Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Andres Urrutia

gabiria 2005/01/11 06:13

Andres Urrutia (Bilbo, 1954) euskaltzainburuak Bizkaie aldizkari digitalean esandakoak:

Kalitateko euskaraz

Kalidadeko euskerea egon badago, hiztunengan eurengan. Kalidadeko euskerea da gaur egun komunikabideetan egiten dana?

---------------------------------------------------------------------------------------

Ezetz esango nuke: salbuespenak salbuespen, komunikabideetako euskara ez dela kalitatekoa. Beharbada jendea ohituz joan da komunikabideetan erabiltzen den hizkuntzara, eta duela zenbait urte baino erraztasun handiagoarekin jarraitzen da, esate baterako, telebista. Niri, batez ere, telebista interesatzen zait masen komunikabide moduan. Euskararen egoera dela eta, Berria ez da masa komunikabidea (beste alde batetik, ez da gauza bera egunkaria irakurtzeko ahalegina egitea edo telebista ikustea-entzutea), eta Euskadi Irratia ere ez. Euskal Telebista interesatzen zait niri, nolabaiteko masetara helduko den komunikabidea den aldetik eta, beraz, euskararen normalizaziorako tresna izan zitekeen aldetik. Baina ez da. Hizkuntza ingeles estandarraren eredu nagusia BBC den bezala, telebistak badu edo izan dezake hizkuntza baten eredua emateko modua. Baina Euskal Telebistak ez du holakorik egiten, duen aukera eta potentzialtasuna ez du erabiltzen: berriz ere salbuespenekin, kazetari batzuk salbatuta, ETBren euskara eredua ez da uniformea, edo ez dator bat Euskaltzaindiaren arauekin, edo, zuzen-zuzenean, itzelezko astakeriak botatzen dira. Zuzentzaileak badaude, baina ez dira denera iristen, antza. Beharbada batez besteko ikuslea ohitu egingo zen eta eroso ere sentituko da akaso, esate baterako Sorginen Laratza ikusita, baina euskararekin lan egiten duenak belarria minduta amaitzen du ETB-1eko butaka-saio baten ostean. Kiroletan, adibidez, maila ona lortu da urteekin, eta kirol bakoitzerako terminologia ere sortu da. Umeen saioetan ere (marrazki bizidunetan eta) esango nuke euskara bizia eta egokia dela. Dokumentaletan ere bai. Baina, hain zuzen ere, horixe da tristeena: ze programa salbatzen den aukeratzen ibiltzea, eta beste guztietan belarria minduta ibili beharra.

Antonio Altarriba

gabiria 2005/01/10 19:36

Antonio Altarriba (Zaragoza, 1952) idazleak Euskonews & Media aldizkari digitalean esandakoak:

Euskadi 2003 saria jaso zenuen ekitaldian (...) kritiko azaldu zinen euskal exekutiboak kulturaren arloan daraman politikarekin

Ez dakit mezu hura ongi interpretatu ote zen. Tamalez, herrialde honetan jendea bi bandotan banatu ohi da sarritan, eta bakoitzaren iritzia bi zentzutan interpretatzeko ahaleginak egiten dira, bando batetik bestera eramateko. Nire hitzaldian frentismo hori gainditzeko beharraz mintzatu nintzen hain zuzen ere. Eta Erkidegoko beste hizkuntza ofizialak ere, gaztelaniak alegia, erakundeen babesa behar duela aldarrikatu nuen. Gaztelaniazko literaturaren Euskadi sariaz gain, Eusko Jaurlaritzak ez die gaztelaniaz aritzen diren idazleei beste inongo babes edo diru-laguntzarik ematen. Oraingoz bagaude zenbait lagun, baina ez daukagu erreleboa hartuko digunik. Euskarak dituen beharrak asetu behar izateak ez du esan nahi gaztelaniari bizkarra eman behar zaionik.

Nire hitzaldian esan nahi nuena da gaztelania ez dela euskararen etsai, zenbaitetan hemen esaten den moduan. Aniztasuna, nire ustez, ez da borrokak pizteko arrazoi bat, baizik eta aberastasun iturri bat.

Errege arratsaldeko ipuina

gabiria 2005/01/10 14:06

Urtarrilaren 5ean, arratsaldean, Bizkaiko herri txiki batean egon nintzen, justu Erregeen Kabalgata pasatzera zihoan unean.

Plaza jendez beteta, umeak urduri gurasoen lepoen gainean, buruak altxatuz, ea urrunetik gameluren bat etortzen ikusten zuten.

-Noz datoz? -amaren sorbalden gainean, neskato bat-: noz datoz, ama?

Gero, eurentzat luzea izango zen tarte labur baten ostean, umeen urduritasun-marmarra txilio bihurtuz joan zen, eta lepoa asko luzatu barik ere aise igartzen zen bazetozela Erregeak, usaindu egiten zelako giroan. Usaindu daitekeen girorik existitzen bada, arratsalde horretan existitzen da. Eta agertu ziren. Baina ez gameluetan, ez dromedarioetan, ezta zaldietan ere. Agertu ziren gurdian. Meltxor, Gaspar eta Baltasar, hirurak gurdian.

Herri txikia zen, lehen ere esan dut, eta benetako Baltasar gutxi egoten da herri txikietan. Herri txiki honetan, esate baterako, ekuadortarrak daude, peruarren bat ere bai, eta neskato errumaniar bat, baina benetako Baltasarrik ez. Eta herriko gizon bat margotu zuten kortxo errearekin, eta Baltasar agertu zen kolpean. Hain zuzen ere, amaren sorbaldetan zegoen neskatoaren aitite zen Baltasar, kortxo erreko azala zuen erregea.

-Badatoz, ama! -esan zuen neskatoak, amaren ileetatik tiraka.

Eta Erregeak hurbilduz joan ziren umeak zeuden lekurantz, eta karameluak bota zituzten, eta jakin nahi nuke zenbat ume egon ote zen arnasa lasai hartu ezinik, eta zenbatek zuten pultsua ehunetik gora.

Amaren sorbaldetan zegoen neskatoak, baina, ez zuen karamelurik nahi. Adi-adi zegoen Erregeei. Ez zen lehen aldia ikusten zituena, baina ilusioa beti da bera. Ilusioa. Gehiegitan aipatzen da egun horretan, baina ez dago beste hitzik: gogoratzen ez duenak memoria txarra dauka. Neskatoaren Errege gogokoena beltza zen. Errege beltzaren ume gogokoena neskato hori zen, eta une batez begira geratu ziren.

-Ama -esan zion neskatoak, aurpegia amaren belarriraino jaitsiz-. Ama, ez nago seguru, baina uste dot Errege baltza aitite dala.

Komentario zoragarri horrek zorabiatu egin ninduen apurtxo batean, eta ez nintzen konturatu zer erantzun zion amak. Edozelan ere, apur bat lasai hartu nuen arnasa gero, konturatu nintzenean egunen batean neskato horri beste umeek esango diotela:

-Erregeak gurasoak dira.

Eta neskato horrek, arrazoi osoz, erantzungo duela:

-Ez. Erregeak aititeak dira.

Pauso txikiak

gabiria 2005/01/05 09:16

(Deian gaur argitaratutako zutabea. Sail luze bateko lehenengoa izango denez, izena jarriko diogu sailari: "Bertan Bilbo", Iñigo Aranbarrik duela egun batzuk bere artikulu bati emandako izenburu bera erabiliz)

Pauso txikiak

Urte bi eta erdi joan dira azkenekoz sentsazio hau izan nuenetik. Egia esan, Bilboko kaleetatik lasai paseatzeak, mendira joateak eta neure buruarentzako denbora hartzeak ematen duen sentsazioa behin baino gehiagotan izan dut azken urte bi eta erdian, baina beti pentsamendu txar batekin atzean: hau egiten ari banaiz, da benetan egin behar dudana ez nabilelako egiten. Pentsamendu gaiztoa da, gupidagabea, bakean uzten ez zaituen mailua. Baina amaitu ditut derrigorrez egin beharreko horiek, gozamena eman eta arnasa kendu didaten lan horiek, eta orain aske nabil Bilboko kaleetatik, eta nire pausoek ez daukate beste jendearen pausoen antzik. Edo igual badaukate, igual nire pausoak oraintxe dira, hain justu, besteenen berdinak. Baina hauexek dira nire pausoak, eta hori da onena. Nire pausoak orain lasaiagoak dira, eta geratu egiten dira eskaparate guztien aurrean, baita arropa dendetako eskaparateen aurrean ere, eta noizean behin kale izkina batean geratzen dira eta jendeari begira jartzen naiz.

Aurtengo zutabeetan, gaurtik hasi eta ekainaren amaiera arte, Bilboko Zazpi Kaleetatik paseatzen ibiliko naiz. Aurtengo zutabeetan ni agertuko naiz, beharbada zutabegintzaren legeen kontra, zutabegintzak legerik badu. Barkatuko didazue ausardia hori. Bilboko kaleak agertuko dira, eta Bilboko jendea eta kale horietatik paseatzean bururatzen zaizkidan gogoetak. Ez dakit zer irtengo den esperimentu honetatik, ez dakit hausnarketa interesgarririk edo bilbotarren estanparik eskainiko dudan, ez dakit tabernetako jendearen berbak jasoko ditudan edo kritika sozialik egingo dudan, ez dakit ze modutan agertuko naizen ni eta ez dakit ezer berririk aurkituko dudan, baina badakit paseo ederrak emango ditudala, eta kafea hartuko dudala amama zaharrekin Artekaleko degustazioetan, eta pintxo morunoak jango ditudala marokoarrekin Iturribiden, eta inork ez didala kenduko denbora niretzat izatearen gozamena. Eta gero zuei kontatzearen gozamena. Ez da asmo handia. Nire pausoa bezain asmo txikia da.

Bertigoa

gabiria 2005/01/04 12:29

Eguneroko liturgiari jarraituz, gaur ere Anjel Lertxundiren zutabea esku artean hartu dut. Eta sorpresa.

Blog

Komikietako onomatopeia bat ematen du (blog!), baina sarean jartzen den dietario pertsonal bat da blog bat. Egunkaria, baina ez ezkutua. Julen Gabiriak estreinatu berri du bat urtearekin batera, «lagun batek esan dit lagun batek esan diola» lemarekin. Egilearen hausnarketak, burutazioak, egunean eguneko inpresioak irakurtzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Baina Julen ez da lehendabizikoa: gero eta goiz parte gehiago eskaintzen diot blog batetik besterako matxinsalto lanari, klikatu hemen eta sakatu han, euskal panoraman ugariak baitira, eta estilo askotarikoak, azken boladan sortu diren blogak. Eta, egia esan, horrek asko lasaitzen gaitu Amagoia, Sustrai eta ni: gure paperezko zutabeon antzeko zutabe digital horien ugaritasun eta maila ikusita, gure zuzendari txit hiztunak ez du hitz askorik gastatu beharko gure ordezkoak konbentzitzen.

-----------------------------------------------------------------------------

Hori gertatzen zait niri beti: proiektu politak agertzen zaizkidala muturren parean, eta konturatu orduko burua bero-bero eginda daukadala, eta hamazazpi ideia etortzen zaizkidala batera, elkarri estropezu eginik eta batak besteari hanka zapaldu diolako barkamena eskatu barik.

Eta sartzen naiz proiektuan, ondo neurtu barik zer den aurrean dudana, eta gustura murgiltzen naiz, harik eta norbaitek esaten didan arte egunero irakurtzen duela ez-dakit-ze egunkaritan idazten dudana, edo irakurri duela nire ez-dakit-ze liburu, edo beti jartzen duela ez-dakit-ze irrati berbetan ari naizenean, edo, askoz ere larriagoa dena, egunero gose amorratuz itxaroten duela blogean idatziko dudana. Glup, blog. Bai, komikietakoa ematen du.

Eta bertigoa sortzen zait horrelakoetan. Begira duzuna nor den dakizunean, batzuetan gertatzen da harentzat idazten duzula, eta hori murrizketa itzela da idazteko moduan. Inoiz gertatu izan zait egunkarietako zutabeekin, baina ez askotan. Gaur, berriz, konturatu naiz bloga tresna handia dela, idazlearen lan estilo patxadatsua goitik behera gainditzen duena. Izan ere, Jordi Sierra i Fabrak folio erdia bost minutuan eta txortaldia hamarrean egiten duen moduan, nik denbora gehixeago behar izaten dut. Folioari buruz ari naiz. Euskal gatazka konpontzeko behar dudan denborari buruz nahiago dut berbarik ez egin, lagunok!

Baina bertigoaren kontu hori da mozoloa naizelako, etxeko koaderno batean (Unypapel markakoa, tapa gogorrekoa, anillekin) patxadaz idatzi beharrean mundu guztiari begira idazteko tentazioa sartzen zaidalako, burutik pasatzen zaidana konpartitzeko gogo zoroa izaten dudalako. Noizbait espabilatuko naiz, eta burutazio txiki bat idazteko hamar egun hartuko ditut lasai-lasai, eta gaur zuzenketa bat egingo dizkiot eta bihar beste sei, eta akaso egunen batean argitara emango dut edo akaso ez.

Tira, ohitu beharra dugula, Julenziano. Eta bloga, egunero berritutako bloga, idazlearen patxada hori baino zerbait biziagoa da, bat-batekoagoa: bertsolaritzaren mailara heltzen ez bada ere, idazlearen artisautzatik apur bat urruntzen dena. Garai batean bertsotan ibili nintzen, eta itxi banuen, bat-batekotasunak sortzen zidan artegatasunagatik itxi nuen. Gauzak ezin perfektu egin, beti hobetzeko zerbait bertso batean edo bestean, eta sufritu. Horregatik eta gehiagogaitk miresten ditut bertsolariak. Blogarekin, berriz, gozatzen ari naiz. Bat-batekotasun handikoa iruditzen zait (denbora tarte txikietan idatzi behar dudalako, lan kontuak direla eta), baina gozatzen ari naiz. Gustuko saltsan nago, gustuko hizkeraren bila, gustuko irakurle bati idazten, gustuko kontuekin, epe barik, egunkarietako neurririk barik, eta gustuko medioan, literaturatik hur eta askatasunetik hur. Joango naiz ikasten apurka-apurka, eta, bien bitartean, idatzi egingo dut, lasai, pantailaren beste aldean nor dagoen pentsatu barik, honen edo haren gustuetara lerratu barik, ni biluz-biluzik agertzen.

Hara. Azkenean idazlearen jardunari buruzko saiotxo bat irten zait. Nire penak eta doloreak, eta, zelan ez, satisfazioak (satisfazioa da, esate baterako, Sarrerakoa mezuari erantzun dioten lagunen animoa. Horrelako irakurleak izango ditudala jakinda, erraz idazten da blogean). Bada, gaurko hausnarketa honek jarraipena izango du, ez dakit noiz baina izango du. Literaturako doloreek eta satisfazioek jarraipena duten modu berean.

Jordi Sierra i Fabra

gabiria 2005/01/03 17:16

Gaurtik hasita, egunero-egunero Euskal Herriko egunkarietako kultura atalak orraztu nahi ditut, deklarazio interesgarrien bila. Hori izango da blog honetako "Berbak" atala, gehien eguneratuko dena.

Bertan jasotako hitzak sakonak izan daitezke, edo, beharbada, duten arinkeriagatik aukeratuko ditut; edo polemikoak edo, beste barik (eta ez da gutxi), interesgarriak izan daitezke. Deklarazioak aukeratzeko arrazoia, beraz, aldakorra izan daiteke.

Batzuetan nire komentarioa gehituko dut, eta besteetan, igual gehienetan, ez. Egun batean deklarazio horiek sakon aztertuko ditut, eta beste batzuetan geroko utziko dut lan hori, edo akaso galdera hutsak botako ditut airera, inork bolean hartu nahi baditu. Edozelan ere, ez izan dudarik, "Berbak" ataleko deklarazioek hausnarketaren bat piztuko dute nire barruan, hausnarketa horiek momentuan plazaratu zein ez. Agian horretarako baino ez du balioko "Berbak" atal honek: zalantzarako eta galderarako tartetxo bat sortzea, zuengan eta nigan.

---------------------------------------------------------

Jordi Sierra i Fabra (Bartzelona, 1947) idazleak esandakoak dira beheko hauek, gaur, El Correok argitaratutako elkarrizketa batean:

Gaur eguneko gazteak

Uste dut martxa falta zaiela. Batzuetan pentsatzen dut ni maisua izango banintz, nire lana ez zela irakastea izango, baizik eta esnaraztea. Helduak baino inteligenteagoak direla uste dut, eta eurek badakite, baina ez dute lizentzia hori erabili nahi, eta ez dute jakin-minik. Kuriositaterik gabe, bizirik baina hilda egongo dira, eta horixe esaten diet.

Haur eta Gazte Literaturako gai tabuak

Azken urteotan hainbeste zentsura egon denez, autore asko autozentsurara heldu dira; izan ere, nobela gogorrak egiten bazituzten, argitaratuak ez izateko arriskua zuten (...). 2003an, nerabetasuneko lesbianismoari buruz idatzi nuen nobela (...) sariketa literario batera bidali behar izan nuen, irabazi eta argitaratu ahal izateko. Gai tabuak daude. Nahiago izaten da burua ezkutatu. Nerabetasunaren gai hori, adibidez. Pertsona batek noiz deskubritzen du homosexuala dela, 30 urterekin? Ez, nerabetasunean. Eta, jakina, nola jarri hori liburu serio eta zorrotz batean, gaia eskolan planteatzeko balioko duen liburu batean! Baina kontuz: gazteei zer eta nola irakurri esan nahi izaten zaienean, gero nola pentsatu ere esan nahi izaten zaie.

Idazteko modua

Batzuek diote larregi idazten dudala eta, ondorioz, ez ditudala nire liburuak zaintzen. Ez ditudala zaintzen? Urteak ematen ditut gidoia lantzen, baina gero arin idazten dut. Niretzat, denbora funtsezkoa da. Bost minutu folio erdia da, eta hamar minutuan, berriz, zuk eta nik ume bat egin dezakegu.

Sarrerakoa

gabiria 2005/01/01 07:00

Asmo on guztien antzera, blog hau ere urtarrilaren 1ean inauguratu dugu.

Luistxo Fernandez lagunak abenduaren 10ean oparitu zidan, eta geroztik orria txukuntzen ibili gara, tresna hau erabiltzen ikasten eta zertarako erabiliko dudan pentsatzen. Probatan emandako hiru aste hauen ostean, Armayrutik irten eta hala nahi duzuen guztien pantailetara heldu nahi nuke. Nire aldetik, beraz, eskerrik asko Luistxori eta Codesyntaxeko lagunei.

Egun batzuk lehenago, Xabier Mendigureni esan nion ni ez nintzela gai izango blog bat aurrera eramateko. Ez nukeela blog bat sortuko. Gero gertatu zena gertatu zen eta aukera bi izan nituen: koherentziaz jokatu eta Luistxori ezetz esatea, edo adurrari eutsi ezinda baietz esatea. Ez nuen galdera hori planteatzeko astirik ere izan, eta, koherentzia bazterrean utzita, baietz esan nuen. Eta hementxe nago, apurka-apurka sortzen ari den euskal blogosferaren barruan, oraindik ere jakin ez arren gai izango ote naizen blog hau aurrera eramateko.

Hasteko, zapatisten estiloan, urtarrilaren 1ean inauguratu dugu, eta horrek beti ematen du itxura ona, urtearekin fuerte hasi eta aurrerantzean zintzo jarraitzearen itxura. Ahaleginduko naiz asmo hori ez dadin itxura soila izan.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.