Biblioteka Nazionala Euskal Herriarentzat
Edukia:
1- Sarrera: Kulturaren Euskal Planaren erabakia
2- Kontzeptua : funtzioak betetzerik bai biblioteka nazionalik gabe?
3- Biblioteka nazionalak eta kultur nortasuna
4- Biblioteka digitala versus biblioteka nazionala?
5- Biblioteka nazionalen etorkizuna
6- Gurean zer
7- Belgikako eredu bibliografikoak
8- Quèbec-eko biblioteka berria
________________________________________________
1- Sarrera: Kulturaren Euskal Planaren erabakia
Kultur politikaren arloan interesatua denak gogoan izango du 2003ko maiatzean egin zela, Gasteizen, Kulturaren Euskal Planaren Aurkezpen Jardunaldia.
Orduko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Imanol Agotek, azaldu zuenez, Planaren egitekoa honako helburuetan gauzatzen zen:
- Europarekin bateratzea
- Kultur eragileen sarea osatzea
- Euskal kulturaren sistemaren arkitektura eraikitzea.
Adibideen artean, ondokoa aipatu zuen: Biblioteka Nazionala bai ala ez erabakitzea.
Kultura Ondarearen multzoaren barruan, azpimultzo bat zegokien bibliotekei. Azken honetarako lan talde bat osatu zen, biblioteka esanguratsuenetako arduradunak eta elkarte profesionalak partaide zituena. Gure mintegiak ere, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak, lan-taldean parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuen. Lerrook idazten ari naizen momentuan ez daukat ondorioak ezagutzera emango dituen agiri definitiboaren berri, baina berori iritsi bitartean, artikulu honetan gai horren inguruko puntu batzuk azaltzen saiatuko naiz.
Izan ere, 2003ko urrian egin ziren Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren I. Jardunaldiak deitutakoetan entzun zenez, erakunde bat sortzearen aldekoak ziren hainbat aditu,erakunde eta ez biblioteka bat (espresuki eskatu zuten terminoa ordezkatzea).
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, aldiz, maiz mintzatu da azken urteotan biblioteka nazionala sortzearen alde. Azkena, Kulturaren Euskal Plana eta Biblioteka Nazionala agiriarekin, 2003ko udaran zabaldua.
Zein arrazoitan oinarritu garen? ...