Itsasoratzea
Atzi goizean Debako hondartzan Izaskunen errautsak itsarotu zituzten.
Gaueko isiltasuna, sehaska baten kulunkaren hotsa, eta ahots monotono bat behin eta berriro kantari: lotarataaaa, lotarataaaa, lotarataaaa, lotaraaaa. Nik bost bat urte izango nituen eta ondoko gelan egiten nuen lo aiton-amonen baserrian.Sehaskan Izaskun txikia zegoen, amak kantatzen zion. Hori da daukadan bere lehen oroimena.
Hogeitabost urte baino gehiago pasata, abestia berriro entzun nuen, txikitako gauzen ganbara horretatik aterata. Gure aitak kantatzen zion Paulori, sehaskari eragiten zion bitartean:
Paulo txikixa
lotara etaaaaaa,
uso, eperrak,
kortaraaaa.
Lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotarataaaa,
lotaraaaaa.
Heriotzak ez du eperik errespetatzen, badakigu, ezin zaio denboraren legerik ezarri. Gogorra da, horrela da. Hala ere, sekula ez litzateke gertatu behar pertsona beraren jaiotza eta heriotza ezagutu behar izatea. Biak ikusten dituzunean pertsona berarengan, naturaren legean zerbait hautsi dela iruditzen zaizu.
Fitokiller
Azalea (ez aza-alea) eder bat oparitu zidaten orain hilabete inguru. Zuhaitz txikitxo moduko bat da, biribila, larrosa koloreko lorez beteta, ederra. Hementxe daukat bulegoan, leiho ondoan.
Oporretatik bueltan lore guztiak ximelduta topatu ditut. Hiru egunetan hortxe dihardut, ura bota eta bota, abisatu zidatelako azaleek ur asko behar dutela. Baina iruditzen zait alperrik nabilela. Ikutu orduko hostoak jasi egiten zaizkio. Pena, asko gustatzen zitzaidan nola alaitzen zuen bulegoa, loreak zabalik, bizi-bizi.
Bulegoan baita ere, leihoan dauzkadan zuhaiskak lehortu egin zaizkit. Guztiz kaka-kolore geratu dira, gezurra dirudi, horren beste euri eginda. Lankideen leihoetakoek berde-berde diraute.
Eta bart limoiondo zuhaitxo bat oparitu zidaten etxeko terrazan ipintzeko.
Pertsona ez-egokia landareez arduratzeko.
Ekin ta saldu zazu
Asteleheneko Goienkaria-rako:
"Debagoienean bizitzeko motibazioa piztu behar dugu, biztanleriak behera egin du-eta azken urteotan. Asiialdirako eskaintzak hobetu eta turismoa bultzatu daitezke eta elkarrekin lan egiteko perspektiba berreskuratzea ezinbestekoa da. Tranbiarekin pausu garrantzitsua eman daiteke zentzu honetan. Debagoiena EAEko laugarren hiria izaten lagunduko digu tranbiak". Koldo Azkoitia, Goienkaria 07-3-30.
Bi hilabete barru, hamasei urteko alkatetza San Joxepe erretiruatuen elkarteko bazkidetzarengaitik aldatuko duen Victoriano Gallastegi Bergarako alkateak, zioen, herritarrek gero eta gehiago exijitzen dutela. Esplikatzen zuen exijitu bai, baina erantzun ere neurri berean egin behar zutela, eta horretan eskas zebilela herritarra. Adierazpenok egin zituen, herritarren kopuruaren jetsieraren harira, herritarrak zertan aldatu diren galdetu ziotenean.
Horren ondoren, poztu egin nau Gipuzkoako Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Diputatuari irakurtzeak biztanleriaren beherakada motibazioarekin eta asialdiarekin lotuta daudela. Alegia, beherakadak ez daukala zerikusirik herritarrok erakundeei eskatzen diogun demaskeriarekin, erakundeek guregaitik egiten duten eskaskeriarekin.
Koldo Azkoitiak interes handiz zabaltzen saiatzen denez eta herritarrok ere ikusi ahal izan dugunez, Diputazioak lan, diru eta ordu asko inbertitu ditu bukatzear dagoen legegintzaldi honetan Debagoienean. Azpiegituretan eta zerbitzuetan igarri da hori: garraiobideak, errepideak, ekipamendua… Bi adarretan oinarritzen da inbertsio hau: alde batetik Diputatuak agertutako asmoan, hots, EAEko laugarren hiria izateko asmo horretan. Baina baita ere urteetako bazterketa betetzeko saiakeran. Debagoienean industrialdeak baino sustatzen ez ziren bitartean, gainerako eskualdetan ikaragarriko ahaleginak egin dira beste hain bat arlotan. Garraio aldetik desegituratutako eskualde bat, kultur ekipamenduak desagertzen ikusi dituena (Espaloia, gure birikia!)… Ez da jendearen exigentzia maila herritarrak beste eskualde batzuetan bizitzera eraman dituena.
Legegintzaldi honetan Diputatu Nagusia hamaika aldiz etorri da bailarara, sekula bere karguko beste inor baino gehiagotan. Ez inauguratzera edo obrak ikuskatzera bakarrik: seme-alaben onerako aginduak ematen dituen aita zuzenak moduan, iruditu zaionean errietan ere egin du. Eta bisita guztietan, argazkia atera du. Harriak ipintzen, eraikinak bisitatzen, hitzaldiak ematen ikusi ahal izan dugu. Diputazioaren asmoa Debagoienean lanak egitea izan baita, baina baita ere hori saltzea. Herritarrok kontura gaitezen zenbat lan egiten duten guregaitik eta guretzako, zenbat arreta merezi diogun Donostiako hurruneko osabari. Politikarien lana, bikoitza baita: ekin lehenik, saldu gero. Eta ez beti orden horretan.
