Periferiatik, erral
Coveritlive = txat?
Barcelonaren lehenengo gola ospatzeko, Mikelen purrustadetako bat
Azkenaldian modan dago Twitter, lanean inguruan ditudanak hor ibiltzen dira "zera ikusi dut Twitterren", "harek beste hura esan dit Twiterretik" eta antzekoak. Orain dela aste batzuk Luistxo etorri zitzaigun tresna bat aurkitu zuela eta Sustatu.com-en proba bat egin behar zuela esanez. Esan eta egin EGA azterketen prestaketan laguntzeko tresnen aurkezpenean probatu zuen. Twitter bidez zuzeneko ebentu bat jarraitzeko tresna zela esan zigun.
Egia esan, ez nion kasu gehiegirik egin kontu hari. Handik aste batzuetara, martxoaren 1eko Hauteskunde gauaren jarraipenarekin antzeko zerbait egin zuen Sustatu.com-ek. Orduan bai, orduan jarraipena egin nuen eta halako sentsazio arraro batekin irten nintzen: hau ez al da ba txat bat? Hori da hurrengo egunean bulegoan galdetu nuena, eta baiezko moduko bat esan zidaten.
Gaur gauean ere Athletic-Barça partiduaren jarraipena egiten ari dira Sustatu.com eta Berria.info eta bertan ikusten dena txat arrunt bat dela iruditzen zait. Jendeak Twitter bidez idatziko ditu bere mezutxoak. Edo Sustatu.com eta Berria.info-n jarri duten flash pegata horretan idatziko ditu, baina zein da honen eta garai bateko IRC kanalen bidezko txataren arteko aldea?
Ondo dago modan egotea, baina gauzei bere izenetik deitzea ere ondo dago, ala? Coveritlive txat bat da ez.
P.S.: azkenaldian gehixeago idazten dut blogean. Eibar.ORG zerbitzariz aldatu dugu eta askoz arinago dabil dena orain. Gozada bat da hemen idaztea!
P.S. 2: inork ezer esan aurretik, badirudi Coveritlive horixe dela, txat tresna bat, Twiterreko integrazioa ondoren gehitutako zerbait omen da. Nik Twiterrekin zuzenean lotutako zerbait zela uste nuen, horregatik purrustadarena, baina beno, txat bat baldin bada, ba hori, txat bat da.