Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Bertigoa

Julen Gabiria 2005/01/04 12:29

Eguneroko liturgiari jarraituz, gaur ere Anjel Lertxundiren zutabea esku artean hartu dut. Eta sorpresa.

Blog

Komikietako onomatopeia bat ematen du (blog!), baina sarean jartzen den dietario pertsonal bat da blog bat. Egunkaria, baina ez ezkutua. Julen Gabiriak estreinatu berri du bat urtearekin batera, «lagun batek esan dit lagun batek esan diola» lemarekin. Egilearen hausnarketak, burutazioak, egunean eguneko inpresioak irakurtzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Baina Julen ez da lehendabizikoa: gero eta goiz parte gehiago eskaintzen diot blog batetik besterako matxinsalto lanari, klikatu hemen eta sakatu han, euskal panoraman ugariak baitira, eta estilo askotarikoak, azken boladan sortu diren blogak. Eta, egia esan, horrek asko lasaitzen gaitu Amagoia, Sustrai eta ni: gure paperezko zutabeon antzeko zutabe digital horien ugaritasun eta maila ikusita, gure zuzendari txit hiztunak ez du hitz askorik gastatu beharko gure ordezkoak konbentzitzen.

-----------------------------------------------------------------------------

Hori gertatzen zait niri beti: proiektu politak agertzen zaizkidala muturren parean, eta konturatu orduko burua bero-bero eginda daukadala, eta hamazazpi ideia etortzen zaizkidala batera, elkarri estropezu eginik eta batak besteari hanka zapaldu diolako barkamena eskatu barik.

Eta sartzen naiz proiektuan, ondo neurtu barik zer den aurrean dudana, eta gustura murgiltzen naiz, harik eta norbaitek esaten didan arte egunero irakurtzen duela ez-dakit-ze egunkaritan idazten dudana, edo irakurri duela nire ez-dakit-ze liburu, edo beti jartzen duela ez-dakit-ze irrati berbetan ari naizenean, edo, askoz ere larriagoa dena, egunero gose amorratuz itxaroten duela blogean idatziko dudana. Glup, blog. Bai, komikietakoa ematen du.

Eta bertigoa sortzen zait horrelakoetan. Begira duzuna nor den dakizunean, batzuetan gertatzen da harentzat idazten duzula, eta hori murrizketa itzela da idazteko moduan. Inoiz gertatu izan zait egunkarietako zutabeekin, baina ez askotan. Gaur, berriz, konturatu naiz bloga tresna handia dela, idazlearen lan estilo patxadatsua goitik behera gainditzen duena. Izan ere, Jordi Sierra i Fabrak folio erdia bost minutuan eta txortaldia hamarrean egiten duen moduan, nik denbora gehixeago behar izaten dut. Folioari buruz ari naiz. Euskal gatazka konpontzeko behar dudan denborari buruz nahiago dut berbarik ez egin, lagunok!

Baina bertigoaren kontu hori da mozoloa naizelako, etxeko koaderno batean (Unypapel markakoa, tapa gogorrekoa, anillekin) patxadaz idatzi beharrean mundu guztiari begira idazteko tentazioa sartzen zaidalako, burutik pasatzen zaidana konpartitzeko gogo zoroa izaten dudalako. Noizbait espabilatuko naiz, eta burutazio txiki bat idazteko hamar egun hartuko ditut lasai-lasai, eta gaur zuzenketa bat egingo dizkiot eta bihar beste sei, eta akaso egunen batean argitara emango dut edo akaso ez.

Tira, ohitu beharra dugula, Julenziano. Eta bloga, egunero berritutako bloga, idazlearen patxada hori baino zerbait biziagoa da, bat-batekoagoa: bertsolaritzaren mailara heltzen ez bada ere, idazlearen artisautzatik apur bat urruntzen dena. Garai batean bertsotan ibili nintzen, eta itxi banuen, bat-batekotasunak sortzen zidan artegatasunagatik itxi nuen. Gauzak ezin perfektu egin, beti hobetzeko zerbait bertso batean edo bestean, eta sufritu. Horregatik eta gehiagogaitk miresten ditut bertsolariak. Blogarekin, berriz, gozatzen ari naiz. Bat-batekotasun handikoa iruditzen zait (denbora tarte txikietan idatzi behar dudalako, lan kontuak direla eta), baina gozatzen ari naiz. Gustuko saltsan nago, gustuko hizkeraren bila, gustuko irakurle bati idazten, gustuko kontuekin, epe barik, egunkarietako neurririk barik, eta gustuko medioan, literaturatik hur eta askatasunetik hur. Joango naiz ikasten apurka-apurka, eta, bien bitartean, idatzi egingo dut, lasai, pantailaren beste aldean nor dagoen pentsatu barik, honen edo haren gustuetara lerratu barik, ni biluz-biluzik agertzen.

Hara. Azkenean idazlearen jardunari buruzko saiotxo bat irten zait. Nire penak eta doloreak, eta, zelan ez, satisfazioak (satisfazioa da, esate baterako, Sarrerakoa mezuari erantzun dioten lagunen animoa. Horrelako irakurleak izango ditudala jakinda, erraz idazten da blogean). Bada, gaurko hausnarketa honek jarraipena izango du, ez dakit noiz baina izango du. Literaturako doloreek eta satisfazioek jarraipena duten modu berean.

etiketak:
Julen
Julen dio:
2005/01/04 15:56

Goizean zutabea (bai, beti behean eskubian aurkitzen dugun hori) irakurri dudanean, inguru hauetatik horrelako zerbaiten presentzia sumatu dut...

Pozarren hartu beharrean gaude zure mundu guztiari begira idazteko tentazioa. Zuk irakurleoi emango diguzun satisfazioa ziur ez dela nolanahikoa izango. Hasierako gogo honek ea luzaroan irauten duen, pantailaren beste aldekook luzaroan ere eskertuko baitugu. Segi horrela.

patxik
patxik dio:
2005/01/05 20:15

Enaz bape eleiza zalea. Ez arkitektonikoki, ez ideologikoki ez ezelan bez. Eleiza gorroto dot, gehiago azken udatik...

Bedeinkazioa hangotzat dekot. Eta ez dotaz zure berbok halan hartu gura.

Ongietorri agur moduan hartu badozu neure zantzoa, halan hartu, izan be, sarri eukiko nozu hemen begira, eta zeozer esaten beharbada, isilik inoiz ez.

ezin ixilik egon ixilik egon ezin

bap!

Julen
Julen dio:
2005/01/04 17:18

Nik ere ez dut esan araua denik. Egunero berritutako blogari buruz egin dut berba ("Eta bloga, egunero berritutako bloga, idazlearen patxada hori baino zerbait biziagoa da"), baina horrek ez du esan nahi blogak egunero berritu behar direnik. Hori esan dut, nire hasierako asmoa egunero berritzea delako, asteburu eta jaiegunetan salbu. Saltoki handien modak ez nau ni harrapatuko!

Luistxo
Luistxo dio:
2005/01/04 17:06

Blog batean egunero idatzi behar delako arau hori zeuk asmatua da, Julen. Ez dago inongo kontratutan idatzia.

Jaio
Jaio dio:
2005/01/05 12:36

Bertigorik ez, Julen. Ondo egin duzu ziberespaziora salto eginez. Zorionak eta eskerrik asko tapa gogorreko koadernoan idatzi behar zenituenak denon aurrean idazteagatik. Ongi etorri.

patxik
patxik dio:
2005/01/05 11:20

Mozolo baten burutapenak deitu diozu sailari.

Aupa Julen.

Galdakaokoa ere bazaren aldetik, mozoiloa uste dut litzatekela adiera hobea. Ezta?

Eta zelan blogarekin?

Hiztegia.net begiratu dot, eta ez zara mozoloa Gabiria, ez horixe.

Eta, idazteak zer dakar?

Mozoiloak zarete gure herri ondokoak, gu, zuen herriaren albokoak akarrak garen modu berean. Eta haragokoak zorriak, eta gero perretxiko ustelak.... eta holan herriz herri. Euskal Herrian. Ez dakigu baina euskal herritar garelarik zer garen...

Eta zertaz idatzi behar dozu ba?

Idazleak bloger, unibertsitatean makina bat doktorego tesi bekadun egin araziko dituzue, bihar etzi. Damutuko zaizue.

Segi idazten, segi irakurtzen.

Julen
Julen dio:
2005/01/05 13:59

Aupa Patsy, zure bendizinoaren zain egon naz, eta azkenean heldu da. Oin bai, oin ya trankil geratuko naz, jakinde gure Patxi be "Lagun baten lagun" honen lagune dala. Mozoloa/mozoiloa kontue dala ta. Mozoiloa naz, bai. Baina ez dot mozoilokeriarik idatziko, mozoiloen herrian ez da ezer pasetan eta. Mozoiloen herria ez da akarren herriaren modukoa, hilagoa da, badakizu zelan zan hori... "Galdakao, indarra daukak baina geldi hao". Mozoilokeriarik idazteko asmorik ez dekot momentuz, baina igual egin beharko dot nonoz, "Larrabetzutik" moduan "Mozoiloenetik", bazterrak apur bet astintzeko. Mozolokeriak, barriz, bai, egingo dodaz. Besterik ez bada be, mozolokeriak nozean behin egitea gauza ona dalako. Nik, bitartean, burutik pasetan jatana idatziko dot, eta gero zeurok erabaki mozolokeriak diren edo ez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.