Zine-ilunabarra: Il Divo eta Australia
Il Divo-k Gulio Andreottiren bizitzaren azken zatia kontatzen du. Pertsonai bitxia itxuraz, siniestroa eta beldurgarria izakeraz. Errealizazio ausarta, plano ezohikoak eta elipsi ugari, istorioa batez ere pertsonaien keinuz eta elkarrizketa bidez kontatzen du, pantailan noizean behin agertzen diren testuen laguntzaz.
Italian joan zen mendeko 90. hamarkadan politika, ekonomia eta finantza, eta eliza mundua harrapatu zuen ustelkeria kontatzen du, “tangentopolis” deituriko egoera eskandalagarria. Ni, egia esan, ez nintzen gertakizun haiekin gehiegi akordatzen, eta apur bat galdu egin nintzen kontakizunean. Zinelagunak ostera suizidatutako eta hildako gizon boteretsuen ia izen guztiak gordetzen zituen oroimenean. Deigarria nola pertsonai gehienak gizonak izanda, gizon boteretsuak, filmeko esaldirik inteligenteena emakume batek esaten duen, Andreottiren andreak, gizona, esaldi labur batez, ondo baino hobeto deskribitzen duenean. Filme ona ikusi izanaren sentsazioarekin zinetik.
Ondoren Australia. Erregeek kabalgatan erakusten dituzten opariak bezain hutsa. Pakete handia, opari-paperez eta begizta dotorez apainduta, baina barruan ezer ere ez. Memorias de Africa izan nahi zuen, baina Nikole espresiobako-musu ez da Meryl, eta Hugh Jackman, aspaldi ikusi dudan gizon puskena eta guapoena baina postizoena, ez da Robert. Ez dute sentimendurik trasmititzen. Lo que el viento se llevó izan nahi zuen, eta eszenak kopiatu zizkion, dantzaldiko enkantearena, kapataz gaiztoaren rolarena eta bonbardaketa ondorengo zaurituen paisaiarena kasu, baina handitasuna izan arren, arima falta zitzaion.
Sekulako baliabideak, egundoko paisaiak, izugarrizko produkzioa, baina emozio bariko istorioa. Nahiz eta saitu zen, pelikulak irauten duen ia hiru ordu horietan, malko ziztrin bat ere ez nuen bota.
Nikole saltorik gabe pasatzen da lady ingeles tente bat izatetik, konbentzio sozialak bost axola zaizkion emakume abenturazale izatera. Hugh ultraguapoak edozer gauzatarako balio du arpegiko espresioa aldatzeke: edozein abenturatarako, edozein argumentutarako, iragan triste eta sentimenduz betea erakusteko, borrokarako. Umea nabarmenegia da, gehiegietan errepikatzen du iradoki baino egin behar ez lukena. Kapataz gaiztoa edozein ipuinean agertzen den pertsonai maltzur huts baino okerragoa da. Mutil protagonistaren lagun aborigen beltzak Hollywoodeko gionista erromantiko baten pareko hitzak botatzen ditu. Tribuko azti babesleak dokumental bateko panpina ematen du.
Eszena bat da ikusgarria: mutiko kafesneak amildegiaren ertzean ganadu-taldea geratzen duenekoa. Behintzat horrek lagatzen du zaporerik, westernen zapore zaharra.
Asteburu honetan, Australia Eibarko zinean.