egin behar da.
2. Itzulpenetan erabilitako euskarazko terminologia arrotza da. Adibide gisa, liburuzain euskaldunek erabiltzen dugun txaplata hitza, zaila izango da identifikatzea testuan agertzen den etiketa hitzarekin. Gai espezializatuetan terminologia egokia erabiltzea ezinbestekoa da azterketako galderen jatorrizko zentzuaz jabetzeko.
3. Azterketak jartzen dituztenek, kasu onenean euskaldunak izanda ere, azterketak gaztelaniaz prestatzen dituzte, gaiak gaztelaniaz prestatu zituztelako eta eguneroko lana ere erderaz egiten dutelako. Beraz, jatorrizko bertsioa, baita ñabardurak ere hizkuntza horri begira eginak daude
4. Azterketa berberaren galderak ere, dudarik gabe, itzulpenak izango dira, eta gainera litekeena da presazko itzulpena izatea.
5. Halaber, alegazioak erantzungo dituztenek, EPEren epaimahaian, baita ondorengo instantzia juridikoetan oposaketa judiziopean sartuz gero, gaztelaniazko bertsioak izango dituzte oinarri.
Teorian administrazioak elebidunen eskubideak bermatzen ditu. Teorian euskara gaztelania bezain ofiziala da, baina kasu gehienetan ikusi dugun moduan, agerian gelditzen da praktikan euskara bigarren mailako hizkuntza dela.
Euskal Herrian euskaldunak gaztelaniazko eledunen menpe gaude. Eta bide horretatik jarraituz gero mendeak eta mendeak pasatu behar izango dira egoera honi buelta emateko. Datorren urterako beste mailako oposaketa batzuk daude iragarrita, ea ordurako gai garen aipatutako trabak gainditzeko.
Euskal Herrian gaude, beraz gutxienez lanpostu guztien erdiak euskaraz egin beharko luke eta beste erdiak soilik gaztelaniaz egin zezakeen. Batzuek, proposamen hori gehiegikeriatzat joko dute, jakina; baina orain gertatzen dena ez ote da gehiegikeria? Euskaldunak zeharo kaltetuta gelditzen gara, eta azterketak “de facto” gaztelaniaz egitera behartuta gaude. Indarrean dagoen legea errespetatuz aurrekoa legalki lortzea ezinezkoa balitz, ondokoa proposatuko nuke: euskarari dagozkion lanpostuen kopurua, euskaraz egiteko baldintzapean atera beharko lituzkete hurrengo EPEan, eta ikasgaien prestatzaileak zein aztertzaileak, egunero euskaraz lan egiten dituztenen artean aukeratuak izan beharko lirateke.
Gerardo Luzuriaga
Liburu elektronikoen irakurgailuak
Liburu elektronikoen irakurgailuak errealitate bihurtu dira Donostiako liburutegietan. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak teknologia berri honen aldeko apustua egin du eta datorren maiatzaren 3tik, liburutegietako erabiltzaileek liburu elektronikoak maileguan hartzeko aukera izango dute.
Guztira 33 irakurgailu izango dira eta bakoitzaren memorian, lehenengoz, gaztelaniazko 594 idazlan, euskarazko 69 eta ingelesezko 50 izango dira.
Liburutegi Zerbitzuak izenburuen eskaintza gehitu ahal izango du, beti ere legez onartuak dauden deskargen bidez. Euskararen kasuan, orain eskainiko diren 69 izenburuak Auspoa bildumakoak dira, bere garaian Euskararen Patronatuak digitalizatu zituenak.
Tresna berri hauek, iLiad, Cybook eta Papyre, Liburutegien Sareko 11 liburutegietan banatuko dira, eta bazkide erabiltzaileek 21 eguneko mailegua egiteko aukera izango dute. Erabiltzaileari, itzulketa egiterakoan, galdekizun labur bati erantzutea eskatuko zaio, zerbitzua hobetu ahal izateko.
Liburu elektronikoen zerbitzu berri hau gure eduki digitalen hurbilpen lan hildoaren barnean kokatzen da; hain zuzen ere, horren eredu ditugu jada Hemeroteka Digitala
(http://liburutegidigitala.donostiakultura.com/Liburutegiak/), tokiko egunkari zaharren 40 izenburu digitalizatuekin, eta gure bloga: "Liburutegiko albisteak" (http://liburutegikoalbisteak.donostiakultura.comZure iruzkinak eta iradokizunak jasotzea gustatuko litzaiguke.
PARTE HARTU GURE BLOGEAN! Klik egin: http://liburutegikoalbisteak.donostiakultura.com/eu/
DONOSTIA KULTURA, 20003 donostiakoliburutegiak@donostia.org
Liburutegi zerbitzua, Konstituzio plaza, 1
