Periferiatik, erral
txapelketa
Zorionak Maialen!
Ez dut finala osorik jarraitzeko aukerarik izan. Goizean agurreko pare bat bertso eta kartzelako gaia. Arratsaldean oso-osorik.
Zorionak Maialeni txapela lortzeagatik. Gozada bat izan da zure bertsoak entzutea. Amets ere heldu da azken buruz-burukora. Orain lau urte atean geratu zen (4. Maialen 3.arekin berdinduta), eta gaurkoan lortu du goraino heltzea.
Goizeko azken lanean, kartzelakoan, azken artikulua idazten dagoen kazetariaren paperean jarri dituzte bertsolariak. Hona hemen Ametsek bota dituen hiru perlak:
Hamasei urte ta Egunkarian
hasi nintzen bekario
Martxelok hantxe jarri ninduen
beste baten gregario
Gero Berrian saiatu nintzen
lan onaren ondorio
gero Argian serio
besten hitzaren jario
Berrogei urte pasatu ditut
berrogei kalendario
Orain lumari tintaren partez
malko pila bat darioReala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak
Nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
Eta gure preso denak
zirela senideenak
Notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenakHauxe dut nere azken eguna
askatu dut alkandora
Luma malkoen atzetik joan da
paper fin zurian gora
Eta gero prest maketarekin
hor daukat ordenadora
gaur egin behar dut froga
nere bizioa droga
idatz dezadan: "muga urtu da
Euskal Herria libro da"
Ez da egia baina egia
bihurtuko da gerora!
Eta Maialen. Zer esan honi buruz? Zorionik beroenak. Ez dago hitzik-eta. Hona hemen Txapeldunaren azken agurreko bertsoa:
Gogoratzen naiz lehengo amonen
zazpi gaineko gobaraz
Gogoratzen naiz lehengo amonaz
gaurko amaz ta alabaz
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz
Gure bidea ez da errexa
bete legez, juizioz, trabaz!
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
Eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz-taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz
Aupa Maialen!
Gogoratzen dudan lehenengo bertsolari txapelketa nagusia 1989koa da. 8 urte besterik ez nituen baina etxeko irrati zaharra erabiliz grabatu zuen amak arratsaldeko saioa.
Jon Lopategik irabazi zuen txapelketa hartako hainbat bertso behin eta berriz entzun ditugu etxean, Andoni Egañak eta Xabier Euzkitzek zortziko txikian egindako batzuk adibidez, bata etxekoandrea eta bestea etxeko azulejoak jartzera etorritako langilea zirelako gaia emanda kantatutakoak.
Aurtengo Txapelketa Nagusiko saio batzuk jarraitzeko aukera izan dut, ez presentzialki, Internet bidez baizik, Info 7 Irratia eta Bertsoa.com atarietatik. Finalera gustura joango nintzateke, baina igande goizean zehar beste konpromiso bat dut eta tarteren baten irratiaren bidez jarraitu beharko dut.
Entzun ditudan saio apurretan Maialen Lujanbioren bi bertso aipatu nahiko nituzke, biak Bergaran jokatutako finalerdian kantatutakoak.
Lehenengoa kartzelako gaiari erantzunez bota zuen lehenengoa. Hauxe zen Bergarako kartzelako gaia: "argazkilaria zara, oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko prest zaude". Hona Maialenek bota zuen lehenengo bertsoa:
Irratiak zion kaleetan
zela jendetza demasa:
pankarta baten ostean oihuz
bete kale eta plaza.
Egoera da tentsoa eta
bazun iskanbila traza;
hemen norbere hitzari eusten
ere ez dago erraza.
Oraindik entzuten da oihartzuna
hori pelotazo jasa,
lurrean odol arrasto batzuk
ta tentsiozko arnasa
Kordoietik hara hona nabil
foto bila nere kasa,
baina kaskodun batek esan dit:
"hemen ez da ezer pasa"
Mikel Laboaren "Eguzkiak urtzen du goian" abestiaren doinua eta neurria erabiliz hiru bertso bordatu zituen Maialenek Bergaran.
Binakako lanean, Beñat Gaztelumendirekin ere lan ederra egin zuen, honako gai honekin: "Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da eta oraintxe sartu zarete epaitegian". Hona Maialenek bota zuen azken bertsoa:
Ikasiko zun ordun kanpoan
zegon denbora apurrean;
Kontuak kontu neskaren ama
distantzia laburrean.
Eska dezaket errukia edo
belaunikatu lurrean;
baina 'barkatu' zein hitz hutsa den
heriotzaren aurrean.
Ea nork irabazten duen igandean BECen. Orain lau urte norbaitek kantatu zuen moduan BECtekada espero da bertan. Maialenek irabaztea ederra litzateke!
Audio-playerrak EuskalTubekoak dira eta jatorrizko audioa Koska Irratiarena da. Eskerrik asko!
Zorionak Bilbo !
Gaur arratsaldean Bilbon izan naiz. Plaza Berrian xakea ikusten. Bai, Plaza Berrian.
Goizean Sustatun idatzi dudan bezala, munduko xakelari onenak Bilbon daude egunotan. Bertako Plaza Berrian jarri duten kristalezko urna baten barruan Gran Slameko Maisuen Finala jokatzen.
Bertan daude onenak, Anand munduko txapelduna, Ivanchuk Sofiako garailea, Carlsen noruegar gaztea, Topalov txapeldun ohia, Radjabov gaztea eta Aronian bizia. Guztiak guztien aurka jokatuko dute, partida bat pieza zuriekin eta beste bat beltzekin. Horixe da onena nor den jakiteko modurik onena zalantzarik gabe.
Beno, gaurko partidei begiratuz, Aronian eta Carlsenen artekoa da agian nabarmentzekoa, berdinketan bukatu ez den bakarra. Bazirudien hasieran Aronianek balantza bere aldera eraman duela baina noruegar gazteak partidari buelta eman eta berau irabaztea lortu du. Partida bukaeran Leontxo García kazetariak jokalari guztiak elkarrizketatu ditu, eta Magnus Carlsen noruegarrari zera galdetu dio: "badakigu ez zarela osasun egoera onenean etorri baina, zein da zure helburua txapelketa honetan?" "To Win", "Irabaztea", erantzun dio irrifar zabal batez. Honi esan egin diote nora etorri den, bilbotar peto-petoa dirudi ;)
Created with Admarket's flickrSLiDR.
Jende asko zegoen Plaza Berrian, xakelariak, zaleak eta baita kaleko jende arrunta, Santik dioen bezala kalean xakea ikusten. Hori da, ziurrenik, txapelketa hau Bilbon jokatzearen gauza erakargarrienetako bat. Kalean jokatzen dela. Ez kultur-etxe baten, ez erakusketa-gelan, ez hotel bateko gela ilun baten. Kalean, edonork ikusteko lekuan. Bikain bat Juan Carlos Fernándezek gidatzen duen antolakuntza taldeari !
Aurten euskararen kontua zaindu egin dute, ez iaz bezala, webgunea txukuna dute, eta baita eskuko programa ere. Agian nire lagun Joserra Garai aurkezpenean egoteak lagundu du honetan ;)
Beste egunen baten ere hurbilduko naiz Bilbora eta jarraituko dut bideo eta argazki gehiago kargatzen. Ea aitak aspaldi erabiltzen zuen tripodea aurkitzerik dudan argazkiak mugituta ez irteteko, eskuko dardara Parkinsona banu bezalakoa baitut ;)