Eibar bizigune
![]()
(Eibarko ...eta kitto! aldizkarirako)
Nik ezagutzen dudanetik behintzat (eta badira urte mordoskatxo bat) Eibar sekula ez da izan bizileku atsegina, bizileku atsegintzat hartzen badugu herri polit bat, ondo urbanizatua, zuhaitz eta parkez betea, umeak eta zaharrak herri barruan lasai ibiltzeko moduko herri bat. Eibarren kotxeak, tailerrak eta etxeak, guztiak batera, pilatuta daude, eta kanpoko lagun bati iruditzen zaionez, umeak parkeetan hesituta daude. Kotxe pilaketak zarata eta zikinkeria handia sortzen ditu erdialdean,. Lasaitasun piska bat izateko erdialdetik irten egin behar da, eta beraz, aldaparen bat igo. Eraikitzen diharduten erdialdeko etxeak lehengoak baino gorago jasotzen dituzte, eta gero eta gaitzagoa da erdiko kaleetan eguzkia ikustea, nahiz eta Arrate aldea zerua urdin-urdin egon.
Hala ere ez nuke esango Eibar toki txarra denik bizi izateko. Herri bizia da, kanpoko jendea txunditu egiten da kale-giroarekin, badauzka zerbitzuak, ezagun du jendea ekimentsua dela, eta herrigunetik bertatik irtenda, paraje politak daude. Zalantza daukat, hala ere, etorkizunean herri dinamiko industrial bat, zerbitzuen hastapenetan dagoena, nahikoa izango ote den biztanle berriei erakargarri gertatzeko, eta azkeneko urteetako etengabeko biztanle galerari bukaera emateko.
Hauteskundeetara aurkezten direnen meritua edo profesionaltasun modukoa baino zerbait gehiago beharko da ostera herriari garaiak eskatzen duen beste itxura bat emateko. Jai daukagu bestela.
Volvone
Atzo Eibar-Ermua tranbian, eguerdiko hamabietan. Hiru emakume etxera bueltan trenean berriketan. Elkarrizketa gaia: euren lana. Etxe banatan garbiketa-lanak egiten dituzte, Eibarren. Batak San Juan kalean, besteak Toribio Etxeberria kalean, hirugarrenari ez diot ulertu.
“Zenbat gehiago zikintzen den garbitzen dudan etxea neurea baino! Hautsa astean bi aldiz kenduta ere, beti dago zikin. Eta ohe azpiak? Pasa dezakezu aspiradorea astean bi aldiz, eta hala ere, beti hauts pelotak ohepean, hile osoan garbitu ez bazenu bezala!. Eta telebistako pantaila, eta leihoetako kristalak, dena askoz gehiago zikintzen da, oso sarri garbitu beharra dago. Jo, eta persianak? Hori bai zikinkeria! Jakina, Eibarren trafikoak, kontaminazioak, asko zikintzen dute, bat ere zerikusirik ez Ermuarekin, nire etxea ez da horren beste zikintzen, tira, balkoia bai, baina hautsa? Hautsa ez da horren beste aldiz pasa beharrik. Askoz zikinagoa da Eibar Ermua baino. Eskerrak Volvoneri. Nik gauza guztietarako erabiltzen dut: persianak, leihoak, lurra… Kristalak ez, kristalak Glassekin garbitzen ditut. Baina beste guztia? Volvonekin. Urarekin nahastu, piska bat igurtzi eta oso, oso garbi lagatzen du, segituan gainera. Telebistako pantaila ere, Volvonekin. Ez dago Volvone modukorik. Eta oraindik ez dut probatu, baina aldizkari batean irakurri nuen Volvone erretzeko alkoholarekin nahastuz gero, oraindik hobea zela. Hori ere probatu behar dut ba, ea zelan garbitzen duen”.
Hori dena entzuten nindoala akordatu nintzen Leirek bidalitako mezuarekin eta Eibarko PSEk hauteskundeak direla eta etxeetara bidali duen aldizkariarekin, Eibar herri marabillosoaren argazki mordoa zeukana. Erretratoetan Eibar eguzkitsu, moderno, trankil eta garbi bat ageri da, itsaso gabeko Marina D’oreko maketa bat izango balitz moduan. Gogoan daukat aldizkaria ikusi nuenean bururatu zitzaidala zenbat montaje eta photoshop erabili zutela argazki horrek ateratzeko. Baina Ermuko hiru garbitzaileen berbeta entzun ondoren badakit ez dela photoshop, ez dela George Lucas: hauteskundeetarako herria Volvonekin garbitu digute.
Destinu petrala
Leggingak modan egon ziren aurretiko aldian, Hertzainak taldearen lehen abestiak entzuten genituen garaian. Unibertsitateari orduan langabetuen fabrika esaten zioten. Bederatziehun ikasle ginen Zuzenbideko lehen ikasturtean. Interes piska bat sortzen zigun irakasgai bakarra, zuzenbide politikoa. Horren barruan, lehen ikasturtean konparatutako zuzenbide konstituzionala ikasi genuen, bigarrenean 1978ko Espainiako Konstituzioa.
Ikasi genuen Konstituzioak Estatu bateko arau nagusi moduan daukan garrantzia, eta Konstituzioak nola hezur-mamitzen duen Estatu bat. Baita ere nola iritxi zen Espainiako Erreinua "estado social y democrático de derecho" izatera, eta zelako aurrerapausu demokratikoa izan zen oinarrizko eskubideen aldarrikapen bat edukitzea bere baitan, are gehiago, aldarrikapen hori babesa ematen zioten berme juridikoz lagunduta zetorrelako.
Berdintasun eskubidea, osotasun fisikorako eskubidea, ideologia askatasuna, ohore eta intimitate eskubidea, askatasun eskubidea, ideia askatasuna, elkarteak sortzeko eskubidea, arazo publikoetan parte hartzeko eskubidea, indarrean ez dauden delituengaitik kondenatua ez izateko eskubidea… Horrek eskubideok Konstituzioaren muina dira. Irakatsi ziguten ondo babestuta
zeudela, eta nahiz eta legeen bitartez garatuko ziren, aldarrikapena
erabatekoa eta zabala zela. Ikasleok ez horren beste, baina irakasleek buruan zeukaten Konstituzioaren aurreko errejimena, eta hain zuzen, horrexegaitik ematen zioten horren besteko balioa 1978 urteaz geroztik abiatutakoari.
Laurogeigarren hamarkadan horren zabala erakusten zitzaigun eskubideen ortzemuga murriztuz joan zen hortik aurrera eskubideok garatzen (praktikan mugatzen) zituzten legeen bitartez. Gogoangarria gertatu zitzaigun Herritarren Segurtasunaren Legea (Corcuera legea), askatasunaren eta atxiloketaren arteko muga itzaltsu bat ezarri zuena, askatasun eta legalitate eskubideen kontra erabat.
Konstituzioa eskuan, bertan harro jasotako eskubideei men eginez, herritar espainiar batek hautatzeko eta hautatua izateko oinarrizko eskubidea du. Eta eskubide horretaz gabetzeko, delitu batengaitik epaitua izana behar du, eta epaian espreski sufragio aktiboko edo pasiboko eskubidea kentzen zaiola adierazia. Horrelakorik ez den bitartean, politikan parte hartzeko eskubide osoa du espainiar nazionalitadun orok. Bestelakoa Konstituzioaren kontrakoa da. Hori da irakatsi zigutena.
