Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Revolutionary road: iraultzarik ez

Elena Laka 2009/01/25 23:10
“Revolutionary road” kalean ez da iraultzarik gertatzen. Alderantziz, dena da goxoa eta iraunkorra. New York-eko aldirietako auzo atsegina, lorategiz inguratutako etxe zuri bakarrez osatua, hori da “Revolutionary road”, eta bertara doa bizitzera Frank eta April bikote gaztea
revolutionary road

Gazteak eta guapoak dira, eta beren burua berezitzat daukate, ingurukoen eguneroko bizitzaz gainetikoa. Euren bizitza baina, auzokoena bezain errutinario eta monotonoa da, lan errutinario eta gogoz kontrakoa egiten du Frank-ek, eta April-ek ez du nahikoa eguneroko etxekotasunarekin. 1955an gaude eta denetik daukan bikote estatubatuar eredugarriak aldaketa bat du amets. Bizitza oso eta erakargarri horretarako bidea nola egin ulertzeko modu ezberdinek hondamendira eramango du.

 

Leonardo Di Caprio eta Kate Winstel aktoreen arteko filma da hau. Bien arteko elkarrizketa eta begiraden artean egiten dute pelikula osoa, nahiz eta oso garrantzitsuak diren, baita ere, oso bigarren planoan agertzen diren aktoreak. Kathy Bates, auzoko astunaren papera eginez; honen semea, eroa, egiak esateko bula daukan pertsonai bakarra; Frank-en lankideak; protagonisten auzoko bikotea. Guztiak oso inportateak ezkontide protagonisten bidegurutzearen bilakaera aurkezterakoan.

 

Ezkontideen bidegurutzea mundua bezain zaharra da: ametsari jarraitu ala errealitateari atxeki. Ilusioa aldaketan ala egunerokoan topatzea. Ia esan daiteke askatasuna eta segurtasunaren arteko dikotomia zaharra dela planteatzen zaiena, dikotomia zaharra bikotearen mundura eramanda.

 

Eta azaltzen dena da bidegurutze horren aurrean, ilusioari jarraitzeko moduaren aurrean, bakoitzak zein bide hartzen duen, eta bikoitekideetako batek zelan kentzen dion besteari askatasuna eta legitimotasuna ilusio horri jarraitzeko.

 

Keinu eta begirada bakoitza inportantea da pelikulan. Oinarrizkoa, elkarrizketak. Elkarrizketak, borobilak, agian gehiegi. Gaia gogorra, zaharra eta berria, betikoa. Kate, Oscar-a jasotzeko modukoa.

 

 

Sanblasak Eibarren

Elena Laka 2009/01/25 21:56
San Blas eguna gertu dagoela, Eibarren hasi dira sanblas opilak egiten. Ezin falta gai honi buruzko postik eibartarren komunitatean.
Sanblasgintza

Ama Bañaresen jaiotako eibartarra da. Ez esan berari gero eibartarra ez denik! Nik gogoan dudanetik, sanblasask egiten ditu otsailaren 3a gerturatzean. Munduko gozoenak, duda barik eta ikuspuntu erabat objetibotik.

Oier Bergarakoa da, peto-petoa. Ama du eibartarra, baina hiru belaunaldi hauetan eibartar bakarrak ez daki sanblasik egiten.

Geure etxean Bañareskoak eta Bergarakoak egiten dituzte sanblasak. Eibartarra, argazkiak atera eta inerneten ipini.

Nabarmena denez, ez dago Eibarren jaio beharrik sanblasik onenak egiteko. Ondorioztatzen denez, ez dago toki batean jaio beharrik bertakoa izateko. Nahikoa da bertakotzeko borondatea.

Sanblasgintza2

Haizetearen hondarrak

Elena Laka 2009/01/25 20:58
Asteleheneko Goienkaria

“Zikloiak eragozpen handiak sortu ditu, baina kalte pertsonal larririk ez. Haizeak gehienez 167 kilometro orduko abiada hartu du, baina denboralea bukatzen ari da. Milaka euskal herritar argindarrik gabe daude. Eibarren Ipurua kiroldegiko teilatuareako  zati bat jausi da, eta gaur Nastic-Eibar futbol partida ez dute jokatuko”. Berria, 09-1-25

Etorri zen haizetea, joan zen argi-indarra, eta gure mundua zartatu egin zen. Zapatu goizean egunerokoa kataklismo txikia zen geurean: dutxa bero eta kaferik barik. Eta ondorengo guztiak: ez irratirik, telebistarik, internetik, garbigailurik, sukalderik, berogailurik. Gaitz erdi artean ez zela gaua, eta urtarrileko argitasun apurra behintzat bageneukala. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara. Beranduago, eguerdi-partean, bazkariaren galdera handia: ez geunden egun bateakoagaitik bezperako ogian sartutako gaztai zatia jateko. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara eta aldi berean bizitzak ez zuen bizitza ematen, gabezi-zerrenda bat baizik.

Gogoan dut Bosniako gerrak zelako eraginak sortu zidan orain dela hamasei urte, telebistaz ikusitako gerren artean behar bada orduarteko eraginik handiena. Hain zuzen medioetan ikusten genituen pertsona haiek gure igual-igualak zirelako. Eraso militarra hasi baino minutu bat lehenago gure bizimodu berdin-berdina zutelako. Gureak bezalako etxeetan bizi zirelako, gureak bezalako lanetan zihardutelako, geureak bezalako komoditateak zeuzkatelako. Egun batetik bestera euren bizimodua ezaugarririk barik geratu ziren, eta horrek egin zituen ezinduago. Justu gure moduan. Pentsatu nuen orduan zelako bizi-iraupena eduki nezakeen nik gerra batean, berbetan eta zerbait idazten baino ez badakit, eskuekin ezer egiten jakiteke. Hutsa, argi-indarra joan zaidanean moduan.

Zeren geure bizimoduaren baloreen artean lehenetsi dezakegu segurtasuna, Bushek bezala, ala askatasuna eta eskubideak, Obamak legez. Baina Europako bazter honetan bizi garen oasi honetan, munduko biztanleen heren batek gutxienez amesten  duen honetan, ongizatea dugu ikur, biztanleon bizi-maila ona. Segurtasunari, askatasunari, aberastasunari, ongizateari esker gure bizitzak erosotasun handia du. Eskasiarako ohituak ez gauden señoritoak gara, seguru asko eboluzio eta mutazioen ondorioz irauterik izango ez dugunak.

 

Zine-ilunabarra: Il Divo eta Australia

Elena Laka 2009/01/09 11:03
Errege-opari moduan zine-ilunabarra jaso nuen. Bi pelikula benetako zine-areto batean. Il Divo eta Australia. Gustoarengaitik, hurbiltasunarengaitik eta ordutegiarengaitik aukeratuak.

Il Divo-k Gulio Andreottiren bizitzaren azken zatia kontatzen du. Pertsonai bitxia itxuraz, siniestroa eta beldurgarria izakeraz. Errealizazio ausarta, plano ezohikoak eta elipsi ugari, istorioa batez ere pertsonaien keinuz eta elkarrizketa bidez kontatzen du, pantailan noizean behin agertzen diren testuen laguntzaz.

 

Italian joan zen mendeko 90. hamarkadan politika, ekonomia eta finantza, eta eliza mundua harrapatu zuen ustelkeria kontatzen du, “tangentopolis” deituriko egoera eskandalagarria. Ni, egia esan, ez nintzen gertakizun haiekin gehiegi akordatzen, eta apur bat galdu egin nintzen kontakizunean. Zinelagunak ostera suizidatutako eta hildako gizon boteretsuen ia izen guztiak gordetzen zituen oroimenean. Deigarria nola pertsonai gehienak gizonak izanda, gizon boteretsuak, filmeko esaldirik inteligenteena emakume batek esaten duen, Andreottiren andreak, gizona, esaldi labur batez, ondo baino hobeto deskribitzen duenean. Filme ona ikusi izanaren sentsazioarekin zinetik.

 

Ondoren Australia. Erregeek kabalgatan erakusten dituzten opariak bezain hutsa. Pakete handia, opari-paperez eta begizta dotorez apainduta, baina barruan ezer ere ez. Memorias de Africa izan nahi zuen, baina Nikole espresiobako-musu ez da Meryl, eta Hugh Jackman, aspaldi ikusi dudan gizon puskena eta guapoena baina postizoena, ez da Robert. Ez dute sentimendurik trasmititzen. Lo que el viento se llevó izan nahi zuen, eta eszenak kopiatu zizkion, dantzaldiko enkantearena, kapataz gaiztoaren rolarena eta bonbardaketa ondorengo zaurituen paisaiarena kasu, baina handitasuna izan arren, arima falta zitzaion.

 

Sekulako baliabideak, egundoko paisaiak, izugarrizko produkzioa, baina emozio bariko istorioa. Nahiz eta saitu zen, pelikulak irauten duen ia hiru ordu horietan, malko ziztrin bat ere ez nuen bota.

 

Nikole saltorik gabe pasatzen da lady ingeles tente bat izatetik, konbentzio sozialak bost axola zaizkion emakume abenturazale izatera. Hugh ultraguapoak edozer gauzatarako balio du arpegiko espresioa aldatzeke: edozein abenturatarako, edozein argumentutarako, iragan triste eta sentimenduz betea erakusteko, borrokarako. Umea nabarmenegia da, gehiegietan errepikatzen du iradoki baino egin behar ez lukena. Kapataz gaiztoa edozein ipuinean agertzen den pertsonai maltzur huts baino okerragoa da. Mutil protagonistaren lagun aborigen beltzak Hollywoodeko gionista erromantiko baten pareko hitzak botatzen ditu. Tribuko azti babesleak dokumental bateko panpina  ematen du.

 

Eszena bat da ikusgarria: mutiko kafesneak amildegiaren ertzean ganadu-taldea geratzen duenekoa. Behintzat horrek lagatzen du zaporerik, westernen zapore zaharra.

 

Asteburu honetan, Australia Eibarko zinean.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.