Artxiboa 2004
- Ekaina (1)
- Abendua (1)
- Otsaila (1)
- Maiatza (1)
- Abuztua (1)
Euskal liburutegien egungo egoera eta etorkizuna
RIEV aldizkariko 49-2 zenbakian argitaratu zen Gerardo Luzuriaga mintegikideak euskal liburutegien egungo eta etorkizuneko egoerari buruz egindako azterketa "Balance de la situación bibliotecaria vasca y perspectivas de futuro".
Artikulu honetan, liburutegiei buruzko nazioarteko arauak, euskal liburutegien munduan aplikatu den oinarrizko legedia, alor honetan euskararen egoeri buruzko informazioa eta egun liburutegi eta dokumentazio zentroen eremuan dauden etorkizuneko aukerak aztertzen dira.
Eranskin bezala, azken hamarkadetako euskal argitarapenei buruzko ikerketa bat gehitu zaio artikuluari. Gai ezberdina izan arren, oinarrian liburutegien munduarekin zerikusi zuzena du.
Euskadiko liburutegien legeaz
Egilea: Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia
Sinatzaileok, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kideok, gure lanbidea dela-eta irakurri ahal izan dugu Euskadiko Liburutegien Legearen aurreproiektua izeneko dokumentua. Eta berehala kezka eta egonezina nagusitu dira gure artean. Izan ere, lege-aurreproiektu horretan irakurri duguna zinez larria da euskal kulturaren ikuspuntutik. Hona gure kezkaren mamia: 1- Euskal Herriko ondare bibliografikoaz «Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna duen herria da, historia, gizarte eta kultura aparteko ondare baten gordailu, eta gaur egun bi estatutan kokatutako hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan giltzatutako zazpi lurraldetan du bere leku geografikoa».
Goiko definizioa ez da gurea, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarena baizik, eta ez da pasaeran eta arduragabe eginiko adierazpena, bere gobernuaren proiektu politikoa biltzen duen dokumentu nagusiaren, Ibarretxe plana deitutakoaren hasiera baizik. Definizio hori oinarri hartuta, argi dago zein den Euskal Herriko Ondare Bibliografikoa, zeinaren kontserbazioa eta defentsa atzerapen gehiagorik gabe biblioteken lege baten bidez ziurtatu behar den. Aurkeztutako biblioteken lege-aurreproiektuak konplexurik gabe jaso beharko luke berari dagokion eginbeharra.
Bestalde, gaia EAEko esparru autonomikora ekarriz, azpimarratu nahi dugu, lege-aurreproiektu honen arabera sortuko litzatekeen Euskadiko Bibliotekaren lidergo falta nabarmena sektorean, ezinbestekoak diren hainbat antolaketa eta tresna bibliotekario balizko borondate eta elkarlanaren baitan uzten baititu.
2- Euskararen tratamenduaz «Euskadiko Liburutegi Sistema, hortaz, lankidetza-harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa da lege honen ikuspegitik. Hauek dira sistemaren oinarriak: informazio-politika, nazioarteko lankidetza, planteamendu [i.e. plangintza] bibliotekario bat (administrazioen arteko koordinazioa) eta Euskadiko Liburutegiaren izatea bera».
Hala dio aurreproiektuak, eta zinez oso larria iruditzen zaigu euskal kulturarentzat horrenbesteko garrantzia duen gai batean euskararen normalizazioa espresuki ez aipatzea. Are larriagoa, kontuan hartzen badugu biblioteka sektoreak euskararen aldetik ia erabateko abandonoa sufritu duela. Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du egin inolako ahalegin sistematikorik biblioteken alorrean euskararen normalizazioa lortzeko. Horrek esan nahi du lege honetan argi eta garbi aitortu behar dela galdutako denbora berreskuratu behar dela.
Euskararen normalizazioa gutxien-gutxienik Sistemaren oinarri gisa agertu beharko litzateke. Lege honetan, ordea, euskararen marjinazioa berresten da, zeren nekez lortuko da helburu gisa aipatu ere egiten ez dena.
3- Ondorioak Norbaitek pentsa dezake egin ditugun oharrak batez ere ideologikoak direla eta, aldiz, ez dugula eragozpenik maila teknikoan. Ez da horrela. Maila teknikoan ere munta handiko oharrak egingo genituzkeen, horretarako aukera eta astia eman izan baligute. Honen haritik, bat egiten dugu ALDEEko lankideek egindako salaketarekin, hots, «kolektibo profesionalaren partaidetza aktiborik gabe, eta ezagutzarik gabe ere, idatzi izanagatik».
Ondorioz, guzti honengatik, ozenki eskatu nahi dugu aurreproiektu honen tramitazioa bertan behera uztea.
Biblioteka Nazionala Euskal Herriarentzat
Edukia:
1- Sarrera: Kulturaren Euskal Planaren erabakia
2- Kontzeptua : funtzioak betetzerik bai biblioteka nazionalik gabe?
3- Biblioteka nazionalak eta kultur nortasuna
4- Biblioteka digitala versus biblioteka nazionala?
5- Biblioteka nazionalen etorkizuna
6- Gurean zer
7- Belgikako eredu bibliografikoak
8- Quèbec-eko biblioteka berria
________________________________________________
1- Sarrera: Kulturaren Euskal Planaren erabakia
Kultur politikaren arloan interesatua denak gogoan izango du 2003ko maiatzean egin zela, Gasteizen, Kulturaren Euskal Planaren Aurkezpen Jardunaldia.
Orduko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Imanol Agotek, azaldu zuenez, Planaren egitekoa honako helburuetan gauzatzen zen:
- Europarekin bateratzea
- Kultur eragileen sarea osatzea
- Euskal kulturaren sistemaren arkitektura eraikitzea.
Adibideen artean, ondokoa aipatu zuen: Biblioteka Nazionala bai ala ez erabakitzea.
Kultura Ondarearen multzoaren barruan, azpimultzo bat zegokien bibliotekei. Azken honetarako lan talde bat osatu zen, biblioteka esanguratsuenetako arduradunak eta elkarte profesionalak partaide zituena. Gure mintegiak ere, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak, lan-taldean parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuen. Lerrook idazten ari naizen momentuan ez daukat ondorioak ezagutzera emango dituen agiri definitiboaren berri, baina berori iritsi bitartean, artikulu honetan gai horren inguruko puntu batzuk azaltzen saiatuko naiz.
Izan ere, 2003ko urrian egin ziren Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren I. Jardunaldiak deitutakoetan entzun zenez, erakunde bat sortzearen aldekoak ziren hainbat aditu,erakunde eta ez biblioteka bat (espresuki eskatu zuten terminoa ordezkatzea).
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, aldiz, maiz mintzatu da azken urteotan biblioteka nazionala sortzearen alde. Azkena, Kulturaren Euskal Plana eta Biblioteka Nazionala agiriarekin, 2003ko udaran zabaldua.
Zein arrazoitan oinarritu garen? ...
Euskal Herriko Biblioteka Nazionala: oker gabiltza
Egileak: Gerardo LUZURIAGA, Nere ERKIAGA
Azkeneko urteotan Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak Biblioteka Nazionalaren beharrizana etengabe aldarrikatu eta arrazoitu arren eta euskal kultura behar den bezala babestu eta zabaltzeko oinarrizkoa den informazio sistema eratzeko eskumenak ia 25 urte luzetan izan arren, oraindik Euskal Herriko Biblioteka Nazionala antolatzeko inolako aurrera pausurik ez da eman. Mundu zabaleko estatuek eta baita estaturik gabeko herrialdeek ere bere Biblioteka Nazionala dutenean, Espainiar estatuan bertan erkidego guztiek bere Biblioteka Nazionala edo Biblioteka Nagusia dutenean (Kataluniak 1981ean, Andaluziak 1983an, Aragoik 1986an, Gaztela-Mantxak 1989an, ...), nazioarte mailako erakundeek (Unesco, IFLA, UBC, ...) eta maila guztietako adituek ere biblioteka nazionalen beharrizana azaltzen dutenean, gurean antza denez, zerua eskatzea da.
Behin baino gehiagotan izan dira biblioteka nazionalaren aldeko politikarien adierazpenak, aurrekontuetan ere biblioteka nazionala eratzeko atala ere inoiz egon da, baina denbora pasa eta berdin jarraitzen dugu, bertoko eta kanpoko profesional askoren harridurarako. Ez gara gu soilik gure egoera tamalgarriaz jabetu garen bakarrak, asko dira harrituta daudenak. Hona hemen Espainiako erkidegoetako egoerak aztertzen zituen 1997ko lan batean EAEko egoerari buruz idatzitakoa : El País Vasco accede a la autonomía mediante ley orgánica 3 (1979 de 18 de diciembre) (...) La legislación bibliotecaria que dimana de los órganos de gobierno es escasa y de poca entidad. En concreto carece de una ley de bibliotecas con el carácter de norma reguladora general de toda la comunidad, como ocurre en casi todo el resto del Estado español. (...) Estas son las únicas menciones que, desde el punto de vista del control bibliográfico, se efectúan en la legislación vasca de bibliotecas. Ninguna alusión por tanto a la necesidad de una biblioteca central de carácter nacional o regional, a la necesidad de elaborar una bibliografía que recoja el producto de la producción editorial vasca, de dar a conocer la cultura vasca a la comunidad implicada y al exterior. Nada absolutamente que relacione las oportunidades que la nueva situación política y administrativa supone para el desarrollo y la extensión de la cultura e idiosincrasia de la comunidad, como veíamos en otras legislaciones (...)
Alor honetan egin ez diren lanak ugariak dira: euskal kulturak behar duen informazio politika arautu gabe eta ondare bibliografikoa behar den bezala jaso, gorde, babestu eta zabaldu gabe dago; ondare bibliografiko baliotsuak eskuratu eta gordetzeko erakundeen arteko koordinazioa arautu gabe dago; pertsona edo erakunde pribatuen funts bibliografikoak zein erakundek jaso behar dituen argitu gabe dago; euskaraz katalogatu eta zerbitzua eman ahal izateko tresnak sortu gabe daude; araudi bibliografikoa gurera egokitu gabe dugu; egun Interneten euskal ondarearen parte diren eta hain azkar desagertzen diren web guneak gordetzeko erakundea antolatu gabe dago; ... egiteko dauden lanen zerrenda luzea da.
Euskal Autonomi Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren liburutegi sarean parte diren udal liburutegien eta proiektura batu diren beste liburutegien katalogoekin Katalogo Kolektiboa eratzen hasi ziren, eta egun, programa informatiko bera erabiliko duten liburutegien sareari hasiera eman zaio, funtzionamendua bateratuaz lanak eta gastuak gutxitzeko asmoarekin. Ekimenok berez oso baliagarriak izan daitezke (ez ditugu orain aztertuko) baina batetik, elebitasunaren auzia konpondu gabe gelditu da, eta bestetik, katalogo kolektiboek ez dituzte biblioteka nazionalaren lanak betetzen: funts bibliografikoen kokapena datu-base bakarrean jasotzea, liburutegien arteko mailegua arautzea eta erabiltzaile txartel bakarra eskaintzea oinarrizko zerbitzuak besterik ez dira, egitura birtual hutsak, eta telematika ezin da Biblioteka Nazionalaren ordez saldu.
Hainbatetan eskatu den bezala, gure hizkuntza ofizialak maila berean hartuko dituen liburutegi sistema antolatu eta arautu behar da, eta sistema horren buru Biblioteka Nazional Erreala izan beharko da, baliabide guztiak izango dituen biblioteka (eraikina, pertsonak eta dirua). Lan horri ekin gabe beste lanak egitea arazoari txaplatak jartzea besterik ez da izango. Informazio birtuala jaso eta kudeatuko duen benetako Biblioteka behar dugu.
Euskal kulturaren kontserbazioaz, babesaz eta zabalkundeaz ari gara, eta lan hori banaketa administratibo eta politikoen gainetik egon behar da, ideologien gainetik. Gure politiko guztiak, eta batez ere boterean daudenak, lan honen garrantziaz jabetu eta orain arteko borondate ezari buelta emanda arazo larri hau konpontzeko baliabideak jarri eta bideak jorratu beharko dituzte.
Gure atzerapen lotsagarri honek bentaja handia ere badu: mundu zabaleko esperientziak ditugu ikasi eta gauzak ondo egiteko. Hasi gaitezen behingoz lanean.
Zeuk idatzi
Momentuz ez dugu albisteak eta bestelakoak jasotzeko formulariorik, baina blog honetan argitaratzeko zerbait baduzu, e-postaz igorri eta klik batean jarriko dugu bistan.
Bidali zurea helbide honetara: joana-albret@euskalerria.org
Mila esker zure ekarpenagatik!!!