Artxiboa Maiatza 2007
Europako Liburutegi Digitala
The European Library Office, la Biblioteca Nacional de España, la Bibliothéque Nationale de France, la Biblioteca Nacional de Praga eta Michael erakundearen arduradunek Europako Liburutegi Digitalaren proiektua bateratua aurkeztu dute.
Aditu hauek azaldu dutenez, proiektu honek liburutegi nazionalek orain arte egindakoa abiapuntua harturik proiektu komun batera ailegatzea du helburu.
Jardunaldi hauetan Liburutegi Nazionalen proiektu digital batzuk ikusteko aukera eduki ditugu: Espainiako Liburutegi Nazionalaren Biblioteka Digital Hispanika Frantziako Liburutegi Nazionalaren Gallika (Bibliothéque Numérique de la BnF) eta Europeana eta Michael proiektua (Frantzia, Portugal eta Hungriako liburutegi nazionalen arteko proiektua )
Teknologiaren bidez kantitateaz gain kalitatea era kontua hartuko duten ezaugarririk nagusienetariko bat da: irudiak OAIren bitartez eskuragarri, eta bilaketak testu osoan egin ahal izango baita, digitalizatzeko azken teknikak erabiliko dutela, alegia. 2007 urte honetan Europako Liburutegi Digitalaren aurkezpena egindo da, eta 2008ko azarorako abian jarriko da.
Europako Liburutegi Digitala ( Bibliothèque numérique Européenne, the European Library, Europeana)Egun 23 liburutegi nazionalen funts bibliografikoak kontsulta daitezke (150 milioi liburu, kartel, soinu, bideo )
Dokumentazioari buruzko 10. jardunaldiak
Joan den astean, Santiagon dokumentazioari buruzko 10. jardunaldiak izan dira. Dakizuenez, jardunaldi hauetan ordu berean hitzaldi ugari daudenez, ezinezkoa da ekintza guztietan parte hartzea, leku guztietan izatea.
Hona hemen iruditako esanguratsuenak, ezbairik gabe azpimarratuenetariko bat Los blogs en la biblioteca 2.0. La blogosfera bibliotecaria, documentalista y archivera: quién, para qué, para quién izan da; baina ekintza honen gaineko gorabeherak patxadaz eta luzez Asnabiko blogean irakur ditzakezuenez, beste izenburu batzuei erreparatuko dizkiot.
Ekintza honez gain Software askeari buruzko hitzaldiak azpimarratu nahi ditut.
Santiagon jardunaldi hauek izana ez da izan kasualitatea, Galiziako Xuntak software librearen aldeko erronka egin baitu.
Universitat Politécnica de Katalunyak software askean egindako PPCommons proiektuaren ezaugarriak ezagutzeko ezinparegabeko aukerak eduki ditugu. Repositorioak (e-prints, Tesiak, aldizkariak, lan akademikoak...), software (linux, apache, MySQL, Php, Dspace, HTML...) Standareak (Dublin Core, OAI...) ezagutu dugu.
Halaber hiru egun hauetan UNEDeko proiektua eta Extremadurako Juntako softwaren askearen (LibrEX) aplikazioaren eskarmentuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki dugu.
Liburutegien legea
Hona hemen liburutegien legearen gaineko beste artikulu bat
Aurreko bi artikulutan azpimarratu nituen Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdi politikoek aurkeztutako Euskadiko liburutegien legearen gabeziak. Oraingoan Euskal Sozialista taldeak legeari egindako zuzenketak az- tertuko ditut. Esan beharrean nago sistema bibliotekarioari dagokionez haratago joan den alderdi politikoa izan dela, bi arrazoirengatik, alde batetik, disimulurik gabe legean begiztatzen diren deszentralizazioaren bideak argitu eta zehaztu dituelako, eta bestetik espresuki proposatzen duelako irakurketa sare publikoaren kudeaketa eta finantzaketa aurrera eraman behar dela Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta hiriburuetako udalen artean.
Legebiltzarrak onartuko duen legean, liburutegien eskumenak, ekintzak eta laguntzak Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta hiriburuetako udalen artean banatzen dira, aipatutako erakundeen arteko lehia sortuz eta handituz. Horrela bada, PSEk proposatutako zuzenketek herri osoan aginpidea edukiko duen sistema sortu beharrean, orain arte bezala agindu duten erakunde guztien arteko lankidetzan jarraitzea bultzatzen dute.
Lege honek, hortaz, nekez arautuko du liburutegien sektorea; nekez jarriko du indarrean politika bibliotekario komuna; aitzitik, Euskal Autonomia Erkidegoko herrialde bakoitzean dauden liburutegiek (foru aldundietakoak, hiriburuetako udaletakoak, unibertsitatekoak, Jaurlaritzakoak, espezializatuak...) Eusko Jaurlaritzarekin bat egiten ez duten bitartean, Euskadiko sistema bibliotekarioak ez du irizpide bateraturik edukiko.
Egindako zuzenketen akatsa lankidetzaren printzipioan oinarritzean datza. Liburutegien ezaugarririk esanguratsuenetariko bat lankidetzan lan egitea den arren, eta proiektu bibliotekario guztietan kooperazioa ezinbestekoa bada ere; lankidetzan lan egiteko era, ohitura eta moda honek ezin gaitu itsutu. Gogoan izan behar da Europar Batasunak eta batik bat nazioarteko liburutegietako erakunde ofizialek (UNESCO, IFLA, ISO...) erakunde nazional indartsuak sortzera bultzatzen dutela, esaterako Unescok informazio sistema nazionala gomendatzen du. Herri guzti- etan horrela bada, zer esanik ez gurean non hainbat erakunderen interesak nahasten diren, non irizpide katalografiko eta linguistiko bateraturik ez dagoen.
Irtenbidea liburutegi sistemaren lege esparrua ezartzeaz gain, sistema ezartzeko ezinbestekoak diren azpiegiturak ematea litzateke: egoitzak, baliabide teknikoak, giza eta material-baliabideak... Halaber, nazioan liburutegi sistemen buru egiten dutenek, hots, liburutegi nazionalek, ondoko funtzio eta eskumenak dituzte: lurraldeko ekoizpen bibliografikoa bildu, bibliografia nazionala egin, lurraldeko gainerako liburutegiei arauak eman, lurraldeko agentzia bibliografikoa izan... Eta gurean ere, ezinbestekoa zaigu pareko funtzioak legean jasotzea: horretan datza legearen muina.
Azken buruan, gure herrian ere, lege honek, izenaz gain izanez ere, benetako sistema nazionala sortu beharko zuen, gainontzeko nazioetan sortzen den bezala. Izan ere, lege honek ez du bermatzen sistema bibliotekario orokorrik, hainbat erakunderen interes eta helburu diferenteak elkartzen baitira, taifen erreinua dirudien legea baita.
Dokumentalista baten eskaera
Egitasmoa: TESIKER, unibertsitate mailako euskarazko tesiak digitalizatzeko egitasmoa. Egitasmo honen lan dokumentala aurrera eramateko pertsona baten bila gabiltza. Bere esku geratuko litzateke, egileekiko harremanak bideratzea eta tesiak digitalizatzeko egin beharreko prozesuaren kudeaketa.
Ekainaren 1ean asko jota gurekin lanean izatea komenigarri ikusten dugu, uztaila 15 bitarte egindakoa frogatu ahal izateko. Lau orduko lanaldi batetan pentsatzen gabiltza.
Emaitzaren arabera, iraila-abendua bitarteko lan kontratua gauzatuko genuke eta gauzak ondo bidean 3 urterako lana egon daitekela aurreikusten dugu eta agian lanaldia handitzeko aukera. Hori, egitasmoa aurrera joan ahala erabakiko genuke.
Lana EUSKARAZ burutuko da.
Zuen erantzuna hona bideratzea eskertuko genuke: Ane Sarasua: gestioa-idazkaritza@ueu.org Lore Erriondo: zuzendaritza@ueu.org
Ane Sarasua / UEUko Idazkari Nagusia