Revolutionary road: iraultzarik ez
Gazteak eta guapoak dira, eta beren burua berezitzat daukate, ingurukoen eguneroko bizitzaz gainetikoa. Euren bizitza baina, auzokoena bezain errutinario eta monotonoa da, lan errutinario eta gogoz kontrakoa egiten du Frank-ek, eta April-ek ez du nahikoa eguneroko etxekotasunarekin. 1955an gaude eta denetik daukan bikote estatubatuar eredugarriak aldaketa bat du amets. Bizitza oso eta erakargarri horretarako bidea nola egin ulertzeko modu ezberdinek hondamendira eramango du.
Leonardo Di Caprio eta Kate Winstel aktoreen arteko filma da hau. Bien arteko elkarrizketa eta begiraden artean egiten dute pelikula osoa, nahiz eta oso garrantzitsuak diren, baita ere, oso bigarren planoan agertzen diren aktoreak. Kathy Bates, auzoko astunaren papera eginez; honen semea, eroa, egiak esateko bula daukan pertsonai bakarra; Frank-en lankideak; protagonisten auzoko bikotea. Guztiak oso inportateak ezkontide protagonisten bidegurutzearen bilakaera aurkezterakoan.
Ezkontideen bidegurutzea mundua bezain zaharra da: ametsari jarraitu ala errealitateari atxeki. Ilusioa aldaketan ala egunerokoan topatzea. Ia esan daiteke askatasuna eta segurtasunaren arteko dikotomia zaharra dela planteatzen zaiena, dikotomia zaharra bikotearen mundura eramanda.
Eta azaltzen dena da bidegurutze horren aurrean, ilusioari jarraitzeko moduaren aurrean, bakoitzak zein bide hartzen duen, eta bikoitekideetako batek zelan kentzen dion besteari askatasuna eta legitimotasuna ilusio horri jarraitzeko.
Keinu eta begirada bakoitza inportantea da pelikulan. Oinarrizkoa, elkarrizketak. Elkarrizketak, borobilak, agian gehiegi. Gaia gogorra, zaharra eta berria, betikoa. Kate, Oscar-a jasotzeko modukoa.