Periferiatik, erral
depor
Gipuzkoako Xake Txapeldunak
Aupa !!!!!!!!!!!! Eibarko Klub Deportiboko xake talde biek euren mailetako Gipuzkoako Txapeldun izatea lortu dute asteburuan bukatu den Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketan
Nork zeukan buruan urtarrilean Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketa hasi genuenean gure klubak aurkeztutako bi taldeek mailaz igoko zirela? Nik neuk ez behintzat! Bi urteren ondoren, iaz Lehenengo mailatik Gorengoen mailara igotzea lortu genuen. Denboraldi hasieran helburuak finkatu eta taldeetan nortzuk jokatu behar zuten erabaki genuenean gauza bat argi genuen: lortutako mailari eutsi egin behar genion. Gipuzkoako Talde onenen artean Eibarko bat egon izan da, azken 3 edo 4 urteetan izan ezik, eta Gorengoen mailara itzuli beharra genuen.
Laster hasi ziren emaitza onak. Lehenengo txandan Hondarribi-Marlaxka garaitu genuen, geroago etorri ziren Beraun Bera, Mundarro, Billabona edo Tolosa-Ibarraren aurkako emaitza onak. Bat-batean, ostiral baten, Haritzek zera esan zuen: "ahal den eta talderik onena eraman behar dugu. Euskal Ligara igotzeko aukera daukagu-eta". Txandak joan eta etorri gero eta hurbilago zegoen igoera, eta azkenean lortu egin dugu.
Arrasate-San Andres zen niretzat faborito nagusi, baina akats batzuen ostean 3 puntu t'erdiko abantailarekin iritsi ginen azken bi txandetara. Hauetan sailkapeneko azkenengo bi sailkatuen aurka jokatzea tokatzen zitzaigun. Lehenengo asaltoa, etxean izan zen, azken-aurrekoaren aurka. 4-0eko garaipena. Aupa !!! Txapela eta igoera hurbil zeuden. Arrasatek ere 4-0eko garaipena lortu zuen, beraz, azkenengo txandan erabakiko zen dena. Nahiko erraz genuen txapela lortzea, puntu bakarrarekin nahikoa genuen, erdia ere baliogarri zen, kasu horretan Arrasatek 4-0eko garaipena beharko zuen gurekin berdintzeko. Arrasatek Donostian zeukan bere partida, gure bigarren mailako taldeak bezala, toki berean, eta arratsaldeko 18:30tan erabaki zen guztia. Arrasateko jokalari batek bere partida galdu egin zuen eta ondorioz ezinezkoa zen sailkapenean gu harrapatzea. Gipuzkoako Txapeldunak gara !! Albistea ordea, Donostian geundenok genekien. Beasainen zeuden igoera lortu berri zuten jokalariak eta telefonoak itzalita zeuzkaten. Partidak amaitu, Beasainera joan, eta han beharrezko puntua lortuta zegoen jada. Datorren urtean Euskal Ligan jokatuko dugu !!!!
Bigarren mailan ere txapeldunak
Denboraldia hastean gauza bat nuen argi Bigarren Mailako taldearekin: mailari eutsi egin behar zion derrigorrez. Azken hiru urteetan mailaz igo ezinik ibili da taldea, beti ere azkenengo bi txandetan igoera aukerei agur esanez. Iaz ere justu-justuan lortu genuen igoera Hernanin 2nako berdinketa lortu ostean. Hala ere, gure taldean bazegoen ni baino jokalari optimistagorik.
Gorengoen mailakoen emaitza onak ikusita, optimismoa kutsatu zitzaigun eta gu ere ondo hasi ginen. Lehenengo fasean ez genuen emaitza aipagarririk lortu, azkenengo txandan Elgoibarren aurkako garaipena izan ezik. Hark eman zizkigun animoak, igoera-fasea lidergoan hasi baikenuen. Hala ere, oraindik 4 partida zeuden jokatzeko. Inolako presio barik igoera lortzen saiatuko ginela esan genuen.
Esan eta egin. Lehenengo txandan erraz garaitu genuen Donostiako Fortuna. Bigarrenean ere Hernani garaitu genuen. Igoera gure esku zegoen. Azken-aurreko txandan Donostiako Easo etorri zen geurera eta gainetik pasatu ginen 3.5-0.5eko garaipenarekin. Beste emaitzak ikusita, 2nako berdinketa nahikoa genuen azkenengo txandan sailkapeneko azkenaren aurka. Erraza zirudien baina Groseko taldeekin kontuz ibili beharra dago, gutxien espero duzunean partida bikainak egiten dituzte eta.
Azkenengo txandako partidak ez ziren ondo hasi, gure jokalari batek partida nahiko erraz galdu baitzuen. Hala ere, nik neure partida bideratuta neukan ordurako eta lortu behar genituen bi puntuetako bat berehala eskuratu genuen. Handik gutxira, gure jokalarietako batek ere bere partida bideratu eta deskonektatze eta lasaitze aldera pasiadatxo bat ematera joan nintzen lagun pare batekin. 18:30tan eman zidaten albistea: falta ziren bi partidetan puntu t'erdi lortu genuen eta ondorioz Bigarren Mailako Txapeldunak ginen, gainera, lehen aipatu bezala, Arrasateko jokalari batek partida galdu eta Gorengoen Mailako Txapela ere geure esku zegoen. Aupa !!!!!
Laburbilduz
Gipuzkoako Taldekako Txapelketa bikaina jokatu dugu. Taldekide paregabeak ditut. Astero-astero euren onena eman dute eta azken urteotako giro onena daukagu klubean. Orain 4 edo 5 urte orain taldekide ditudan gaztetxo hauek klubera etortzen hasi zirenean pentsatu ere ez nuen egin gaur egoera honetan egongo nintzenik.
1998a bukatzen ari zela Ricardo Bastida ordura arteko Deporreko Xake-Joko Batzordeko buruak bera uztera zoala eta Batzordeaz arduratzea eskatu zidan. 1998-1999 denboraldi hartan Eibarko Klub Deportiboak Euskal Ligan jokatu zuen aurreko urteko igoera zela eta. Hasieran Gorengoen Mailari eustea helburu erraza izango zela uste genuen. Baina jokalarien gora-beherak medio maila galdu genuen orain 5 edo 6 urte. Eta aurten, azken aldiz Euskal Ligan egon ginenean 6 edo 7 urte eskas zituzten gaztetxo haiei esker, Euskal Xakearen onenen artean gaude.
Eskerrik asko bene-benetan Deporreko xakelari eta lagun guztioi. Eskerrik asko Jon, Emilio, Manolo, Xabier, Haritz, Diego, Edu, Julen eta Mikeli. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.


