Errege arratsaldeko ipuina
Urtarrilaren 5ean, arratsaldean, Bizkaiko herri txiki batean egon nintzen, justu Erregeen Kabalgata pasatzera zihoan unean.
Plaza jendez beteta, umeak urduri gurasoen lepoen gainean, buruak altxatuz, ea urrunetik gameluren bat etortzen ikusten zuten.
-Noz datoz? -amaren sorbalden gainean, neskato bat-: noz datoz, ama?
Gero, eurentzat luzea izango zen tarte labur baten ostean, umeen urduritasun-marmarra txilio bihurtuz joan zen, eta lepoa asko luzatu barik ere aise igartzen zen bazetozela Erregeak, usaindu egiten zelako giroan. Usaindu daitekeen girorik existitzen bada, arratsalde horretan existitzen da. Eta agertu ziren. Baina ez gameluetan, ez dromedarioetan, ezta zaldietan ere. Agertu ziren gurdian. Meltxor, Gaspar eta Baltasar, hirurak gurdian.
Herri txikia zen, lehen ere esan dut, eta benetako Baltasar gutxi egoten da herri txikietan. Herri txiki honetan, esate baterako, ekuadortarrak daude, peruarren bat ere bai, eta neskato errumaniar bat, baina benetako Baltasarrik ez. Eta herriko gizon bat margotu zuten kortxo errearekin, eta Baltasar agertu zen kolpean. Hain zuzen ere, amaren sorbaldetan zegoen neskatoaren aitite zen Baltasar, kortxo erreko azala zuen erregea.
-Badatoz, ama! -esan zuen neskatoak, amaren ileetatik tiraka.
Eta Erregeak hurbilduz joan ziren umeak zeuden lekurantz, eta karameluak bota zituzten, eta jakin nahi nuke zenbat ume egon ote zen arnasa lasai hartu ezinik, eta zenbatek zuten pultsua ehunetik gora.
Amaren sorbaldetan zegoen neskatoak, baina, ez zuen karamelurik nahi. Adi-adi zegoen Erregeei. Ez zen lehen aldia ikusten zituena, baina ilusioa beti da bera. Ilusioa. Gehiegitan aipatzen da egun horretan, baina ez dago beste hitzik: gogoratzen ez duenak memoria txarra dauka. Neskatoaren Errege gogokoena beltza zen. Errege beltzaren ume gogokoena neskato hori zen, eta une batez begira geratu ziren.
-Ama -esan zion neskatoak, aurpegia amaren belarriraino jaitsiz-. Ama, ez nago seguru, baina uste dot Errege baltza aitite dala.
Komentario zoragarri horrek zorabiatu egin ninduen apurtxo batean, eta ez nintzen konturatu zer erantzun zion amak. Edozelan ere, apur bat lasai hartu nuen arnasa gero, konturatu nintzenean egunen batean neskato horri beste umeek esango diotela:
-Erregeak gurasoak dira.
Eta neskato horrek, arrazoi osoz, erantzungo duela:
-Ez. Erregeak aititeak dira.