Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Haizetearen hondarrak

Haizetearen hondarrak

Elena Laka 2009/01/25 20:58
Asteleheneko Goienkaria

“Zikloiak eragozpen handiak sortu ditu, baina kalte pertsonal larririk ez. Haizeak gehienez 167 kilometro orduko abiada hartu du, baina denboralea bukatzen ari da. Milaka euskal herritar argindarrik gabe daude. Eibarren Ipurua kiroldegiko teilatuareako  zati bat jausi da, eta gaur Nastic-Eibar futbol partida ez dute jokatuko”. Berria, 09-1-25

Etorri zen haizetea, joan zen argi-indarra, eta gure mundua zartatu egin zen. Zapatu goizean egunerokoa kataklismo txikia zen geurean: dutxa bero eta kaferik barik. Eta ondorengo guztiak: ez irratirik, telebistarik, internetik, garbigailurik, sukalderik, berogailurik. Gaitz erdi artean ez zela gaua, eta urtarrileko argitasun apurra behintzat bageneukala. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara. Beranduago, eguerdi-partean, bazkariaren galdera handia: ez geunden egun bateakoagaitik bezperako ogian sartutako gaztai zatia jateko. Elektrizitate-ezak isiltasuna ekarri zuen etxeetara eta aldi berean bizitzak ez zuen bizitza ematen, gabezi-zerrenda bat baizik.

Gogoan dut Bosniako gerrak zelako eraginak sortu zidan orain dela hamasei urte, telebistaz ikusitako gerren artean behar bada orduarteko eraginik handiena. Hain zuzen medioetan ikusten genituen pertsona haiek gure igual-igualak zirelako. Eraso militarra hasi baino minutu bat lehenago gure bizimodu berdin-berdina zutelako. Gureak bezalako etxeetan bizi zirelako, gureak bezalako lanetan zihardutelako, geureak bezalako komoditateak zeuzkatelako. Egun batetik bestera euren bizimodua ezaugarririk barik geratu ziren, eta horrek egin zituen ezinduago. Justu gure moduan. Pentsatu nuen orduan zelako bizi-iraupena eduki nezakeen nik gerra batean, berbetan eta zerbait idazten baino ez badakit, eskuekin ezer egiten jakiteke. Hutsa, argi-indarra joan zaidanean moduan.

Zeren geure bizimoduaren baloreen artean lehenetsi dezakegu segurtasuna, Bushek bezala, ala askatasuna eta eskubideak, Obamak legez. Baina Europako bazter honetan bizi garen oasi honetan, munduko biztanleen heren batek gutxienez amesten  duen honetan, ongizatea dugu ikur, biztanleon bizi-maila ona. Segurtasunari, askatasunari, aberastasunari, ongizateari esker gure bizitzak erosotasun handia du. Eskasiarako ohituak ez gauden señoritoak gara, seguru asko eboluzio eta mutazioen ondorioz irauterik izango ez dugunak.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.