Periferiatik, erral
euskal-herria
ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...
... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana.
Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik.
ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten, ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen. Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela.
Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da...
ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago?
Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer?
Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da.
Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak.
21. mendean gaudela aizu !!
Ikusi zer irakurriz esnatu garen gaur:
Ignacio Uriaren aurkako exekuzioa ETAk AHTren aurka daraman kanpaina armatuan kokaturik dago. Ignacio Uria Mendizabalek, bere bi anaiekin batera, zuzentzen zituen entrepresak AHTren lanetan dihardute. Euskadi Ta Askatasunak aurretik esana du inposatutako proiektu txikitzaile horretan erantzukizunak dituzten arduradunak ETAren helburu direla.
Exekuzioa? 21. mendean geundela uste nuen !!!
Ekintzaren abagunean, herritarrak nahastu asmoz, ETAk bere proiektu politikoa armez inposatu nahi duela esaten aritu dira beste behin ere politikari profesionalak. Ederki dakite ordea ETAk Euskal Herriaren nazio eskubideen alde egiten duela borroka, hauek onartuak izan daitezen.
Irakurri nahi baduzue, Berrian dago gerrako parte osoa.
Sineztezina.
Hamaika urte pasatu dira "Ermukoa" gertatu zenetik
Hortik zehar xakearekin edo oporretan ibili naizenean, batek baino gehiago galdetu dit ¿dónde está Eibar? eta batzuetan amorratuta "¿te suena Ermua? pues al lado" erantzun izan dut, nirekin hizketan zegoenaren aurpegia nola aldatzen zen ikusita.
Atzo Antena 3 telebista katean, Miguel Ángel Blanco Ermuko PPren zinegotziaren hilketaren inguruko pelikula bat eman zuten. Bigarren atala zen, lehenengoa joan zen astean eman zuten, ondoren eztabaida batez jarraituta. Ez nituen atal biak ikusi, ezta eztabaida ere, baina orain dela hamaika urteko momentuak gogoratzeko balio izan zidan. Eta ez hori bakarrik, orduan jazotakoak nola ahaztu ditugun konturatzeko ere.
Ostegun hartan Eibarren nengoen. Ez dakit igerilekutik bueltan edo nola, etxera heltzean amamak "zeozer pasatu da ez?" esan zidan, eta telebistan entzun nuen albistea.
Ostiraleko gauza bat dut gogoan. Deporretik irten egin behar izan genuen taberna itxi egin zelako manifestazioaren orduan. Eibar erdialdeko dendak itxita zeuden.
Larunbatean, bazkalostea dut gogoan. Etxean orduan jarrita egoten zen Arrate Irratiak, programazio guztia eten eta musika bakarrik jarri zuen, eta noizean behin "EuskoTrenek Bilbon egingo den manifestaziorako tren bereziak jarriko ditu" zioen Bernardok. Eta han joan ginen. Trena hartu eta Bilbora. Atxurin jeitsi, eta Arenaleko zubitik barrena Moya plazaraino jende artean joan ginen. Gogoan dut hango jendetza eta nola politikari bat baino gehiago gure ondotik pasatu zen konzentrazioaren erdialdera.
Igandean Garaiora joan ginen. Jendearen aurpegietan irakurtzen zen ez zela igande arrunt bat. Jende asko zegoen irratia eskuan, azken albisteak entzuten. Kotxean bueltan gentozela entzun genuen azken berria. Gauean, ohean, malkoa ere irten zitzaidan begitik.
Atzokoak eta joan zen astekoak, honetarako balio izan didate. Memoria historikoa berreskuratzeko, eta gaur egungo gauzei eta egoerei beste era batera begiratzeko.
Euskal Herria eta langileen alde, ETA ez !
Agertu da berriz ere, inoiz desagertu bada, The Organization bereetako bat, beno, hiru kasu honetan, egitera. Azken asteetakoak nahikoa ez eta langileok defendatzera etorri da oraingoan. Ea nork ematen digun gurutze hau aguantatzeko pazientzia...
Horrela, horrela egiten da lan langileen eta Euskal Herriaren alde. Horrela.
Argazkia Eitb24tik hartu dut, bertako lege oharrak betetzea espero dut aipamen honekin :) baina beno, ez naiz lege-ohar eta copyrightari buruz hitz egitera etorri.
Behin eta berriz, ETAk horrelako ekintxa bat (nahita idatzi dut ekintxa, x-ekin eta ez z-rekin) egiten duen bakoitzean hitz berberak erabiltzen ditugu askok eta askok. Baina alperrik izan ohi da. Alperrik izango dira Lokarri, Baketik edo beste batzuen spam kanpainak, ETAk aspaldi utzi baitzion euskal gizartea entzuteari. Hori ere topiko bat da, baina garbi esan beharreko topiko bat.
Inork ez du aurkitzen hau argi eta garbi salatu eta konponbidera eramateko modurik. Kalean eta gizartean sortzen diren giza-mugimendu guztiak errotik biziatuta jaiotzen dira: ETAri ez, baina "beste biolentzia guztiei" ere ez; ETAri ez eta Konstituzioari bai; ETAri ez eta Ibarretxeri ez; ETAri ez eta kontsultari bai; ... Guztiek dute gauza komun bat, ETAri ez esatea, baina esaldiaren bigarren zatiagatik ez dira inoiz ados jartzen. Bakoitzak bere interesak ditu eta azkenean ez dut gizarte guztiak eskatzen duena egiteko batzen.
Nork sortuko du benetan guztiok batzen gaituen esaldia bakarrik, eta hori bakarrik (ez kontsultarik, ez presorik, ez beste biolentziarik, ez Konstituziorik) defendatuko duen plataforma, batzorde, junta, asanblada, elkargo edo dena-delakorik? Seguru inork ez duela horrelakorik inoiz egingo, eta hemen egongo gara hurrengoan ere, guztiok ETA ez esaten, baina guztiok batera ETA ez ezin esanik.
¿Salvapatrias? No, gracias
Perdoname Iturri, te he copiado el titular. Pero no tengo mejores palabras.
Alguien, probablemente un activista de ETA, ha matado hoy a tiros al
ex-concejal del PSE-EE Isaias Carrasco, mientras salía de casa con su
mujer y su hija. Se supone que Euskal Herria es un poco más libre ahora.
Si esa es la forma de salvar Euskal Herria y hacerla libre e independiente, por favor, no me salven. Gracias.
Do not save me, thanks
Someone, probably an ETA activist, has shot former PSE-EE councilman Isaias Carrasco dead, when he was leaving home with his wife and his daughter. Euskal Herria (Basque Country) is supposed to be a little more free after that.
If that is the way to save Euskal Herria, to make it free and independant, just please do not save me, thanks.
Salbatzailerik ez, eskerrik asko
Norbaitek, ETAkideren batek seguruenez, PSE-EEko zinegotzi izandako Isaias Carrasco tiroz hil du gaurkoan, etxetik irteten ari zela, emaztea eta alaba ondoan zituela. Euskal Herria libreago omen da orain.
Hori bada Euskal Herria salbatzeko, libre eta independente egiteko bidea, mesedez, ez nazala inork salba. Eskerrik asko.