Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Sarrerakoa

Julen Gabiria 2005/01/01 07:00

Asmo on guztien antzera, blog hau ere urtarrilaren 1ean inauguratu dugu.

Luistxo Fernandez lagunak abenduaren 10ean oparitu zidan, eta geroztik orria txukuntzen ibili gara, tresna hau erabiltzen ikasten eta zertarako erabiliko dudan pentsatzen. Probatan emandako hiru aste hauen ostean, Armayrutik irten eta hala nahi duzuen guztien pantailetara heldu nahi nuke. Nire aldetik, beraz, eskerrik asko Luistxori eta Codesyntaxeko lagunei.

Egun batzuk lehenago, Xabier Mendigureni esan nion ni ez nintzela gai izango blog bat aurrera eramateko. Ez nukeela blog bat sortuko. Gero gertatu zena gertatu zen eta aukera bi izan nituen: koherentziaz jokatu eta Luistxori ezetz esatea, edo adurrari eutsi ezinda baietz esatea. Ez nuen galdera hori planteatzeko astirik ere izan, eta, koherentzia bazterrean utzita, baietz esan nuen. Eta hementxe nago, apurka-apurka sortzen ari den euskal blogosferaren barruan, oraindik ere jakin ez arren gai izango ote naizen blog hau aurrera eramateko.

Hasteko, zapatisten estiloan, urtarrilaren 1ean inauguratu dugu, eta horrek beti ematen du itxura ona, urtearekin fuerte hasi eta aurrerantzean zintzo jarraitzearen itxura. Ahaleginduko naiz asmo hori ez dadin itxura soila izan.

etiketak:
eneko
eneko dio:
2005/01/01 15:58

Aupa, aupa, aupa !!

Beste batzuk ez gabiltza Patxi bezain goiz, baina zorionak, Julen, eta Urte Berri on!

Patxi
Patxi dio:
2005/01/01 14:28

Zorionekoak goizo jaikitzen geranok, ongietorria ematen lehenbizikoak geralako.

Ongietorria Julen!

Blogosferan ez gera asko. Honek antzerki lan bat ikustera joanda, aurreko ilaretan eseritzen dan taldetxoaren antza haundia du (momentuz). Baina hala diote, holakoetan gozatzen dutela gehien biek, antzerkilari zein ikusleek.

Asko goza dezazula Julen!

Bertoko
Bertoko dio:
2005/01/01 21:26

Orain dirau eta badabil.

Ez "dirua eta badabil".

Bertoko
Bertoko dio:
2005/01/01 21:09

Urtebarriak gauza onak ekarri deuskuz. Gaur lango egun batez, ETBko txoria kantatzen hasi zan. Orain dirua eta badabil.

Goizon 1000 metrora bueltan sekulako ikuspegia, eguraldi onez. Eta arratsaldean Urrezko aizkorarako saioa hastekoa danean, mozoillotxoa hasi da.

"debile principium melior fortuna sequator"

iturri
iturri dio:
2005/01/01 22:59

Aupa Julen:

Hasteko, ongi etorria euskal blogosferara. Eta ziur naiz gauza asko izango dituzula kontatzeko.

Ni ere hasi, hasi nintzen. Nora noan? Ez dakit, baina, guk egin beharko ditugu horrelakoak, ezta. Nork bestela?

Animo eta aurrera!

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/01/01 22:44

Aupa, Julen!

Ongi etorri euskal blogosferara. Fuerte hasi zara, itxura onarekin, eta seguru nago gogor eutsiko diozula erronkari, erronka polita baita blog bidez komunikatzea.

Beharbada oraingoan ez zara koherentea izan, baina bai ausarta, eta euskal blogariok pozez eta esku zabalik hartu zaitugu geure artean, asko izango dugu-eta zugandik ikasteko.

Besarkada handi bat.

Josuperman
Josuperman dio:
2005/01/03 15:14

Aupa Per!!!

Ia geu be hasten garan... halan da be gero ta gitxiau sinisten joat horretan...

Hori bai Fernando: ze kutrekeri idatzi dok orainarte! kaguen Bob! Honek Julen Gabiriaren bloga emoten dau ta!!

si iu son!

Julen
Julen dio:
2005/01/03 14:54

Eskerrik asko guztioi, orain bai, orain koherentziaz jokatuko dut, eta saiatuko naiz zerbait polita egiten, jakinik egunero-egunero irakurle fidel batzuk izango direla pantailaren beste aldean. Ez da erronka txikia, baina isilik ere ez gara geratuko.

Palenqueko lagunak
Palenqueko lagunak dio:
2005/01/04 12:18

Ondo etorria! Ez galdu bizkaieraren kutsua! Astero irakurri deutsugu.

Julen
Julen dio:
2005/01/03 16:11

A ze poza, a ze poza, a ze poza!!

Ongi etorri ba. Ziur asko disfrutatuko dugula.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.